Txertaketa kanpaina hasi zenetik Eusko Jaurlaritzak txertoaren 10.692 dosi jarri dituela jakinarazi du gaur arratsaldean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, eta azaldu du otsail erdirako zahar etxeetako egoiliar eta langile guztiak txertatuta egotea espero dutela. Txertaketa kanpainaren inguruko hainbat datu azaldu ditu gaur Sagarduik, Itziar Larizgoitia Osasun Publikoko Zuzendariarekin batera, Bilbon. Sagarduik esan du txertaketa kanpaina «behar bezala» ari direla egiten, modu «zuhur eta mailakatuan». Pfizer-BioNTech botika etxearen txertoaren 405 dosi jaso zituen Jaurlaritzak lehen egunetan, beste 15.600 dosi abenduaren 29an, eta beste 15.600 joan den astelehenean. Osasun sailburuak gogoratu du txerto horietako batzuk gorde egin dituztela, pertsona bakoitzak bi dosi jaso behar dituelako eta bigarren dosia 21 egunetara eman behar delako. Hala, horniduran arazorik egonez gero, lehen dosia jaso dutenei immunizazioa behar bezala bermatu ahal izateko «erreserba estrategikoa» egin du Jaurlaritzak, sailburuak azaldu duenez.
Zahar etxeetako egoiliarrak eta langileak dira txertoa jasotzen lehenak; ondoren jasoko dute osasun langileek eta «egoera zaurgarrian» dauden beste kolektibo batzuek. Talde horien txertaketa hasten denerako merkatuan dauden txertoen arabera erabakiko du Jaurlaritzak txertaketa nola egingo duen. Izan ere, orain Pfizer etxearen txertoa ari da jartzen, baina aurki Moderna etxearena ere izango du. Espainiako Gobernuko Osasun ministro Salvador Illak gaur goizean jakinarazi du gobernuak zazpi edo hamar egunetan jasoko dituela Moderna txertoaren lehen dosiak, eta Sagarduik arratsaldean baieztatu du Jaurlaritzak Modernaren 24.900 dosi jasoko dituela urtarrila eta otsaila bitartean.