Fracking Ez plataformak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzaren menpeko SHESA enpresa publikoak putzu batetik gasa erauzteko baimena eskatu duela. Fracking-a ez, baizik eta ohiko teknikak erabiliko dituela agindu du enpresak eskaeretan. Baina mesfidati agertu da mugimendua. Nabarmendu du aldez aurretik modu hori erabili zutela, eta porrot egin zutela.
Fracking Ez mugimenduaren arabera, Subilla-Gasteizen kokatutako Armentia-2 putzua du jomugan SHESAren baimen eskaerak. Hau da, azken urteotan haustura hidraulikoa erabiltzen saiatu diren toki bera. Fracking-a ez dutela erabiliko azaldu du enpresa publikoak aurkeztutako txostenak, baina mugimenduak zalantzan jarri du: «Duela hogei urte saiatu ziren gasa lortzen ohiko bideekin, eta huts egin zuten. Harrezkero, SHESAk haustura hidraulikoa babestu du gasa erauzteko». Bi tekniketan harriak hautsiz erauzten dute gasa. Ohiko metodoak naturalki sortutako hausturak erabiltzen ditu; ezohikoak, aldiz, artifizialki sortzen ditu, ur presioaren bidez.
Arantza Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak aurretik esandakoak nabarmendu dituzte plataformakoek: haustura hidraulikoak ez daukala berme ekologiko nahikoa. Hala ere, mugimendua kritiko agertu da hitz horien eta azken erabakiaren arteko loturarekin: «Fracking-a erabat baztertu dela ulertu behar dugu? Edo putzu konbentzional hau fracking-a berreskuratzeko lehen pausoa da, herriaren erantzuna txikiagoa denean?».
Plan horiei aurre egin behar zaiela adierazi du Fracking Ez taldeak. Bilerak egingo dituzte hainbat erakunde, alderdi eta sindikaturekin, datozen egunetan. Bestalde, gizarteari honen berri emateko batzar irekiak antolatuko dituzte. «Mugimendu berri bat martxan jartzea da helburua, plan berriak gaitzetsiko dituena eta babes sozial zabalekoa».
Jaurlaritzak gasa erauzteko baimen bat eskatu du
Eskakizunean agindu du ez duela haustura hidraulikoa erabiliko. Fracking Ez mugimenduak zalantzan jarri du, «aurretik eginikoak ikusita»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu