Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Eva Ferreira EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea Leioako campuseko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean (Bizkaia) bildu dira gaur, eta adostu dute 2025-2026ko ikasturterako berrogei postu gehiago eskainiko dituztela Medikuntza gradua ikasteko. Osasun sailburuak errektoreari eskatu dio berrogei postu horiek euskaraz ikasteko izan daitezela. Bi erakundeek adierazi dute «lanean» ari direla adostutakoa egia bihur dadin, «betiere behar adina baliabide izanez gero».
Irailaren 20an Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean egin zuen agerraldian, Martinezek aurreratu zuen borondatea zuela berrogei postu gehiago euskaraz eskaintzeko, eta hurrengo pausoa eman dute gaur, akordioa eginda. Gaur egun berrehun postu eskaintzen dituzte Medikuntza gradua gaztelaniaz ikasteko, eta 168 euskaraz egiteko. Nabarmendu dutenez, beste berrogei postu euskaraz eskainiz gero, «bi hizkuntzen arteko oreka» lortuko dute.
Postu horiek euskaraz eskaintzeko eskatu du sailburuak —hori da sailaren «lehentasun handietako bat»—, baina erabakia EHUk hartu behar du. Hain zuzen ere, EH Bilduk horri buruz galdetu zion aurreko astean Juan Ignacio Perez Iglesias Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari Eusko Legebiltzarrean, eta zera esan zuen hark: «EHUk unibertsitate autonomia du, besteak beste, euskarazko postuen eskaintza zehazteko. Unibertsitateak kide anitzeko bere organoetan onartuko du etorkizuneko eskaintza, dagozkion barne prozedurei jarraituz».
Bilera «emankorra»
«Emankorra» izan da Osasun Sailak eta EHUk gaur egin duten bilera. Familia eta Komunitate Medikuntzako Gelari eustea eta hura indartzea ere adostu dute. «Gela horretan, irakaskuntzaren, ikerketaren eta emaitzen eraldaketaren arloko jarduerak garatzen dira, lehen mailako arretarekin eta arreta komunitarioarekin lotutako gai espezifikoetan. Esparru hori indartzea da Osasun Sailaren lehentasunezko helburu estrategikoetako bat», azaldu dute sail horretako ordezkariek, ohar baten bidez.
Martinezek nabarmendu du EHUk eta Osasun Sailak «sinbiosian» bizi behar dutela nahitaez: «Ezin dugu ahaztu Medikuntza eta Erizaintza Fakultate hau dela gure osasun sistemaren harrobia, eta, beraz, funtsezkoa dela euskal herritarrei osasun arreta ematen dietenen bikaintasun profesionala eta humanoa bermatzeko». Ferreirak ere Osasun Sailarekin lankidetza estuan aritzearen garrantzia azpimarratu du, «akordioak lortzeko, eta, hala, gradu batzuetan postuak zabaltzeko, irakasleak egonkortzeko eta azpiegitura berrien beharrari erantzuteko, bereziki Araban eta Gipuzkoan».