Jaurlaritzak eskola publikoak batzeko hartu duen erabakiaren atzean asmo «pribatizatzailea» dagoela salatu du Steilasek

Hezkuntza Sailak jakinarazi du heldu den ikasturtean Gasteizen eta Portugaleten batze prozesuak abiaraziko dituela, eta sindikatuak berehala erantzun dio.

Ikasturte hasiera zela eta, Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales, beste zenbait agintarirekin, Zarauzko Orokieta eskolan.  JON URBE / FOKU
Ikasturte hasiera zela eta, Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales, beste zenbait agintarirekin, Zarauzko Orokieta eskolan. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2024ko abenduaren 12a
10:45
Entzun

Atzo arratsaldean zabaldu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak berria: heldu den ikasturtean ikastetxe publikoen arteko integrazio prozesuak abiaraziko dituzte Gasteizen eta Portugaleten (Bizkaia). Eskoletako segregazioaren aurka egite aldera hartutako erabakiak direla azaldu zuen, eta batzeko bidean zein eskola jarriko dituzten zehaztu zuen: Arabako hiriburuan Aita Orbiso eta Umandi Ikastola izango dira, eta Bizkaiko kostako udalerrian, Maestro Zubeldia eta Virgen de La Guia. Handik ordu batzuetara, Steilas sindikatuak kritikatu egin zuen erabakia. «Fusioak baino, itxierak» goiburua jarri zion atera zuen prentsa oharrari.

«Bi eskola publiko bat egitea ez da kasualitatearen emaitza, aplikatu duten hezkuntza politika pribatizatzaileen ondorio zuzena baizik, horietako bat ixtea baitakar bi eskola fusionatzeak», salatu du sindikatuak. Azken urteotan izan diren aldaketa demografikoak gogora ekarri ditu: jaiotza tasaren apaltzea eta migratzaileen ugaritzea. «Horiek aukera leiho bat ireki zuten EAEko hezkuntza sistema dualaren arazo nagusiak konpontzeko: eskola segregazioa eta euskalduntze eskasa», argudiatu du.

Bide horretan neurri eraginkorrik ez dela hartu uste dute, ordea, sindikatuko kideek. «Klase politikoak betikotu egin ditu euskal hezkuntza sistemaren arazoak, egiturazko konponbideak eman beharrean», adierazi dute. Bide horretan, propio kritikatu nahi izan dute, berriro ere, Hezkuntza Legea; iaz onartu zuten Eusko Legebiltzarrean, datozen urteetan hezkuntza politikak izan beharko dituen jarraibideak ezarri ditu, eta bertan Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa «deiturikoa» eratzeko bideak jarri izana bide okerra da, sindikatuko ordezkarien ustez «Hezkuntza publikoa eta pribatua berdintzeko alferrikako ahalegina da, eta eskubide berberak ematen zaizkie, ustez betebehar berberak bete ditzaten».

Lege esparru hori ezartzeaz harago, Jaurlaritzari egotzi diote, gainera, beren-beregi sare pribatuaren aldekoak diren «dekretuak» ere onartzea. Hezkuntza Sailari eskatu diote sakoneko aldaketa bat egiteko eta «inertzia pribatizatzailea» gainditzeko erabakiak hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.