Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak adierazi du oraingoz ez dutela erabakirik hartuko otsailaren 1ean Donostiako Manterola kalean izandako gertakarian parte hartu zuten Ertzaintzako agenteen egoeraren inguruan: «Uste dut ezin dugula erabakirik hartu seguru jakin arte gauzak ondo edo gaizki egin ziren». Emakume batek salaketa jarri du ertzain horien kontra, eta esan agenteen erasoaren eraginez Donostia ospitaleko ZIUan ospitaleratu zutela. Zupiriak aitortu duenez, emakumearen osasun egoera «delikatua» da oraindik ere. Zupiriak berak Eusko Legebiltzarrean premiazko agerraldi bat egiteko eskatu du, kasuari buruzko azalpenak emateko.
Ikusi gehiago
Zupiriak adierazi du otsailaren 3rako bazuela gertaeraren berri. Halere, ez da ezagutarazi orain arte, hau da, harik eta Kolonbiako El País egunkariak Karen Daniela Agredo Palacioren salaketaren ingurukoak argitaratu arte, oinarri hartuta haren senideen adierazpenak eta Donostiako Udaltzaingoan jarritako salaketa. Agredok salaketan zehaztu duenez, bere bikotekideak eta beste gizon batek izandako istiluaren ostean, ertzainek bikotekidea atxilotu zuten, eta, Agredo hori eragozten saiatu zenean, agenteetako baten bultza egin zion. Horren ondorioz, buruarekin lurra jo zuen, eta konortea galdu. Salatu du lurrean zela kolpe gehiago hartu zituela, eta konorterik gabe eraman zutela polizia etxera. Ordu batzuk geroago ospitalera eraman zuten, gorputzaren ezkerreko zatia paralizatuta: «burmuineko edema bat» eta «hematoma intraparenkimatoso bat» izan zituen.
Zupiriak esan du Segurtasun Sailaren ardura dela hala ertzainentzat «ahalik eta baldintza onenak» bermatzea nola «esku hartze guztiak ezarritako prozeduren arabera garatzea». Eta azken betebehar horri erreferentzia eginez, zehaztu du «giza eskubideak errespetatuz» egin behar dela. Hala, sailburuaren esanetan, Segurtasun Sailak interes handia du argitzeko zer gertatu zen Manterola kalean eta polizia etxean, eta zehaztu du aferaren inguruko hiru ikerketa daudela martxan: «Uste dut irekita dauden prozesu horiek guztiek auzia argitzen lagunduko digutela».
Horietako bat Ertzaintzak berak martxan jarritako barne ikerketa da. Sailburuaren esanetan, biharamun goizean hasi zuten barne ikerketa: «Biharamun goizean, Ertzaintzaren Gipuzkoako arduradunek goizaldean gertatutakoaren berri izan zutenean, abian jarri zuten kasua berrikusteko barne prozedura, eta ikerketa bat abiatu, jakiteko ezarritako prozesuetara egokitzen ote den».
Era berean, baieztatu du Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeari ere eman diotela kasuaren berri. Hari dagokio zehaztea protokoloak bete ote ziren eta herritarren eskubideak urratu ote ziren. Azkenik, Agredok jarritako salaketa ere bada tartean.
«Erresistentzia»
Zupiriak ez du xehetasunik eman ikertzen ari diren horren inguruan, baina adierazi du agenteen aurkako «erresistentzia eta eraso» batengatik atxilotu zutela emakumea. Agredok adierazitakoaren arabera, baina, behin ospitaleratuta, Ertzaintzako agenteek adierazi zioten ez zegoela atxilotuta.
Hain zuzen, hori eta gertakariaren inguruko beste afera batzuk argitzeko eskatu dio EH Bilduk sailburuari, idatzizko zenbait galderaren bidez. Izan ere, Agredok adierazi du atxilo hartu eta komisariako ziega batean izan zutela ondoezik, zenbait orduz. Jo egin zutela zehaztu du, eta gainean pixa egin ostean agenteek arropa aldatu ziotela, ospitalera eraman aurretik. Zupiriak, baina, ez dio erreferentziarik egin salaketaren arabera agenteek erabilitako indarkeriari, ezta polizia etxean gertatutakoei ere.
EH Bilduk egin bezala, Sumarrek ere Zupiriarentzako zenbait galdera aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean. Alba Garcia Sumar Mugimenduko idazkari nagusiak adierazi duenez, erantzukizuna nori dagokion argitzea eta justizia egitea da orain helburuak. Hala, sailburuari galdetu diote ea noizko espero duten barne ikerketa ebaztea, eta eskatu diote protokoloen inguruko xehetasunak emateko.
Sumarren ustez, gertatutakoa ez da salbuespen bat, eta salatu du «emakume arrazializatu baten kontrako bortizkeria polizialeko kasu bat» dela. Hala, eskatu dute jakinarazteko halako auziei lotutako zenbat barne ikerketa ireki dituen Ertzaintzak azken bost urteetan. Zupiriak legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordeari eskatu dio premiazko agerraldia.