Jaurlaritzak ez du uste Aiara eta Amurrio arteko eguzki parkearen proiektuak «eragin negatibo nabarmenik» izango duenik

Gobernuak FV Igebelar Solar egitasmoaren ingurumen eraginari buruzko txostena argitaratu du. Proiektu horren sustatzaileek 6.692 eguzki plaka jarri asmo dituzte.

Eguzki parke bat, Erriberabeitian
Eguzki parke bat, Erriberabeitian. DAVID AGUILAR / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko otsailaren 11
10:19
Entzun

Eusko Jaurlaritzak argitara eman du Aiarako eta Amurrioko (Araba) lurretan egin asmo duten eguzki parkearen ingurumen eraginari buruzko txostena. EAEko aldizkari ofizialean gaur argitaratu dutenez, gobernuak ez du uste Ventaja Solar 8 enpresaren FV Igebelar Solar egitasmoak «eragin negatibo nabarmenik» izango duenik.

Jaurlaritzaren ebazpenak zenbait babes eta zuzenketa neurri ezartzen ditu, «proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan», eta ez dadin beharrik izan Igebelar Solar proiektuaren ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko. Neurri horien artean daude natura ondarea, landa ingurunea, eta paisaia eta kultura ondarea babesteari begirakoak eta zarata gutxitzea helburu dutenak, besteak beste. Enpresa sustatzaileak neurri horiek txertatu beharko ditu proiektuan ingurumen eraginari dagokion baimena jasotzeko.

Azpiegitura eraikiko balitz, eguzki energia ekoizteko 6.692 plaka izango lituzke, eta 3,4 megawatteko potentzia. Proiektuan zehaztutakoaren arabera, parkea Amurrioko herrigunetik kilometro erdira egongo da gutxi gorabehera, herriaren mendebaldean, eta Aiarako eremu bat ere hartuko du. Guztira 3,83 hektarea izango ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.