Monika Hernando. Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria

«Jaurlaritzak ere autokritika egin beharko du; ez dago salbuetsita»

Hernandok uste du ETAk eta ezker abertzaleak besteek baino «erantzukizun handiagoa» dutela euskal gatazkan eta haiei dagokiela «hausnarketa sakonagoa» egitea eta «pauso gehiago» ematea.

edurne begiristain
Bilbo
2015eko azaroaren 1a
00:00
Entzun
El valor de la autocrítica dokumentalaren (Autokritikaren balioa) aurkezpenaren prentsaurrekoa amaitu berritan erantzun die Monika Hernandok (Bilbo, 1971) BERRIAk egindako galderei. Jaurlaritzaren Bake eta BizikidetzaIdazkaritza Nagusiak bere jardunaren erdigunean jarrita dauka iraganaren autokritika, «biktimentzat eta gizartearentzat ondorio sendagarria» duelako, Hernandoren arabera.

Legealdiaren hasieran martxan jarri zenuten Bake eta Bizikidetza Planaren garapena nola doa?

Plan horretan zehaztu genituen helburuen betetze maila ona da. Egia da zenbait alorrek ez dutela aurrera egin guk nahiko genukeen abiaduran, baina proposatutako neurriak garatzen ari gara, gizartea aurrerapausoak ematen ari da, eta egindako lanaren emaitzak ikusten ari gara, apurka-apurka. Prozesu luze bat da, eta oraindik lan asko dugu aurretik. Lau urtetik harago doan egitekoa da; orain oinarri batzuk ari gara jartzen, baina horien emaitzak ez ditugu egun batetik bestera ikusiko, luzera begirakoak dira.

Dugun egoera politikoan,zein rol izan behar dute biktimek?

Ekainean egindako ekitaldian zein Batera programan argi esan dugu ezinbestekoa dela biktimei entzutea. Gure konpromisoa da biktimak eta gizartea elkarrengana hurbiltzea. Biktimak modu irekian entzun behar ditugu, aurrez izan ditzakegun estereotipoak baztertuta. Biktimek ez dute nahi indarkeriaren zikloa behar bezalako oinarririk gabe ixtea, ezer gertatu izan ez balitz bezala, eta iraganari modu kritikoan begiratzeko eskatzen dute. Elkarbizitzaren eraikuntzan zeregin garrantzitsua dute biktimek, eta erakundeon erantzukizuna da hori bermatzea.

Zein da biktimen eskaera nagusia?

Ez naiz ausartzen biktimen izenean hitz egitera, biktima bakoitzak eskari zehatz bat duelako. Luzaroan baztertuta egon dira biktima guztiak, nahiz eta aurrerapausoak eman diren haien aitortzan; baina oraindik bide asko dago egiteko hainbat biktimen aitortza eta ordaina bermatzeko. Indarkeriaren osteko garai berri batean gaude, gizartea aurrerapausoak ematen ari da elkarbizitzan, eta biktimek euren ekarpena egin nahi dute.

128 alkateri udal erretratuak eman dizkiezue. Zein harrera izan du egitasmoak?

Harrera oso ona izan du. Erretratua alkatearen esku dagoen tresna informatibo bat da, biktimen memorian eta oroimenean aurrerapausoak eman ditzaten. Gaia sentikorra denez, jarrera ezberdinak izan dira alderdien artean. Hala ere, balorazio ona egiten dugu, etorkizuna eraikitzeko tresna irekia delako. Udalerri bakoitzean gertatutakoaren inguruan ale txiki bat jarri nahi izan dugu, eta ekarpenak eta zuzenketak jasotzeko prest gaude.

EH Bilduk salatu du «akats eta hutsune larriak» dituela Udal Erretratuen Mapak, eta adibide modura jarri du txostenean ez direla agertzen Ertzaintzaren gehiegikeriaren biktimak edo epaiketaz kanpoko exekuzioak.

Egindako kritika guztiak ekarpen gisa hartzen ditugu, eta, txostenean antzematen badugu hutsuneak daudela, gehituko ditugu. Baina beti kontuan hartu behar ditugu zeintzuk diren erretratuen ardatzak; erretratua ez da biktimak aitortzeko dokumentu bat, bizitzaren eskubidearen urraketari buruzko dokumentu informatibo bat baizik. Bi atal ditu, batean bizitzaren urraketa argiak jasotzen dira, eta bestean, bertsio kontrajarriak dituzten kasuak daude, eta horietan ezin dugu erabat ziurtatu bizitzaren urraketa bat egon denik, nahiz eta heriotza bat egon den. Noizbait kontrajarria den bertsioetako bat egiazkoa dela frogatzen bada, beste atalera pasatuko da. Hirugarren batek urratutako bizitzarako eskubideaz ari gara udal erretratuen mapan, baina badaude bestelako sufrimendu batzuk, herri honetan indarkeria mota asko egon direlako. Sufrimendu horiek hor daude, euren familiek aitortza merezi dute, eta egunen batean horiei buruz ere hitz egin beharko dugu, baina ezin ditugu jarri bizitza eskubidearen urraketen maila berean.

Luzia Urigoitia udal erretratuen mapan agertzen den Otxandioko biktima bat da. Joan den irailean, Guardia Zibilak lau lagun atxilotu zituen herrian, haren aldeko omenaldi bat antolatzeagatik. Zer iritzi duzu?

Udal erretratuetan proposatzen dugu modu injustuan bizitza galdu duen pertsona bat oroitzea udalean. Memoria eraiki nahi badugu, iraganaren analisi kritikoa egitea eta indarkeriaren erabilera deslegitimatzea ezinbestekoa da, dela ETAk eragindakoa, dela beste edozein taldek egindakoa. Giza eskubideak urratu zaizkion pertsona bat oroitzea eta pertsona baten ibilbidea omentzea oso gauza ezberdinak dira; batez ere, pertsona horrek giza eskubideak urratu baditu edo indarkeria erabili badu. Guk ez dugu hori babestuko. Kasu horietan, guk proposatzen dugu pertsona hori gogoratzea, nahiz eta giza eskubideak urratu dituen pertsona bat izan den.

Baina Jaurlaritzak omenaldiak egitea proposatu die udalerriei...

Guk, memoria ekitaldiak egitea proposatu dugu; ez da gauza bera.

Omenaldi bat ez da memoria ekitaldi bat?

Oroimen ekitaldi bat eta giza eskubideen urraketen inguruko pedagogia bat egitea, hori proposatzen dugu. Memoria ekitaldiek etorkizunera begira tresna kritikoa izan behar dute, baina memoria hori erabiltzen bada —eta orain ez naiz ari Otxandioko kasuaz espresuki— indarkeria justifikatzeko, Jaurlaritzak ez du babestuko. Bizia kendu dioten biktima baten aldeko memoria ekitaldiak babestuko ditugu, baina ez indarkeria justifikatu duenaren ibilbidea omentzeko ekitaldiak. Hor ez gara egongo, pertsona guztien giza eskubideen errespetua delako gure gutxieneko etikoa.

Zergatik da hain garrantzitsua autokritika?

Autokritika egitea garrantzitsua da, ezin dugulako aurrera begira tu atzera begiratu gabe; iragana behar bezalako oinarririk gabe ixtea litzatekeelako hori. Iraganari begiratzen badiogu, gaizki egindakoaren kritika egin beharko dugu —egilea bata ala besteaizan—, zauriak itxi daitezen eta gertatutakoa berriro errepika ez dadin. Hausnarketa kritiko hori batzuek beste batzuek baino gehiago egin behar dute. Justizia, egia eta ordaina lortu ez ezik, oinarriak ere jarri behar ditugu gertatutakoa berriro errepika ez dadin. Hausnarketa kritikoa egiteak ondorio sendagarria dauka biktimengan eta gizartearengan.

Eragile politiko eta erakunde guztiek egin behar dute autokritika? Ala batzuek beste batzuek baino gehiago?

Autokritika zintzoa eta egiazkoa izango bada, ezin da inposatu, baina autokritika egiteko konfiantza espazioak susta daitezke. Autokritika ez dute soilik batzuek egin behar, denek egin behar dute, modu pertsonalean edo beste maila batean. Baina argi dago guztiok ez dugula erantzukizun berbera hemen gertatutakoaren gainean, batzuk erantzukizun handiagoa dute, eta, beraz, hausnarketa sakonagoa egin beharko dute.

Zergatik zuzentzen dizkiezue autokritika eskaera guztiak ezker abertzaleari?

Guk, autokritika eskaera denei egin diegu, baina uste dugu ETAk eta ezker abertzaleak ardura handiagoa dutela herri honetan gertatu denaren gainean. Ez dira bakarrak, baina bai pisu handiagoa dutenak. Hausnarketa sakonagoa egin behar dute, eta pauso gehiago eman. Urratsak egin dituztela ezin da ukatu, baina bide asko dago oraindik, eta gure lana da pauso horiek sustatzen jarraitzea.

Autokritikak zintzoa izan behar duela esan duzu. Jonan Fernandezek elkarrizketa batean esan zuenez, ez zen zintzoa izan ezker abertzaleak 2012ko otsailean Kursaaleko ekitaldian egindako autokritika. Nola neurtzen duzue adierazpen baten zintzotasuna?

Bada... ez dakit, egia esan... Baina sinetsita gaude etorkizuna eraikitzeko iraganari modu kritikoan begiratu behar zaiola. Horretan ari gara lanean. Asteburuko jardunaldietan arlo askotariko pertsonen ekarpenak jasoko ditugu autokritikaren inguruan, eta gure asmoa da autokritikaren zintzotasuna bermatuko duen prozesu bat egitea. Azken batean, hitzek eta ekintzek elkar hartuta joan behar dute. Denbora behar da elkarri entzuteko eta hitz egiteko.

Eusko Jaurlaritzak ez dauka autokritika egin beharrik, besteak beste, Ertzaintzaren hainbat jarduerarengatik?

Eusko Jaurlaritzak uste badu iraganean bere jardueraren bat ez dela izan giza eskubideekin bateragarria, autokritika hori egin beharko du, noski. Jaurlaritzak autokritika egina du biktimen inguruan eta bestelako alorren inguruan, inolako arazorik gabe. Urkulluk berak ekaineko ekitaldian, eta aurretik Ibarretxek ere, aitortu zuten euskal erakundeak berandu iritsi direla biktimengana; baina, noski, bestelako jarduerarik balego, autokritika egin beharko du. Ez dago salbuetsita.

Gogora Institutuaren printzipioetako batek dio memoria ezin dela erabili «desberdinak» diren gertaerak berdinak balira bezala lantzeko. Biktimak ezin direla parekatu esan nahi du horrek?

Biktima guztiek eskubide berberak dituzte, eta hala jasotzen du nazioarteko zuzenbideak. Biktima egin duen biolentzia bata ala bestea izan, eskubide berberak aitortu behar zaizkio, salbuespenik gabe. Nolanahi ere, argi esan behar dugu ezin dela biktima bat erabili beste bat gutxiesteko, baztertzeko edo justifikatzeko, eta,horretarako, biktima bihurtu duen indarkeria aztertu behar dugu. Alegia, biktimizazioa eragin duten testuinguruak eta biolentziak ez dira berberak, eta banan-banan aztertu behar dira. Horrela zehazten du Gogora Institutuaren sorreraren testuak : indarkeria bakoitzak bere azterketa propioa izan behar duela eta ezin direla indarkeriak parekatu.

Jaurlaritzak ETAren desarmatzerako proposamen berria aurkeztuko dio Espainiako gobernu berriari. Zertan datza?

2014an proposamen bat egin genion, baina ez zuen emaitzarik lortu, eta, orain, hauteskunde giro honetan, ez dugu uste aurrerapausorik emango denik arlo horretan. Madrilen gobernu aldaketarik izanez gero, proposamen berbera eramango diogu, beharrezkoak diren aldaketekin.

Jaurlaritza arriskatzeko prest dago, adostasunik ez bada. Zer esan nahi du horrek?

Gutxiengo batzuetan adostasuna lortzea bilatzen ari gara, baina ez bada lortzen, ez gara geldirik geratuko, eta desarmatzean, espetxe politikan eta elkarbizitzaren eraikuntzan ekimena izaten jarraituko dugu. Gobernu aldaketa bat izanez gero, garai berrira egokitutako proposamenak mahai gainean jarriko dizkiogu, egun blokeatuta dauden hiru alor horietan aurrerapausoak emateko.

ETAren amaiera ordenatua bateragarria al da Poliziaren bidearekin?

Polizaren bide hutsak bakarrik ez du bermatuko indarkeria erabatamaitzea, hainbat hari solte geratzeko arriskua dagoelako. Etorkizunari begira, ez da onuragarria hori gertatzea. Gizarteak erabateko ziurtasuna behar du ETAren amaiera behin betikoa dela. Horregatik, amaiera ordenatu baterako pausoak adostu beharko dira Espainiako Gobernuarekin, alderdi politikoekin eta gizartearekin. ETAren amaiera lauso batek, atalka egindakoak edota poliziaren bidean bakarrik oinarritutakoak ez ditu etorkizuneko arrisku guztiak desagerraraziko.

Espetxe politika diskrezioz lantzeko konpromisoa hartu zuen Urkulluk legealdi hasieran. Hiru urte igarota, ez da ezer aldatu.

Espetxe politikan bi proposamen ditugu: Zuzenbidean eta Hitzeman. Jaurlaritzak ez du espetxe politikaren eskumena, eta proposamenak eskumen hori duenari egiten dizkiogu. Espainiako gobernu berriari berriro planteatuko dizkiogu bi dokumentu horiek. Presoen gizarteratzeari dagokionez, iraganaren analisikritikoa egiteko proposamena egiten dugu, eta presoek gizarteratzeko banakako bidea hartzeko egun dagoen blokeoa gainditu nahi dugu, espetxe politika ezin delako mendekuan oinarritu.

Bake lantaldea desblokeatzeko aldebakarreko urratsik egingo al du Jaurlaritzak?

Jaurlaritza ez da geldirik geratuko, lanean jarraituko du. Bake lantaldearen etorkizunaz ez dut ezkorra izan nahi, ikusi beharko da ea hauteskundeen ondoren sortuko den mapa politikoak alderdiak mugitzera behartzen duen.

Arantza Quirogaren mozioak bidea ireki du EAEko PP geldialditik irten dadin?

Hori espero dut. Erosotasun egoeratik irteten laguntzen duen edozein urrats ongietorria izango da. Quirogaren mozioak ez zuen aurrera egin, akaso ez zelako une egokiena, baina itxaropena dut hazia izatea zerbait sortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.