Eusko Jaurlaritzak erabaki du 18 eta 35 urte arteko gazteei alokairurako diru laguntzak emateko Gaztelagun programa indartzea. Bi aldaketa nagusi iragarri dituzte: gehienezko diru sarrerak igo dituztenez, gazte gehiagok izango dute laguntza eskuratzeko aukera, eta denbora gehiagoan jaso ahal izango dute. Horretarako, 7,6 milioi euro bideratuko dituzte programara, eta egiturazko programa bihurtuko da, pilotu izateari utzita.
Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak eman zuen nobedade guztien berri, atzo, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian. Hasteko, diru sarreren muga igo dute. Laguntza bakarrik eskatzen dutenen kasuan, urteko diru sarreren muga 18.000 eurotik 24.500 eurora igo dute; familien kasuan, 24.500etik 30.000ra; eta familia ugariak direnean, 28.000 eurotik 32.000ra. Gehienez jaso ahal izango duten kopurua ere igo dute: lehen, hilean 250 euro eskura zitzaketen gehienez; orain, 275. 2022an dagoeneko horrela egin dute.
Denbora muga ere aldatu dute: orain arte gehienez hiru urtean jasotzen zuten laguntza gazteek, baina aurreratzean 36 urte bete arte izango dute aukera. Gainera, orain arte gutxienez urtebetean etenaldirik gabe Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan bizi behar zuten, eta orain nahikoa izango da sei hilabetean bizitzearekin.
Gazteek alokatuko duten etxearen gehienezko errenta ere igotzea erabaki du Jaurlaritzak. Hain zuzen, Gasteizen, Bilbon eta Donostian, hilean gehienez 775 euroko etxe bat alokatu ahal izatetik 800 eurokoa alokatu ahal izatera igaroko dira. Mantendu egingo dute gainerako herrietan: alokairuak gehienez 750 eurokoa izan beharko du Bilboko eta Donostiako metropoli guneetan eta 10.000 biztanletik gorako udalerrietan, eta 675 eurokoa beste herrietan. Halaber, Jaurlaritza gehienez errentaren erdia ordaintzetik %60 pagatzera pasatuko da. Gaur egun, 2.694 laguntza daude aktibo, eta abian jarri zenetik 4.000 gazte inguruk jaso dute laguntza.
AHTaren Bilboko sarrera
Gobernu kontseiluak oso bestelako neurri bat ere hartu du. Eusko Jaurlaritzak baimendu egin du Espainiako Gobernuak AHTaren Bilbo-Abandoko geltokira sartzeko korridoreko lanak kudeatzeko agindua Jaurlaritzari ematen dion hitzarmena sinatzea. Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Estatuko Administrazio Orokorrak eta Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak izenpetuko dute akordioa. Bertan jasoko dute Jaurlaritzaren ardura izango dela proiektua, eta Zaratamo (Bizkaia) eta Bilbo erdigunearen arteko tunelaren obrak egitea.