Sinadura ekitaldi «berezitzat» jo dute atzokoa Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailburuak. Hitzarmen bat izenpetu zuten Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren izenean. Akordioak jasotzen du bi gobernuek elkarrekin jardungo dutela bost esparrutan: memoria, biktimak, bizikidetza, giza eskubideak eta aniztasuna.
Bi gobernuetako ordezkariek Bilbon egin zuten agerraldia, Gogora institutuaren egoitzan. Beharrezkotzat jo dute elkarlanean jarduteko loturak bultzatzea eta bakea eta bizikidetza finkatzeko beharrezkoak diren baldintzak sortuko dituzten programak eta ekintzak sustatzea. Elkarlanerako eremu horien artean daude giza eskubideen errespetua sustatzea, indarkeria orori zilegitasuna kentzea, memoria kritikoa eta biktima guztien egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea.
Artolazabalen arabera, helburu nagusia bizikidetza da. «Bizikidetza horrek esan nahi du indarkeriaren zentzugabekeria erabat deslegitimatzea. Bizikidetza horrek esan nahi du bidegabea izan zela, inoiz ez gehiago. Bizikidetza horrek esan nahi du aitortza, errespetua, elkarrizketa, enpatia, ezberdin pentsatzen eta sentitzen dutenen arteko interakzio askotarikoak, bakoitzaren ideien eta nortasun sentimenduen kaltetan izan gabe, jakina. Eta XXI. mendeko bizikidetzak aniztasuna ere esan nahi du».
Aniztasunaren errespetua
Ollok gogorarazi du Nafarroa bakearen eta bizikidetzaren arloko plan estrategikoa lantzen ari dela iragan urtetik, eta, behin onartzen denean, lagunduko duela aniztasunaren errespetuan: «Giza eskubideen urraketak ez errepikatzen eta helburu politikoekin indarkeria erabiltzeari zilegitasuna kentzen lagunduko du».
Memoriaren eremuan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren Memoriaren Nafarroako Institutuaren eta Gogora-ren bidez egingo da elkarlana. Bi erakunde horiek informazioa trukatuko dute, 36ko biktimen inguruan eta DNA bankuaren inguruan, memoria babesteko eginkizunetan, eta ikerketa proiektuetan.
Halaber, biktimen arretarako esparruan, elkarrekin arituko dira Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzak eta Nafarroako Gobernuko biktimei arreta emateko bulegoak. Kasu horretan, bi gobernuek hartuko dute biktimen arreta osoa emateko zerbitzuen ardura, kalte ordainen eta laguntzen inguruko neurriena, ikastetxeetan biktimek euren testigantza emateko hezkuntza programena eta gizartea sentsibilizatzeko jarduerena.
Akordioan, halaber, elkarrekin ekintza jakin batzuk egingo dituztela jasotzen da. Aurten, memoriaren digitalizazioari buruzko jardunaldi bat antolatuko dute, eta 36ko gerrako biktimen datu baseari buruzko ekintza aitzindariak aurkeztuko. Gainera, Bilboko Arte Ederren Museoan, erbestean izandako Gerardo Lizarraga artistari buruzko erakusketa bat egingo dute. Azkenik, enpresa eta giza eskubideen inguruko beste jardunaldi bat antolatuko da.
Foro sozialak txalotu egin du akordioa: «Ezinbesteko urratsa da bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan sakontzeko». Uste du arlo horretako politika «armonizatzeko» balioko duela; betiere lurralde bakoitzeko erritmoak errespetatuta, «premiazkotzat» jo du pausoak ematea.
Jaurlaritzak eta Nafarroak batera sustatuko dituzte memoria eta bizikidetza
Memoria, biktimak eta bizikidetza gaiak jorratuko dituzte. Gogora-k eta Memoriaren Nafarroako Institutuak gidatuko dute elkarlana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu