Koronabirusa

Jaurlaritzak espero du hilaren 18an hastea ikasleak eskolara itzultzen

Maiatzaren 18an itzuliko dira Batxilergoko bigarren mailako ikasleak. Maiatzaren 25ean, DBHko laugarren mailakoen eta Batxilergoko lehen mailakoen txanda izango da, besteak beste

Tolosako Laskorain ikastolako jolastokia, hutsik. GORKA RUBIO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Pixkanaka bada ere, ari da argitzen nola amaituko duten COVID-19ak baldintzatu duen ikasturtea. Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak atzo iragarri zuen osasun egoerak aukera emanez gero hainbat mailatako ikasleak ikasgelara itzultzen hasiko direla maiatzaren 18an. Hezkuntza sistemako hainbat eragilerekin bildu ostean eman zuen berria.

Maiatzaren 18an izango da Batxilergoko bigarren mailako ikasleen txanda. Lanbide Heziketari dagokionez, egun horretan itzuliko dira ikasgelara goi mailako zikloetako lehen eta bigarren mailako ikasleak eta erdi eta oinarrizko mailetako bigarren ikasturtekoak. Astebete geroago, maiatzaren 25ean, DBHko laugarren mailakoak, Batxilergoko lehen mailakoak eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetako lehen mailakoak itzuliko dira. Uriartek esan zuen aurrez aurreko eskolek egunean bost orduko ordutegi trinkoa izango dutela. Maiatzaren 18an eskolara itzultzea posible izango ez balitz, maiatzaren 25ean hasiko lirateke aurretik aipatutako ikasleak. Hala ere, ziurtatu zuen itzulera «mailakatua» egitea dela euren asmoa.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zenbait neurri ezarri ditu aurrez aurreko eskoletara itzultzeko. Ikasgelei dagokienez, Uriartek azaldu zuen metro eta erdiko distantzia egon beharko duela «eskola postuen» artean. Horrez gain, maskarak erabili beharko dituzte ikasleek, irakasleek eta hezkuntzako gainerako profesionalek eskolan nahiz atsedenaldian daudenean.

Ikastetxeetara sartzeko eta handik ateratzeko uneei dagokienez, «ikastetxe bakoitzak, euren autonomiaren arabera, une horiek antolatuko ditu», ziurtatu zuen Uriartek, eta erantsi zuen sartu eta irten ere «mailaka» egin beharko dutela. Bi sarrera eta irteera dituzten eskoletan, zein den sarrera eta zein irteera zehaztuko dute, beti norabide bakarrekoak izateko.

Atsedenaldietan bete beharreko irizpideak ere zehaztu ditu Hezkuntza Sailak. Hainbat txanda ezarri beharko dituzte, ikasle guztiek ordu berean bat egin ez dezaten. Jantoki zerbitzurik, berriz, ez dute emango, «osasun eta segurtasun neurriak lehenesteko». «Jantoki zerbitzua abian ez jartzeak erraztu egingo du ikastetxeek euren ohiko ordutegiak egokitzea, aurrez aurreko irakaskuntzak egunean bost orduko ordutegi trinkoa izan dezan». Uriarteren hitzetan, aipatutako mailetako ikasleentzat ez da boluntarioa izango ikastetxera itzultzea. Hala ere, «ezohiko» egoerak egon daitezkeela aipatu zuen, eta kasu horiek aztertuko dituztela.

Haur eskoletako ume batzuek ere izango dute aukera itzultzeko. Uriartek esan zuen, zehazki, 0-1 urteko haurrak dituzten familientzat izango dela zerbitzua. Betiere, haien gurasoek edo tutoreek frogatu egin beharko dute funtsezko esparruetan lan egiten dutela edo mendekotasunen bat duten pertsonak zaindu behar dituztela. «Osasun Sailarekin lanean ari gara beharrezko neurriak zehazteko, baina gure aurreikuspena da zerbitzua eskaini ahal izatea maiatzeko azken egunetan edo ekainaren hasieran».

Hezkuntza bereziko ikastetxeez eta gela terapeutikoez ere aritu zen Uriarte. «Maiatzaren 25etik aurrera, nahi duten familiek aukera izango dute beren seme-alabak gelara eramateko, Osasun Sailak esaten duen baldintzetan». Araubide Bereziko ikasketei dagokienez, maiatzaren 25etik aurrera, zentro bakoitzak, bere ezaugarrien arabera, erabakiak hartuko ditu gaiaren inguruan.

Irailean hasiko den ikasturte berriari buruz, berriz, ez zuen argibide handirik eman Uriartek. «Orain, gure lehentasuna da ikasturte hau nola bukatu». Hala ere, esan zuen irailerako «egoera desberdinak» ikusten dituztela. «Osasunak esango digu zer baldintzatan itzuliko garen».

Adostasun gutxi

LABek esan zuen Uriartek «hezkuntza komunitatearekin adostu gabeko» asmoen berri eman ziela, eta ohartarazi plantorako deia egingo duela eskolaratzean osasuna eta segurtasuna bermatu ezean. Ikasturte amaierara begira, hainbat gai «garrantzitsuak» iruditzen zaizkio: langile guztiei testak egitea; langile kopurua handitzea; curriculuma egokitzea... «Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema burujabea, publikoa eta komunitarioa elkarrekin antolatzeko momentua da».

ELA ere kritiko agertu zen planaren berri jakiteko moduarekin: «Ez da inola ere sindikatuek eta eragileek azken egunotan aldarrikatu eta galdegin dugun eredua». Sindikatuekin kontsultatu eta negoziatu gabeko plan bat dela erantsi zuen. Jaurlaritzak neurri batzuk jakinarazi dituen arren ikasleak ikastetxera itzultzeari dagokionez, beste batzuen falta sumatu du ELAk: esaterako, tenperatura hartzea edo aurretik ikastetxeak desinfektatzea.

Steilas ere ez dago gustura Jaurlaritzaren jarrerarekin: «Oraingoan ere, hezkuntza komunitatearekin adostu gabeko neurriak aurkeztu dizkigu». Azaldu zuenez, segurtasun distantzia mantentzeko, hamabost ikaslek egon beharko dute ikasgela bakoitzean, eta saihestu egin beharko dira erabilera komuneko aretoak. «Irizpideak jakinarazi dizkigute, baina ez zer neurri hartuko diren horiek betetzeko». Sindikatuak salatu du ez diela lan baldintzen inguruko informaziorik eman, ezta ikastetxe publikoetako langileen inguruko daturik ere.

Ikastolen Elkarteak begi onez ikusi du ikasleak geletara itzultzeko plana «hemendik diseinatzen jarraitzea». Hala ere, iruditzen zaio taldeen arabera ez baizik ikasleen egoeraren araberako erabaki beharko luketela, eta ikasturte bukaerara begirako plangintza «egoera zailetan» dauden ikasleetan zentratuta egin beharko litzatekeela. Neurriei begira, egokia iruditzen zaio ikasgeletara itzuli beharko duten mailen kopurua mugatu izana, baina uste du zertxobait gehiago mugatu,eta ez luketela itzuli beharko Batxilergoko lehenengo mailako eta Lanbide Heziketako lehenengo mailako ikasleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.