Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erabaki dute Galdakaorako (Bizkaia) metroaren 5. linea baliabide propioekin bultzatzea, eta 360 milioi euroko finantzaketa hitzarmen bat adostu dute, Euskal Trenbide Sareak (ETS) obrak lizitatu eta lanak urrian hasteko. Iñigo Urkullu lehendakariak, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Iñaki Arriola Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak atzo Gasteizen egindako prentsaurreko batean aurkeztu zuten akordio berria. Europako Batasuneko Next Generation funtsen etorkizuneko ebazpenen zain ez egotea eta proiektua funts propioekin bultzatzea erabaki dute.
Trazadura berriaren kostua bi administrazioek ordainduko dute, erdibana: hau da, 180 milioi erakunde bakoitzak. 6,3 kilometro gehituko dizkiote metroaren sareari, eta baita beste bost geltoki ere: Sarratu, Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Usansoloko Ospitalea izanen dira horiek. Busturialdetik eta Durangaldetik datorren Euskotreneko linearekin ere lotuko da metroa.
Urkulluk euskal erakundeen egoera ekonomiko ona azpimarratu du, eta gogorarazi du Finantzen Euskal Kontseiluak 2021erako diru bilketaren inoizko daturik onenak aurkeztu zituela. Horrela, Eusko Jaurlaritzak 1.200 milioi euroko ekarpen gehiago jasoko ditu, «neurri handi batean» inbertsio publikoa bultzatzeko. «Hiru trantsizioetan aurrera egiteko inbertsioak egiten ari gara: digitala, ingurumenekoa eta soziala», azaldu du. Bizkaiko Foru Aldundiarekin lortutako akordioa balioetsi du Urkulluk, eta bi administrazioek «gauzatzeko finantza gaitasuna» dutela azpimarratu du. «Inbertsio hori baliabide propioekin jarriko dugu martxan. Inbertsio hori Euskadi Next Programan jasota dago, eta, Europako Funtsak jasoz gero, orain proiektu honetara bideratzen ditugun baliabide propioak askatu eta beste inbertsio batzuk bizkortu ahal izango ditugu», adierazi du.
Iñaki Arriolak, bere aldetik, azaldu du ETSk «dagoeneko definitutako eraikuntza proiektu bat» duela, «metroaren handitze garrantzitsu horri berehala aurre egin ahal izateko, behin finantza gaitasuna izanda». Obrak urrian hasten ahalko liratekeela iradoki du, eta 2028. edo 2029. urterako bukatzen ahalko liratekeela aurreikusi du. «Horrela, Bizkaiko pertsona eta herri gehiagori emango diegu zerbitzua, eta garraio publikoaren sarea eta baliabide publikoak eraginkorragoak izatea lortuko dugu», azpimarratu du sailburuak.
Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak ordainduko dute Galdakaorako metroa
Funts propioak erabiliko dituzte, eta 360 milioi euroko kostua izanen du; 6,3 kilometro gehituko zaizkio metroaren sareari, eta beste bost geltoki
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu