EGURALDIA

Jaurlaritzak elurra kentzeko 206 makina prestatu ditu neguko bidezaintzarako

Elur maila 1.000 metroan dagoenean, informazio fasea aktibatuko dute, eta 700 metroan egotean, fase operatiboa

Iaz bi aldiz aktibatu zuten fase operatiboa. JESUS DIGES / EFE
2023ko azaroaren 9a
17:26
Entzun

Neguko Bidezaintza Plana aurkeztu du gaur Eusko Jaurlaritzak. Bertan azaltzen denez, elurra kentzeko 206 makina prestatu dituzte; tona anitzeko ibilgailuak erretiratzeko, zazpi garabi astun, eta, zaintza lanetan laguntzeko, bertze 130 ibilgailu.

Horrez gain, baliabide horiek nola mobilizatuko diren azaldu dute: elur maila 1.000 metroan dagoenean, informazio fasea aktibatuko dute, eta 700 metrora iristean, berriz, fase operatiboa. Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak eman ditu argibideak: «Garrantzitsuena da prezipitazioak trafikoan duen eragina aztertzea, eta, ondorioz, neurririk egokienak hartzea egoera meteorologiko txarretan bide segurtasuna bermatzeko».

Herritarrendako argibideak ere eman dituzte. Adibidez, gomendatu dute izotza egiten duen egunetan astiroago gidatzea, eguraldi txarrarekin bat-batean ez frenatzea, ibilgailuen artean distantzia handiagoa izatea eta elurretan autoa oso poliki abiaraztea.

Aurreko urteetako datuei erreparatuta, 2022ko negua lasaia izan zen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errepideetan. Informazio fasea lau aldiz aktibatu zuten, eta fase operatiboa, berriz, bi aldiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.