Jaurlaritzak gaitzetsi egin du gerra «gatazkak ebazteko bide gisa erabiltzea»

Turtziozen egin dute asteroko bilera, Agirre lehendakariaren gobernua han ezarri zenetik 85 urtera. Frankisten altxamendu militarra eta diktadura arbuiatu dituzte

Jaurlaritzako kideak, atzo, Turtziozen. BERRIA.
gotzon hermosilla
2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak Turtziozen (Bizkaia) egin du Gobernu Kontseiluaren aste honetako bilera; hala, gomutan hartu nahi izan du Jose Antonio Agirre lehendakaria buru zuen gobernua ere han ezarri zela duela 85 urte, armada faxistak Bilbo hartu ostean. Urteurren horren harira, Jaurlaritzak adierazpen bat onartu du «legez eratutako Errepublikaren erregimenaren aurkako altxamendu militarra» gaitzesteko eta «gatazkak ebazteko baliabide gisa indarra erabiltzea» arbuiatzeko.

Gerra garaiko Jaurlaritzak 1937ko ekainaren 16an egin zuen azken bilkura Bilbon. Hiru egun geroago, armada faxista Bilbon sartu zen, eta Jaurlaritzako kideek ihes egin behar izan zuten handik, milaka eta milaka herritarrekin batera. Behin-behinean, Jaurlaritza Turtziozen egokitu zen, Bizkaiak Espainiarekin duen mugatik oso gertu, eta La Puente jauregia hartu zuen egoitzatzat. Laster Hego Euskal Herriko lurralde osoa frankistek okupaturik egongo zela jakinda, Agirrek adierazpen bat egin zuen ekainaren 30ean: «Lurraldea konkistatuko dute; Euskal Herriaren arima, ordea, ez. Gure gurasoen lurra berreskuratzeko itzuliko gara».

Gertaera historiko horiek gogoratzeko, Jaurlaritzak Turtziozen egin du asteroko bilera, La Puente jauregian, duela 85 urte Agirreren gobernuaren egoitza izandakoan. Eta, bilkuran, adierazpen instituzional bat onartu du, faxisten altxamendua gaitzetsi eta gatazka armatuen inguruko bere jarrera finkatzeko.

Elkarrizketaren alde

Adierazpenean, Jaurlaritzak «gerra oro» gaitzetsi du, eta, horrekin batera, «horren azalpenik berriena, Errusiaren Ukrainako inbasioa». Halaber, «indarkeriarik eza, elkarrizketa, multilateralismoa eta giza eskubideen defentsa» eskatu ditu nazioarteko harremanen oinarrizko printzipio gisa.

Frankismoaren kontra aritu ziren gudari eta milizianoei omenaldia egin die Jaurlaritzak adierazpenean, eta, horrekin batera, bakearen, askatasunaren, demokraziaren, autogobernuaren, gizarte justiziaren, errespetuaren eta elkarrizketaren balioak berretsi ditu bere jardueraren printzipio gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.