Eusko Jaurlaritza ez da gai gizarte larrialdietarako laguntzetarako diru gehiago jartzeko, hala adierazi du Juan Mari Aburto Gizarte Politikarako sailburuak. Gizarte larrialdietarako 17,3 milioiko diru saila amaitu egin da, baina Jaurlaritzaren aurrekontuak ez du diru gehiago jartzeko aukerarik ematen, sailburuaren hitzetan.
Horrela erantzun dio Aburtok Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak uztailean bidali zion gutunari. Udalak diruz hornitzeko eskatu zion Eudelek sailburuari. Erakundearen aburuz, haiek jada ez dute herritarren beharrak asetzeko bezainbeste baliabide. Eudelek diru gehiago eskatu du gizarte larrialdietarako laguntzetarako; Jaurlaritzak ezezkoa eman du.
Aburtoren hitzetan, ez da arraroa urtea amaitu aurretik diru lagutzak amaitzea; beste urte batzuetan ere gertatu da gauza bera. Hala ere, aurten, Jaurlaritzak ezin du lagundu; ez du diru saila zabaltzeko bezainbeste baliabide, haren hitzetan.
Sailburuak jakinarazi du gobernuak 1.200 milioi euro gutxiago dituela aurten eta, hala ere, Jaurlaritzak ez duela murrizketarik egin gizarte larrialdietarako laguntzetarako diruan: «Bere horretan eutsi diegun bakarrenetakoak izan dira laguntza horiek».
Gainera, Aburtoren hitzetan, gizarte larrialdietarako diru languntzak ez ditu legeak bermatzen, ez dira derrigorrezkoak: «Aurrekontuaren arabera zehazten dira laguntza horiek». Gogora ekarri du laguntza horiek behar jakinetarako direla, eta familiek hilero jasotzen dituzten laguntzak ez dituztela eten.
Eudel ez dago ados
Eudelek, berriz, ez du ulertzen Jaurlaritzaren jarrera: gizarte larrialdietarako laguntzak eskatzeko baldintzak malgutu ditu, jende gehiagok horiek eskatzeko aukera izan dezan, baina orain ez du diru gehiago jarriko behar horiek asetzeko.
Sailburuak azaldu du beste urte batzuetan udalek osatu dituztela diru laguntzak, euren aurrezkiekin. Hala ere, esan du badakiela egun udalek zailtasunak dituztela gastu horiei aurre egiteko. Gasteizko eta Donostiako udalek, adibidez, gastatu dute herritarren artean banatzeko emandako diru laguntza; Bilbok amaitzear du diru kopurua. Hiriburuetan, bederen, ez dago urtea amaitzeko bezainbeste diru. Gasteizko Udalak datorren astean egingo du bilera bat, laguntza horiek udalaren diruarekin ordaindu daitezkeen erabakitzeko.
LABek salatu du «onartezina» dela Eusko Jaurlaritzak esatea ez dela derrigorrezkoa laguntza horiek ematea. LABen ustez, bermatu egin behar da diru hori, «oinarrizko beharrizana» baita. Sindikatuak eskatu du pertsonak lehenesteko eta bitarteko ekonomikoak jartzeko, behar larrienei aurre egiteko.
Jaurlaritzak ezin du jarri gizarte larrialdietarako diru gehiago
Udal askok ezin dituzte herritarren beharrak ase, eta Eudelek diru saila zabaltzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu