Azkarateren arabera, LTDko tokiko kateen ezarpena «funtsezko tresna izango da euskararen normalizazioan», Eusko Jaurlaritzak datorren urtean onartuko duen dekretuaren atal batzuei esker. Eusko Jaurlaritzak dekretuaren zirriborroa du. Zuzenketak aurkezteko epea zabalik izango da datozen bi asteetan. Asmoa da dekretua urtarrilean onetsi, eta, gero, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 15barrutitan lizentziak emateko lehiaketari ekitea.
Euskaraz izatea sarituko dute esleipenetan
Azkaratek zirriborroaren ezaugarri nagusien berri eman zuen atzo goizean, Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzan propio egindako prentsaurrekoan. Hizkuntz irizpide ezberdinak erabiliko dira kate motaren arabera, baina telebista guztiek euskara dela-eta «erantzun egokia» eman beharko dutela esan zuen, eta euskara «lehentasunezko hizkuntza» izango dela argi utzi beharko dutela.
Udalerriek bultzatutako telebistak badira, Eusko Jaurlaritzak ziurtatu nahi du guztiek euskaraz emitituko dutela gutxienik programazio osoaren %50 hemendik hamar urtera, lizentzia bukatzen denean. Batez besteko horretatik gora eskaini ahal izango du hala nahi duenak.Ekimen pribatuek kudeaturiko kateekin beste era batera jokatuko da, egitasmo ororen elebitasuna ziurtatze aldera: gaztelania hutsezkorik ez da izango, eta, bai, ordea, euskara hutsezkoak, horretarako proiekturik aurkeztuz gero. Gutxieneko maila zehazteko, eskualde bakoitzeko euskaldun kopuruari eutsi beharko zaio kasu guztietan.Kultura Sailak jarritako hizkuntz irizpideen arabera, kateek«arian-arian» egin ahal izango dute bidea; izan ere, hamar urteko epe-muga ezarri da. Nolanahi ere, Azkaratek Parlamentuko agerraldian nabarmendu zuenez, euskara hasieratik hartuko da aintzakotzat: «Euskararen presentzia sarituko da esleipenak egiterakoan».Hizkuntz irizpideak aparte, Eusko Jaurlaritzak beste helburu batzuk betearazi nahi ditu kate digitalen ezarpenaren bitartez: «Telebistetan kalitateko eskaintza askotarikoa eta hurbiltasuna oinarri duen zerbitzu publikoa emango da». Halaber, bertako ekoizpenak eskaintzen direla bermatuko da. Beste alde batetik, sailburuak azpimarratu zuen telebistek ezingo dutela bat egin eta katerik osatu, nor bere proiektuari lotu beharko zaio.
Aralarrek nahi du lautik bat euskara hutsean izatea
Aralarrek dekretuak «onura batzuk» ekarriko dituela aitortu zuen atzo plazaratutako prentsa oharrean, baina kritiko samar agertu zen zirriborroak euskara hutsezko emisioak ez ziurtatzeagatik. «Lau lizentziatik bat euskaraz emititzeko gorde beharko litzateke», aipatu zuen Ezenarrok Legebiltzarrean. Ildo horretan, datorren urteko aurrekontuan euskaraz emitituko duten tokiko telebista digitalak sustatzeko diru baliabideak sartzeko eskatu zuen.
Aralarreko kideak ohartarazi zuen inguruetako euskaldun kopuruaren araberako irizpideak kalte egingo diela, adibidez, hiztunen batez besteko handia ez baina kopuru absolutuan euskaldun asko dituzten hirigune batzuei; Bilboren kasua izango litzateke. Beste alde batetik, hamar urteko epea luzeegia dela uste du.
Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren zirriborroa
Eusko Jaurlaritzak dekretuaren zirriborroa prestatu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako tokiko telebista digitalak arautzeko. Ezaugarri nagusiak hauek dira:
Kate motak
Udalek bultzatutako telebistak: Udalek lehentasuna izango dute kateak sortzeko, baina bi aldiz agertu beharko dute katea ezartzeko asmoa. Legediak dio kate bat gordeko dela udalerrientzat, eta, behar izanez gero, beste bat ere bai. Barrutiz barruti udalek elkartu eta elkarrekin telebistak kudeatzeko aukera izango dute. Udaletako eskaerarik ez badago, udalen kateak ekimen pribatuak erabili ahal izango ditu. Eskaera egin dute Gasteiz, Getxo, Barakaldo, Portugalete, Santurtzi, Donostia, Andoain, Usurbil, Errenteria, Oiartzun, Zarautz, Orio, Azkoitia, Azpeitia, Zumaia eta Eskoriatzako udalek.
Bestelakoak: Ekimen pribatuak ere sustatu ahal izango ditu bere proiektuak. Irabazi asmorik gabeko elkarteei ere onartu zaie esleipenetan parte hartzea.
Edukiak
Programazioa: Gutxienez egunean 4 orduz kate bakoitzean landutako programazioa eman beharko da,eta astean 32 orduz. Igorriko diren saio guztien erdia kate bakoitzak landutakoak behartuko da eta horietan derrigorrez sartu beharko da dagokion barrutiari buruzko argibidea.Katean landutako edukiak egunez eskaini beharko dira eta gutxienez ikus-entzule gehien duten orduetako programazio denboraren laurden bat bete beharko dute. Euskal egile eta abeslarien lanek emisio-denbora osoaren %10 hartu beharko dute.
Euskara
Udalek kudeatutako telebistak: Irizpide nagusia da telebista guztiek gutxienez programazioaren erdia euskaraz ematea hamar urte barru,lizentzia amaitzean. Euskaldunen indizea %25etik beherakoa duten barrutietan bermatu beharko dute emisioaren hasieran %25 euskaraz igortzen dutela baina %50era heldu beharko dute hamar urteko epean, lizentzia amaitzean. Indizea %25etik gorakoa den tokietan bermatu beharko dute programazioaren erdia euskarazkoa dela emisioaren hasieran, eta, gero, dagokion mailara ailegatu beharko dute hamar urteko epean.
Alor pribatuak kudeatutakoak: Irizpide nagusia izango da bermatzea guztiek euskaraz igortzen dutela gutxienez ezarrita dauden eremuko euskaldunen indizearen pare. Zirriborroak zehaztu du euskaldunen indizea %25etik gorakoa duten barrutietako telebisten kasua: emisioaren hasieran bermatu beharko dute euskararen presentzia euskaldunen indizearen %70 dela, eta hamar urtean, osotasuna bete beharko dute.