Etxeratze agindurik ez, baina kalean jende taldeak elkartzeko debekua bai. Horixe arautzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrentzat: gaur gauetik hasita, gauerditik 06:00etara arte bizikideak soilik elkartzen ahalko dira kalean; gainontzeko jendea, ez.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan COVID-19aren izurria kontrolatze aldera neurriak ebazten dituen Labi batzordearen bilera teknikoa egin zuten atzo. Jakina zen neurri berriren bat ebatziko zutela, eta iluntzean jakinarazi zuten; baita dekretu bidez onartu ere. Orain arte hartutako neurriak mantentzea erabaki du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta horri gehitu dio neurri berria: gauerditik 06:00etara bizikideen topaketak bakarrik onartuko dituzte kalean, bihar gauerditik aurrera. Hala, ezingo dira jende multzoak elkartu espazio publikoetan, gauez. Udalei eman die araua kudeatzeko langintza.
Era horretan, jai giroko jende topaketak ez egitea dute helburua, egunotan kasuetan egon den igoeraren sorburua halako topaketetan dagoela uste baitute adituek. Jaiak bertan behera utzita daude berez, baina jaietako egunen bueltan izan dira jende pilaketak hainbat tokitan, eta horien ondoriozko kasuen goraldiak ere bai. Arauak espresuki aipatzen ditu parkeak, lorategiak, hondartzak, kirolguneak, portuak eta kostaldeko pasealekuak.
«Maskara eta maskara»
Azken bi asteetan koronabirusaren pandemiak izan duen hedatze azkarraren aurrean, berriro ere zuhurtziarako deia egin zuen atzo eguerdian Iñigo Urkulluk, egindako adierazpenetan. Zuhurtzia hori errealitatera eramaterakoan hitz bakar batean laburbildu zuen: «Maskara, maskara eta maskara».
Gasteizen egiten ari diren ikastaro batzuetako ikasleak eta arduradunak jaso zituen Urkulluk lehendakaritzan, eta han azaldu zuen kutsatzeen gorakada «birusaren aldaera kutsakorrago» baten ondorio dela. Urkulluren arabera, egoera horren ahulguneetako bat da «maskararik gabeko harremanen ondorioz» etorri dela gorakada hori. Horri aurre egiteko indargunea maskara jartzea den heinean, pandemia honen ikur nagusi bihurtu denaren aldeko aldarria egin zuen. Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilaria, berriz, kezkatuta azaldu da intzidentziak nabarmen gora egin duelako. Haren esanetan, «batik bat» udalekin ari dira lanean. Oraingoz ez da neurririk hartuko, baina ez da baztertzen toki zehatzetan murrizketak ezartzea: «Egoera kontrolatzeko beharrezkoak diren neurri arinenak izango dira, eta ahalik eta ondorio sozial eta ekonomiko txikienekoak».