Jaurlaritzak eskolako ehun jazarpen kasu atzeman ditu

'Bullying' kasu gehienak, 63, DBHko ikasleen artean gertatu dira. Sekula baino kasu gehiago aztertu dituzte: 795

Eskola jazarpenaren datuak emateko agerraldia, atzo, Gasteizen. IREKIA.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Eskolako ehun jazarpen kasu identifikatu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera. Atzo, hau da, Eskola Jazarpenaren Aurkako Nazioarteko Egunaren biharamunean eman zituzten datuak Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak eta Maite Ruiz hezkuntza ikuskari nagusiak. Ziurtatu zutenez, kasu gehiago identifikatzen dituzte ez jazarpena areagotu delako, baizik gero eta sentsibilizazio handiagoa dagoelako.

Hain zuzen, eskolako ehun jazarpen kasu atzematea lortu zuten 2019-2020ko ikasturtean, aurreko ikasturtean baino lau gehiago. Horietako gehienak (63) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan gertatu ziren, eta gainerakoak, Lehen Hezkuntzan. Haur Hezkuntzan, berriz, ez zuten eskola jazarpenik hauteman.

%25etan, ziberjazarpena

Kasu gehienetan ahozko erasoak, bazterketa eta eraso fisikoak egon zirela azaldu dute, eta 25 haur eta gaztek ziberjazarpena jasan zuten; hau da, Interneten, sare sozialen edo bestelako baliabide zibernetikoen bidez egiten dena. Zenbatekoa igotzen ari da pixkanaka azken urteetan. Arlo horri begira jarrita daude, Pedrosak adierazi duenez: «Ziberbizikidetza oso garrantzitsua da, eta aurreikusten ari gara formakuntza intentsibo bat datorren ikasturtera begira, hezkuntza komunitate osoari eskainiko zaiona, gure digitalizazio planaren barruan».

Hezkuntza Sailaren datuei begira jarrita, 2008-2009ko ikasturtetik bildutako bigarren daturik txarrenak dira, 2015-2016ko ikasturtekoen atzetik. Gero eta kasu gehiago atzeman izana sentsibilizazio handiagoa egoteari egotzi diote, ordea, eta ez eskola jazarpena areagotu izanari. Gainera, gero eta kasu gehiago aztertzen dituztela nabarmendu dute; 795 kasutan jarri zuten arreta iaz, inoiz baino gehiagotan. Azkenean, aztertutako kasu horien %12,58 eskola jazarpena direla ondorioztatu dute. «Zalantzarik txikiena badago, kasua aztertu egiten da», azpimarratu du Pedrosak.

Bizikasi programarekin egindako lana ere mahai gainean jarri dute. Pedrosak azaldu duenez, prestakuntzan «asko» inbertitu dute, eta eskola publiko guztietan ematen dute gaiari buruzko prestakuntza, baita itunpeko batzuetan ere. Horrez gain, antolaketan eta materialen horniketan egindako ekarpena ere goraipatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.