Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburuak eta Angel Victor Torres Lurralde Politikarako eta Memoria Demokratikorako Espainiako ministroak bilera egin dute gaur Madrilen, eta erabaki dute Lankidetzarako Bitariko Batzordea urria amaitu aurretik batzartuko dela, eman gabe gelditzen diren eskuduntzen gaiari heltzeko.
Batzordea, ordea, ez da hutsetik abiatuko. Aldez aurretik, zenbait lantalde eratuko dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, batzordera eramango duten planteamendua lantzeko. Lantalde horiek abuztuaren ostean ekingo diote lanari.
29 eskumen dira Espainiatik Eusko Jaurlaritzaren eskuetara igaro gabe daudenak, baina Ubarretxenak eta Torresek azaldu dutenez, lehenengo bilera horretan sei eskumen landuko dituzte batez ere. Aurreko agintaldian, Iñigo Urkullu lehendakaria zelarik, Jaurlaritzak eskumen horien inguruko txostenak igorri zizkion Espainiako Gobernuari, eta, beraz, bi aldeek badute gai horietan aurrera egiteko oinarria. Hauek dira eskumenak: kostaldearen kudeaketa, migratzaileen lan baimenak, itsas salbamendua, meteorologia, lan arloko osasuna eta segurtasuna, eta zinematografia babesteko funtsa.
Jaurlaritzak azaldu duenez, Lankidetzarako Bitariko Batzordea «iraunkorra» izango da, eta sei hilabetean behin batzartuko da. Horrek aukera emango du eskualdatzeke dauden eskumenen jarraipena egiteko eta «Euskadiren eta Espainiaren arteko aldebiko gaiak jorratzeko» Imanol Pradales lehendakariaren eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren artean.
Torres ministroarekin batzartu ostean, Ubarretxenak bilera egin du Espainiako Lurralde Politikako estatu idazkari Arcadi Españarekin ere.
Kostaldearena, «funtsezkoa»
Ubarretxenak eskerrak eman dizkio Torresi «erakutsitako prestasunagatik», eta esan du Jaurlaritzarentzat «funtsezkoa» dela kostaldearen kudeaketari buruzko eskumena: «Espero dugu alor horretan akordioa lortzea urtea amaitu aurretik».
Ubarretxenaren arabera, joan den astean Pradalesek eta Sanchezek egindako bilerak eta orain Lankidetzarako Bitariko Batzordea abian jartzeak «bultzada» emango diote «Euskadiren eta Espainiaren arteko harremanari», eta «beste dinamika bat ezartzeko» modua emango dute, «eskumenen transferentziak sustatzeko ez ezik, koordinazioa behar duten eta euskal herritarren interesekoak diren beste hainbat gai jorratzeko ere bai».
Torresek, berriz, nabarmendu du «kogobernantza, elkarrizketa eta lankidetza» izan dituztela ardatz Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko harremanetan.
Sanchezek konpromisoa hartu zuen Gernikako Estatutua osorik betetzeko bi urteko epean. Torresek esan du «ahalegin guztiak» egingo dituztela epe hori betetzeko, baina ohartarazi du «akordioetarako jartzen diren epeak gutxi gorabeherakoak» izaten direla.