Jaurlaritzaren arabera, 2019an esan zuen jada ETAren armagabetzearen inguruan «esateko zeukan dena»

Jaurlaritzak dio ez duela ezer gehitzeko ETAren armagabetzeari buruz. «Egia historikoa» ez errespetatzea leporatu diote 'bakegileek'.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, gaur, Lehendakaritzan, asteroko ohiko agerraldian. BERRIA
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, gaur, Lehendakaritzan, asteroko ohiko agerraldian. BERRIA
unai etxenausia
2024ko abenduaren 17a
13:35
Entzun

Eusko Jaurlaritzak adierazi du ez duela ezer berririk esateko ETAren armagabetzeari buruzko polemikari dagokionez. Bakegileek atzo egin zituzten adierazpenei erantzunez, Maria Ubarretxena bozeramaileak gaur azaldu du 2019an argitaratutako txostenean ageri direla Jaurlaritzaren posizioa eta jardunaren azalpena, eta dokumentu horretan xehetasunez jaso zituztela Jaurlaritzak armagabetzean izandako parte hartzea eta balorazioa.

Asteroko ohiko agerraldian, Ubarretxenak argi utzi du Jaurlaritzaren jarrera: «Eusko Jaurlaritzak bere garaian egin zuen txostena. 120 orriko txosten bat da, prozesu guztiari buruzkoa. Txosten hori publikoa da, eta, hortaz, Jaurlaritzak esateko zeukan dena esanda dago txosten horretan».

Jaurlaritzak ETAren armagabetzeaz egin zuen kontakizuna «faltsua eta interesatua» izan zela adierazi zuten bakegileek astelehenean. Jean Noel Etxeberri Txetx-ek egin zituen adierazpen horiek, Baionan bart egindako agerraldi batean. 2019ko urrian, ETAren armagabetzean eta desegitean Eusko Jaurlaritzak egindakoaren deskribapena eta balorazioa deituriko txostena plazaratu zuen, ETAren armagabetzean eta desegitean izandako eginkizuna deskribatu eta baloratzeko. Orain, bost urte geroago, bakegileek kontakizun propioa aurkeztu dute, helburu gisa hartuta 2017ko urtarriletik apirilera bitartean «egiaz» zer gertatu zen agerraraztea.

Bakegileek salatu dutenez, Jaurlaritzak publikatu zuen dokumentuak «egia historikoarekiko errespetu falta» erakutsi zuen. Etxeberrik gogorarazi zuen: «Ez dugu ulertzen nola eta zergatik idatzi ahal izan duten puntu askotan errealitatearen kontrakoa den kontakizun hori, hain gai minbera bati buruz». Haren esanetan, Jaurlaritzak ez zuen inoiz «konfiantzarik» izan bakegileengan, eta ez zuen sinetsi Frantziako agintariekin goi mailako elkarrizketak izaten ari zirenik. Horrez gain, Etxeberrik nabarmendu zuen Jaurlaritzak izkin egin ziola bakegileen lana aitortzeari.

Bake Bidearen agerraldia atzo, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Bake Bidearen agerraldia atzo, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU

Bakegileen arabera, gainera, 2019ko balorazio txostenean Jaurlaritzak «izan ez zuen rol bat» aitortu zion bere buruari, eta «gezur onartezinak» plazaratu zituen bakegileen asmoei buruz. Gainera, Mixel Berhokoirigoin zenarentzat bereziki mingarriak izan ziren idatzitakoak. Orduan, Etxeberrik eta Berhokoirigoinek agiri bat kaleratu zuten Jaurlaritzaren kontakizunaren aurka, eta iragarri zuten noizbait bi aldeen arteko bilkuren xehetasunak argituko zituztela. Etxeberrik azpimarratu zuen hori egiteko ordua heldu dela, bake prozesuaren inguruko egia errespetatzen dela bermatzeko.

Epaiketaren ondoren

Aurten egin da Parisen Luhusoko (Lapurdi) operazioan parte hartu zuten bakegileen aurkako auzia, eta armagabetze garaian karguan izan ziren Frantziako agintari batzuek lekuko gisa deklaratu dute. Beste zenbaitek prentsan egindako adierazpenetan azaldu dute bakegileek jokatutako rola aitortzen dutela, eta azpimarratu dute agintariekin elkarlanean aritu zirela, elkarrenganako «konfiantza harreman» sendo batean oinarrituta.

Horregatik, 2019an argitara eman ezin zituzten hainbat elementu argitaratzea erabaki dute orain bakegileek, eta beren bertsioa ematea. Bake prozesuari buruzko dokumentu hori hainbat artxibategitan gordetzeko asmoa dute: Lazkaoko beneditarren fundazioan, Lapurdiko artxibategian, Gogora institutuan, Louis Joinet institutuko artxibategian eta Olaso Dorrea fundazioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.