Jaurlaritzak 12.000 milioi euroko balioa eman dio Gizarte Segurantza eskuratzeko lehen proposamenari

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak berretsi du gobernua transferentzia egiteko proposamen zehatz batean ari dela lanean, eta 2025eko amaierarako nahi duela Gasteizen.

Victor Angel Torres ministroa eta Maria Ubarretxena, Madrilen, uda honetan. ANITA DE CHIRICO / EFE
Victor Angel Torres ministroa eta Maria Ubarretxena, Madrilen, uda honetan. ANITA DE CHIRICO / EFE
xabier martin
2024ko irailaren 24a
16:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesen eta Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezen arteko bilerak azkartu egin du Gernikako Estatutuan jasota dauden eskuduntzak Euskal Herriratzeko prozesua. Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak esana zuen Gizarte Segurantzaren transferentzia egiteko «proposamen zehatz bat» jorratzen ari direla exekutiboan, eta, gaur, esan du urtean «12.000 milioi euroko kostua» lukeela egin duten kalkuluaren arabera.

Datorren asteazkenean, urriaren 2an, bilera bat egingo dute Ubarretxenak eta Arcadi Españak, Espainiako Gobernuko Estatu idazkariak. Urria amaitu baino lehen, lehen aldiz, Aldebiko Lankidetza Batzordea egingo dute, Ubarretxenak berak legealdiko ardatzak aurkezteko egin zuen agerraldian aurreratu zuenez. Espainiako Gobernuak dagoeneko Jaurlaritzaren proposamen bat du mahai gainean, sei eskumen eskualdatzeari buruz. Eskumen horien artean honako hauek nabarmendu dituzte: itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa, atzerritarren lanerako hasierako baimenak, itsas salbamendua eta meteorologia.

Baina, Pradalesek Madrilen gogoratu zuenez, Gernikako Estatutuak beste zenbait eskuduntza ere jasotzen ditu, oraindik bete ez direnak —zailenak, alegia—, eta Jaurlaritzak «ez diela uko egiten horiei». Gizarte Segurantzaz aritu zen lehendakaria, baita portuei eta aireportuei buruz ere; eta gogorarazi zuen transferentzia horiek guztiak eginda beharko luketela 2025eko amaierarako, PSOErekin egindako inbestidura akordioari jarraikiz.

Bada, Jaurlaritzak martxan jarri du prozesua Gizarte Segurantzarena egin dadin. Jasotzeko dituen 29 transferentzietako bat baino ez da pentsioak kudeatzeko eskuduntza, baina balio sinboliko handia dauka, sarritan «ezinezkotzat» jo baitute Espainiako sektore askok, eskuinak eta eskuin muturrak esaterako, baina baita UGT eta CCOO sindikatuek ere. Transferentzia hori egitearen aurkakoek behin eta berriro esan dute «kutxa bakarra hautsi» egingo litzatekeela. Ubarretxenak gogora ekarri du Gernikako Estatutuan jasota dagoen eskumena dela: «Badakigu eskumen konplexua dela, eta denbora beharko dela. Horregatik, saiatzen ari gara horretan lan egiten eta aurrera egiten. Konplexua izan arren, ez diogu uko egingo».

Ubarretxenak gehitu du modu diskretuan ari direla lanean eskumen aldaketa hori ere gerta dadin, eta gogorarazi du EAJk itun bat daukala PSOErekin Sanchezen inbestiduraren harira, eta 2025eko amaierarako «estatutuaren karpeta itxi» nahi duela.

Hamalau hilabeteko epea

Horiek horrela, Ubarretxena Lurralde Politikako Estatu idazkariarekin elkartuko da datorren asteazkenean. Victor Angel Torres ministroaren taldeari proposamen zehatza aurkeztuko dio urtea amaitu aurretik. Jeltzaleen bost botoen truke, Sanchezek Gernikako Estatutu osoa betetzeko konpromisoa hartu zuen, bi urteko epealdian. Bada, Gasteizen ari dira lana aurreratzen, transferentzia zailena dirudien hori ere eskualdatua egon dadin 2025eko amaierarako. Hamalau hilabete baizik ez dira falta horretarako.

Zailtasunak espero dituzte eragileek; izan ere, Sanchezen gobernuak jada esana du «teknikoki oso zaila» dela, baina negoziatzeko prest dago. Jaurlaritzak eskuduntza hori hartu, eta leihatila bakarraren bidez kudeatu nahi ditu arabarren, bizkaitarren eta gipuzkoarren pentsioak. Azaldu dutenez, zerbitzu horrek 12.000 milioi euroko balioa luke, Gasteizen landutako lehen proposamen baten arabera; baina kopuru hori betiere Espainiako Estatuko kutxatik aterako litzateke, hau da, kutxa bakarretik. Gainera, 12.000 milioi euro horietatik gorakoa litzateke aurrekontu osoa, langileen eta eraikinen transferentziak ere gehitu beharko direlako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.