Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Ertzaintzako sindikatu korporatiboek martxoan adostu zuten lan baldintzen inguruko ituna. Orduan jada, sailak adierazi zuen akordio hark bat egiten zuela gobernu programako 38. konpromisoarekin: «Ertzaintzaren egitura hobetzea eta modernizatzea». Orain, helburu horren bigarren zatiari heldu nahi dio Bingen Zupiria sailburuak, eta iragarri du 2030erako 8.000 agente izateko negoziazioak hasiko dituztela bihar. «Operazio konplexua» izango dela aurreratu du.
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak 2005ean adostutakoaren arabera, Ertzaintzak 8.000 agente izan ditzake gehienez, eta muga horretara ahalik eta gehien gerturatu nahi du Jaurlaritzak. Horrek eskatzen du bost urteko epean 800 agente inguru kontratatzea, sailaren datuen arabera 2024a amaitzerako 7.278 ertzain baitzeuden Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Hala, Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian, Zupiriak azaldu du bihar aurkeztuko diela sailaren asmoa Ertzaintzako lau sindikatu nagusiei —Erne, Esan, Sipe eta Euspel—, Ertzaintzaren Kontseiluan. Zupiriak ez ditu bere asmoen nondik norakoak azaldu nahi izan, horiek «gaizki interpretatzeko» arriskua dagoelakoan, eta mugatu da esatera «proposamen batzuk» jaso dituztela ertzain kopuru horretara iristeko: «Alde batetik, erretiroa hartuz joango direnen lekua betetzeko, eta, bestetik, 2030ean 8.000 agente izatera iristeko eta dimentsio horri denboran eusteko».
Lehen urratsa Ertzaintzaren beharren inguruko azterketa bat egitea izango da, sailburuak adierazi duenez; langile kopuruari eta horiek betetzeko gaitasun profesionalei dagokienez. Hala, plangintza batean ezarri nahi dituzte beharrezko hautaketa, formakuntza eta promozio neurriak. Adierazi du aurten hasiko direla neurri horiek hartzen, eta 2029rako prest izatea espero dute.
Jaurlaritzak aurreikusten du lan eskaintza publiko gehiago egin beharko dituztela, baina baita bestelako neurriak hartu ere. Izan ere, agente berri horiek egiturako oinarrizko postuetara sartuko lirateke, eta horretarako lanpostu horiek hustu behar dira. Jubilazioek utzitako hutsuneak izango dira horietako batzuk, baina beste batzuk barne promozioen bitartez geratuko dira libre.
Hori kontuan izanda, Zupiriak indar egin du agenteak mailaz igotzeko egin beharko dituzten ikastaroetan, eta adierazi du prozesuan «berebiziko garrantzia» izango duela Arkautiko akademiak: «Bai sartuko diren berrien prozesuetan, bai mailaz igotzeko eta espezializazioko prozesuetan ere». Hain zuzen, garatu beharreko espezializazioen ingurukoak sindikatu korporatiboekin negoziatu nahi ditu Zupiriak.
Aferak eragina izango du Arkautiko akademian ere, hari baitagokio ertzainak trebatzea. Hori kontuan izanik, Segurtasun Sailak Arkautiren barnetegi formatua berreskuratu nahi du. COVID-19ak eragindako pandemian utzi zion akademiak modu horretan funtzionatzeari, baina Zupiriak adierazi du zenbait agentek metodo hura berreskuratzeko eskatu dietela. «Konfiantza eta kohesioa sortzeko. Asmoa da jarduera profesionala behar bezala betetzeko zeharkako gaitasunak eskaintzea», esan du Zupiriak. Horrek, baina, azpiegituran hainbat aldaketa egitea eskatuko du: besteak beste, logelak eta ikasgelak jarri, jangelak eta garbiketa zerbitzuak zabaldu, eta irakasle gehiago kontratatu.
Halere, Ertzaintzara batu nahi dituzten kide guztiak ez dira poliziak izango. Zupiriak mahai gainean jarri du medikuen eta teknikarien eskala garatzeko aukera ere. Azaldu duenez, horiek Ertzaintzaren parte izango dira, lan jakin batzuk egin ahal izateko. Halako kasuetan, azaldu du hautagaien «gaikuntza teknikoa eta zientifikoa» hartuko litzatekeela kontuan.
45 milioi
Denbora gutxian Ertzaintzako sindikatu korporatiboekin esertzea tokatzen zaion bigarren aldia da Zupiriarentzat. Legealdiaren hasieratik martxora bitarte negoziazio sorta luzea izan zuen horiekin lan baldintzen inguruko akordio bat erdiesteko, eta martxoan adostu zuten sailak eta Erne, Esan eta Sipe sindikatuek —Euspelek uko egin zion— 2025-2028 aldirako Akordio Arautzailea. Hala, 45 milioi euro inbertitzeko konpromisoa hartu zuen Segurtasun Sailak, eta akordioa bere bidea egiten ari da administrazioan, laster Gobernu Kontseiluan onartzeko asmoz. Akordio haren arabera, agente bakoitzak 2028rako lehen baino 4.200 euro gehiago kobratuko ditu gutxienez.