Ertzaintza

Jaurlaritzak ez du neurririk hartuko ETBn Blue Lives Matterren elastikoarekin agertu zen ertzainaren aurka

AEBetan eskuin muturraren sostengua duen mugimendu horrek «Ertzaintzaren kode deontologikoan ezarritakoa urratzen» duenik ezin dela baieztatu erantzun dio Josu Erkorekak EH Bilduk Legebiltzarrean eginiko galderari.

Gontzal Viaga ertzaina 'Blue Lives Matter' leloa duen jertsearekin, 'Baserria' saioan. EITB
Edu Lartzanguren.
2021eko apirilaren 19a
19:41
Entzun

Honoring Courage; Blue Lives Matter (Ohore adoreari; Bizitza Urdinek Axola Dute) leloa duen jertse bat soinean zuela agertu zen Gontzal Viaga Rodriguez lehiakidea ETB1eko Baserria lehiaketan, martxoaren 14an. Ika mika eragin zuen horrek, Blue Lives Matter mugimendua eskuin muturraren sostengua duelako AEBetan, eta haren ikurrak neonazien manifestazioetan eta Kapitolioaren erasoaren testuinguruan agertu direlako.

Julen Arzuaga EH BIlduko legebiltzarkideak galdera egin zion Eusko Jaurlaritzako Barne Sailari, Viagak Ertzaintzaren kode deontologikoa urratu ote zuen eta haren kontrako neurriak hartuko ote zituzten jakiteko. Josu Erkoreka Jaurlaritzaren eledunaren erantzuna gaur zabaldu du Arzuagak: «Segurtasun Sailak ez du inolako neurririk hartu zuk aipatutako ertzainaren inguruan; izan ere, ezin da baieztatu Blue Lives Matter erakundeak, polizia erretiratuen elkartea den aldetik, kode deontologikoan ezarritakoa urratzen duten balioak ordezkatzen dituenik».

Blue Lives Matter mugimendua 2014an sortu zuten hiru poliziak, New Yorken Rafael Ramos eta Wenjian Liu agenteak hil ondoren. Ismaaiyl Abdullah Brinsley gizon beltzak hil zituen Ramos eta Liu, eta, adierazi zuenez, atxilotuta zeudenean hildako Eric Garner eta Michael Brown mendekatzeko egin zuen erasoa. Poliziaren indarkeria salatzeko taldeen kontrako mugimendu gisa definitzen dute Blue Lives Matter. Geroztik, mugimenduak lan egin du poliziak hiltzen dituztenei gorroto delitua ezar diezaieten.

Azken hilabeteotan, AEBetako kaleetan eta sare sozialetan asko ikusi dira horren ikurrak eta leloak, Black Lives Matter mugimenduaren kontrako manifestazioetan, eta eskuin muturrekoen, arrazisten eta neonazien elkarretaratzeetan; besteak beste, Charlottesvillen 2017an Eskuina Batu manifestazioan. Horretan, neonazi batek autoarekin apropos harrapatu zituen manifestari antifaxistak: emakume gazte bat hil, eta beste 28 pertsona zauritu zituen.

Horrez gain, Blue Lives Matterren banderak asko ikusi dira Trumpen aldeko ekitaldietan, besteak beste Kapitolioaren aurkako erasoan, aurtengo urtarrilaren 6an.

Hurrengo astean, Gaztea irratiko Gu saioan elkarrizketatu zuten Viaga Rodriguez, eta The Legend Chris Kyle (Chris Kyle legenda) idatzita eta garezur eta arma bat agertzen diren elastikoa jantzita eraman zuen. Chris Kyle frankotiratzaile eta militar estatubatuarra izan zen, eta ezaguna da Ameriketako Estatu Batuetako armadaren historian izandako frankotiratzailerik hilgarriena izateagatik: gutxienez 150 pertsona hil zituen.

Martxoaren 17an, gertaeraren inguruko galderak egin zizkion EH Bilduk Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiari. Hil horretako 30ean eginiko administrazio kontseiluan Aldekoak esan zuen ETB1eko Baserria saioko arduradunek ez zekitela Gontzal Viaga lehiakideak jantzita zeraman jertseak zer esan nahi zuen. Horren harira, Aldekoak iragarri zuen areagotu egingo zutela kontrola saioetako gonbidatuek gai politikorik eraman ez dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.