Euskal Herria Esnea Karrantzako (Bizkaia) kooperatiba sortu berriak herenegun jakinarazi zuen zigor espediente bat ireki diotela ontziak euskara hutsean diseinatu eta etiketatzeagatik, eta atzo ezagutarazi zuen nork ekin duen Karrantzako enpresaren kontra: Kaiku Kooperatibak. Euskal Herria Esnea markak produktuaren jatorriaren inguruan nahasmena sor zezakeela ohartarazi zion Kaiku Kooperatibak Eusko Jaurlaritzari, eta Karrantzako kooperatibaren ontzien etiketatzea aztertzeko eskatu. Hori bera egin zuen Jaurlaritzak, eta orduan jabetu zen Euskal Herria Esneak Sorian (Espainia) ontziratzen zuela produktua eta etiketa gaztelaniaz ez ezarrita legea urratzen ari zela. Jaurlaritza izan da ofizioz zigor txostena hasi duena.
Harrabotsa sortu du Euskal Herria Esnearen aurkako salaketak. Izan ere, 30.000 eurorainoko isuna jaso dezake, ontziak euskara hutsean egiteagatik. Kaiku jo zuen salaketa jartzearen erruduntzat; horrelakorik egin izana ukatu dute, ordea, Kaiku korporazioak eta Kaiku Kooperatibak —korporazioaren akzioen %10 ditu—. «Ozen esan nahi dugu Kaiku Kooperatibak ez duela sekula parte hartu ez eta hartuko ere gure hizkuntzaren aurkako inolako ekintzatan», adierazi zuen enpresak. Orain bi hilabete Gurelesa markako ontziak euskaraz etiketatzen hasi izana jarri du adibide.
Maiatzaren 3an Eusko Jaurlaritzan aurkeztutako eskaera baten berri eman du Kaiku Kooperatibak. Hauxe adierazi zuen bertan: Euskal Herria Esnea markak Sorian (Espainia) ontziratzen zuela esnea eta produktuaren izenak nahasmena sor zezakeela kontsumitzaileengan, ez baita ziurra esne hori Euskal Herrikoa denik. Idatzi horretan, Euskal Herria Esnearen merkaturatzea berrikusteko eta «produktuen etiketatzean dauden arauak betearazteko»eskatu zion Jaurlaritzari.
Kaiku Kooperatibaren eskaria aintzat hartu zuen Jaurlaritzak, eta ontziak aztertzeari ekin. Maiatzaren 8an eta 21ean, Elikagaien Kalitate Zuzendaritzak bisita egin zuen Karrantzako lantegira. Orduan ikusi zuen esnea Sorian ontziratzen duela. Etiketatzeari Buruzko Espainiako Lege Orokorreko 18. artikuluak dioenez, gaztelania derrigor erabili behar da etiketan; beraz, Euskal Herria Esneak arau hori hautsi duela hauteman zuen Jaurlaritzak, eta zigor espediente bat abiatu Karrantzako kooperatibaren kontra. Artikulu horrek arau-hauste larritzat jotzen du ontziak gaztelaniaz ez egotea. Eusko Jaurlaritzak atzo bertan berretsi zuen Euskal Herria Esneak ez duela betetzen etiketatzearen gaineko araudia, esnea Espainian ontziratuta ez baitu soilik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jarduten.
Agerraldi bat egin zuen atzo Euskal Herria Esnea kooperatiba sortu berriak, Bilbon. Hasieran, proiektua aurkeztea zen agerraldiaren asmoa, baina ontzietako etiketak euskara hutsez jartzeagatik jaso duten salaketaz jardun zuen Estitxu Garaik, talde berriko komunikazio arduradunak. «Jaurlaritzak kontrolak egin dizkigu, eta ez ziguten inolako arazorik jarri», adierazi zuen Garaik.Kooperatibak jaso dezakeen isunaren harira, hauxe esan zuen: «Tamalgarria iruditzen zaigu euskaldun batek beste euskaldun bati euskaraz egitearren horrelako arazoak izatea. Euskal merkatua dugu helburu, eta gure kontsumitzaileak euskaldunak edo euskara maite dutenak dira».
Arauak betetzen dituelakoan
Euskal Herria Esneak urratutako artikuluak salbuespen bat ezartzen du bigarren parrafoan: erkidego batean ekoitzi eta saldutako produktu tradizionalen kasuan, posible da soilik erkidegoko hizkuntzan etiketatzea. Horren arabera testuak interpretazio ezberdinak eduki ditzakeela esan du Garaik. Kooperatibako abokatuek egindako txosten juridikoaren arabera Euskal Herria Esneak baldintza horiek betetzen dituela jakinarazi du.
Ontziratzeari dagokionez, Euskal Herrian egiteko ahalegina egin zuen Euskal Herria Esneak, kooperatiba berriaren arabera. Euskal Herriko ontziratze zentro bakarrak Kaiku eta Iparlat taldekoenak dira, eta kooperatiba berriak salatu du oraingoz ez dutela onartu eurekin lan egitea.
Jaurlaritzak ekin dio Euskal Herria Esnearen aurka, Kaikuk izenaz ohartarazi ostean
Kooperatiba berriaren izenak «nahasmena» sor dezakeela seinalatu zion Eusko Jaurlaritzari Kaiku Kooperatibak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu