Memoria

Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak memoriaren arloko lankidetza hitzarmena sinatu dute

Aurten, hiru jarduera egingo dituzte elkarrekin; tartean, memoriaren arloko digitalizazioari buruzko jardunaldi bat eta Gerardo Lizarragari buruzko erakusketa bat Bilboko Arte Ederren Museoan

Beatriz Artolazabal sailburua. JAURLARITZA - IREKIA
joxerra senar
2021eko maiatzaren 26a
12:36
Entzun

Aurreko astean, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak iragarri zuen lankidetza hitzarmena izenpetuko zuela Eusko Jaurlaritzarekin, eta gaur goizean sinatu du Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailburuarekin batera. Akordioak jasotzen du bi gobernuak elkarrekin jardungo dutela bost esparrutan: memoria, biktimak, bizikidetza, giza eskubideak eta aniztasuna. Sinadura ekitaldia «berezia» izan dela nabarmendu dute bi kargudunek.

Hala azpimarratu dute bi gobernuetako ordezkariek Bilbon, Gogora institutuaren egoitzan egindako agerraldian. Beharrezkotzat jo dute elkarlanean jarduteko loturak bultzatzea eta bakea eta bizikidetza finkatzeko beharrezkoak diren baldintzak sortuko dituzten programak eta ekintzak sustatzea. Elkarlanerako eremu horien artean daude giza eskubideen errespetua sustatzea, indarkeria orori zilegitasuna kentzea, memoria kritikoa eta biktima guztien egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea.

Artolazabalen arabera, helburu nagusia bizikidetza da. «Bizikidetza horrek esan nahi du indarkeriaren zentzugabekeriaren erabateko deslegitimazioa. Bizikidetza horrek esan nahi du bidegabea izan zela, inoiz ez gehiago. Bizikidetza horrek esan nahi du aitorpena, errespetua, elkarrizketa, enpatia, ezberdin pentsatzen eta sentitzen dutenen arteko interakzio askotarikoak, bakoitzaren ideien eta nortasun sentimenduen kaltetan izan gabe, jakina. Eta XXI. mendeko bizikidetzak aniztasuna ere esan nahi du».

Ollok gogoratu du Nafarroa bakearen eta bizikidetzaren arloko plan estrategikoa lantzen ari dela iragan urtetik, eta, behin onartzen denean, lagunduko duela aniztasunaren errespetuan: «Giza eskubideen urraketak ez errepikatzen eta helburu politikoekin indarkeria erabiltzeari zilegitasuna kentzen lagunduko du».

Memoriaren eremuan,  Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren Memoriaren Nafarroako Institutuaren eta Gogora-ren bidez egingo da elkarlana. Bi erakunde horiek informazioa trukatuko dute, 36ko biktimen inguruan eta DNA bankuaren inguruan, memoria babesteko eginkizunetan, ikerketa proiektuetan. 

Halaber, biktimen arretarako esparruan, elkarrekin arituko dira Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzak eta Nafarroako Gobernuko biktimei arreta emateko bulegoak. Kasu horretan, bi gobernuak partekatu egingo dituzte biktimen arreta osoa emateko zerbitzuak, kalte ordain eta laguntzen inguruko neurriak, ikastetxeetan biktimek euren testigantza emateko hezkuntza programak eta gizartea sentsibilizatzeko jarduerak.

Akordioan, halaber, elkarrekin ekintza jakin batzuk egingo dituztela jasotzen da. Aurten, memoriaren digitalizazioari buruzko jardunaldi bat antolatuko dute, eta 36ko gerrako biktimen datu baseari buruzko ekintza aitzindariak aurkeztu. Gainera, Bilboko Arte Ederren Museoan, erbestean izan zen Gerardo Lizarraga artistari buruzko erakusketa bat egingo dute. Azkenik, enpresa eta giza eskubideen inguruko beste jardunaldi bat antolatuko da. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.