Gaur ere iritsi da AHTaren lotunearen eztabaida Eusko Legebiltzarrera. Iruñetik Gasteizerako loturak Ezkiotik (Gipuzkoa) pasatu behar duen edo ez da eztabaidaren muina. Amancay Villalba EH Bilduko legebiltzarkideak Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriko sailburuari galdetu dio ea erabakita dagoen AHTaren lotunea non egingo den eta ea Espainiako Gobernuak gai horri buruzko informaziorik eman dion. Garcia Chuecak erantzun dio azterketak egiten ari direla, baina nahi baino luzeago doala dena, eta, besteak beste ETAri egotzi dio luzatze hori. EH Bilduri esan dio ez badu lagundu behar «ez molestatzeko».
Garcia Chuecak ez du aurrerabiderik eman lotuneari buruz, nahiz eta gaur bertan jakin den Espainiako Gobernuari zaila iruditzen zaiola lotura Ezkion egitea. Villalbak galdera egin dio, izan ere, lotuneari buruzko kontraesanak sumatu ditu bai lurraldeetako arduradunetan, bai koaliziokide diren alderdietan ere. Gogora ekarri ditu, besteak beste, Maider Etxebarria Gasteizko alkateak (PSE-EE) eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak (EAJ) Arabako lotunearen alde egindako adierazpenak, eta gero Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Eneko Goiak Donostiako alkateak Ezkioren alde egindakoak. «Ez zarete gai mezu bateratu bat emateko», gaineratu du.
Garcia Chuecak ez du kontraesanik ikusten mezuen artean, izatekotan ere, «iritzi diferenteak» direla esan du. Azterketa teknikoen txostena egiteko dagoen arren, aurreratu du erabakia dena delakoa ere, ez lukeela nahi lurraldeek ulertzea aukera bat hobetsita bestearen kontra egiten denik.
«Gardentasun falta»
Villalbak hainbat datu eman ditu AHTaren kudeaketa kritikatzeko. Besteak beste, proiektuaren abiapuntutik gardentasun falta egon dela esan du. Diru publikoa ere erruz gastatu izana kritikatu du, oraindik proiektuak itxi gabe egonda ere lanak egin baitira. Horren adibide da Ezkioko geltokia egin izana. Hor lau milioi euro gastatu direla gogoratu du. «Lurralde eta alderdi interesak interes orokorraren gainetik jarri dituzue», esan du Villalbak, eta gogoratu du EH Bilduk tren sozialaren alde egiten duela, «askoz ere kostu txikiagoa duelako, ingurumenean halako inpakturik ez duelako eta AHTaren eta tren sozialaren arteko aldea zortzi minutukoa baino ez delako».
Garcia Chuecak erantzun dio sozialak tren guztiak direla, eta AVE Espainiako abiadura handiko trena goraipatu du. AHTaren defentsa sutsua egin du, ardatz atlantikoa mediterraneokoarekin lotzeak duen garrantzia defendatuta. Lehiakortasuna indartuko duela ere esan du, merkantzien eta pertsonen garraioa garatuta. Garcia Chuecak hori esan arren, gauza jakina da AHTak ez duela merkantziarik garraiatuko.
Gainera, ETA aipatu du AHTaren proiektua abiatu zutenetik aurrera egiteko izan dituzten oztopo nagusien artean, eta hark egindako «ekarpen tristeari» egotzi atzerapenaren arduraren zati bat. Villalbari zuzenduta, adierazi dio gauza jakina dela EH Bildu ez dagoela AHTaren alde, eta eskatu dio bere inguruari esateko lagundu behar ez badute «ez molestatzeko».
Aralarretik pasatu edo ez ebazteko azterketa teknikoak behar dira. Inguruko udal ugarik atzeratu dituzte azterketak, eta gaur bertan Espainiako Gobernuak aitortu du azterketa horiek gabe ahal duten heinean aurrera egiten ari direla txostena bukatzeko. Txosten hori ebatzi zain dira erakundeak lotunea zein izango den jakinarazteko.
Legebiltzarrean egin duen hitzaldi horren harira, Garcia Chuecak iragarri du ETS Euskal Trenbide Sareak beste lizitazio bat egin duela Arkautiko loturarako, eta berretsi du Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek konpromisoa duela AHTa bururaino eramateko.