Jaurlaritzak esan du «espetxe politika egokitu» bat behar dela

Manifestazioa egin dute Bilbon, Gonzalez Solaren omenez. Hainbat eragilek salbuespen neurriak bukatzeko eskatu dute. Beste bi mobilizazio eginen dituzte gaur

Igor Gonzalez Solaren omenez, eserialdi bat egin zuten atzo Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Igor Gonzalez Solaren heriotzaren harira, ohar bat kaleratu zuen, atzo, Eusko Jaurlaritzak. Lehenik, eskatu zuen heriotzari buruzko ikerketa «berme guziekin» egiteko. Hilik agertu zen 47 urteko presoa, Martuteneko espetxeko ziegan, herenegun. Lehen zantzuen arabera, bere buruaz beste egin zuen presoak. Egoera ikusirik, euskal presoen inguruko errealitate guztien arteko «gogoeta» bultzatzeko xedea agertu du Jaurlaritzak. «Humanitate gehiagoren eta espetxe politika egokitu» baten beharra azpimarratu du, «gaur egungo euskal gizartearen izaera» kontuan harturik.

Euskal presoaren omenez, manifestazioa egin zuten atzo arratsean Bilbon, Alde Zaharreko Ezker Abertzaleak deiturik. Manifestazioaren aurretik, eserialdia egin zuten hainbat lagunek plaza Eliptikoan, eta bidea moztu zuten tarte batez. Ertzaintzak hainbat lagun identifikatu zituen, tartean protestaren ustezko antolatzaileak, baina libre utzi zituen denak, Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera.

Presoen sostengatzeko, beste bi deialdi antolatu dituzte Sarek eta Bakegileek gaurko. Bilbon, 12:00etan eginen dute protesta plaza Eliptikotik, eta Baionan 12:00tan, Espainiako Kontsuletxe aitzinean.

Euskal presoek jasaten duten egoera salatu dute alderdi eta eragile anitzek. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea, honela mintzatu da: «Herri honetan asko hitz egiten da ETAren eta iraganeko biolentziari buruz, baina ETAren biolentziaz iraganean hitz egiten da; aldiz, estatuaren biolentzia orainaldian praktikatzen da». Gonzalez Solaren heriotzaren erantzuleak «espetxe politika kriminala defendatzen dutenak» eta «horiei babesa ematen dioten guztiak» direla salatu zuen, halaber.

Gisa berean, LAB sindikatuak ere gaitzetsi du gertatutakoa. «Euskal presoak hiltzen dituen kartzela-politikarekin» eta salbuespen neurriekin «lehenbailehen» amaitzeko eskatu zien Espainiako eta Frantziako Gobernuei.

Egoerak «Aieteren 9. urteurrenaren bezperan presoen senideen mina eta frustrazioa areagotzen» dituela deitoratu du Foro Sozialak.«Konponbide integralaren» alde egitera deitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.