Iazko industria jardueraren motelaldiak izan zuen ondorio onik ere hondakinen eremuan. Zaldibarko zabortegiarekin batera, hondakin ez-arriskutsuak —industrialak eta inerteak— isurtzeko zabortegirik handienetako bat galdu zuen Euskal Herriak iaz, baina, pandemiaren ondorioz, aspaldiko hondakin gutxien iritsi zen zabortegietara. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 2019tik 2020ra ia laurden bat gutxitu zen zabortegietara bidalitako hondakin ez-arriskutsuen kantitatea: 2,2 milioi tona joan ziren 2019an, eta 1,7 milioi tona 2020an.
Aintzat hartzekoa da beste datu bat ere: 2020an, 850.000 tona hondakin hartzen zituzten hiru instalazio itxi zituzten: Zaldibar, Mutiloa eta Larrabetzu. Horrek alarmak piztu zituen administrazioan eta industrian, bat-batean ia erdira gutxitu zelako hondakin ez-arriskutsuak biltzeko zeuden zabortegien edukiera. Ingurumen Sailak dekretu bat egin zuen iazko martxoaren 5ean, eta hor hainbat neurri hartu zituen egoerari aurre egiteko.
Aurtengo urtarrilean, Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak Hondakinak kudeatzeko eta prebenitzeko plana /2030 dokumenturen aurrerapena aurkeztu zuen. Besteak beste, hamarkada honetan birziklatutako hondakin ez-arriskutsuen proportzioa %85ra iristea jarri zuen helburu gisa —gaur egun %57 birziklatzen da—, eta, bide batez, %15era gutxitzea zabortegietara bidaliko dena.
Agiri horretan, Jaurlaritzak aitortu zuen ezen, Zaldibarko, Mutiloako eta Larrabetzuko zabortegiak itxi ostean, hamarkada honetan 4 milioi metro kubo isurtzeko ahalmena dagoela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan irekita dauden zabortegietan. Hala, jarduera ekonomikoak sortuko dituen hondakinetarako defizit handia daukala ere aitortu du: 7,5 milioi metro kubo hondakinentzako lekua beharko du hiru herrialdeetako ekonomiak 2030erako. Hau da, gaur egun dagoen ahalmena bikoiztu egin beharko da Jaurlaritzak aurreikusitako hondakinak jasotzeko.
Iazko urtea salbuespena izan da: batetik, Zaldibarko hondamendiagatik; eta, bestetik, pandemiak eraginda jarduera moteldu zelako. Hala, hiru herrialdeetan dauden hamar zabortegietara ez ezik, erkidego autonomotik kanpoko beste batzuetara ere bidali dituzte hondakinak enpresek, Jaurlaritzak jakinarazi duenez. Kanpora bidalitakoak «gutxi» direla azpimarratu dute gobernuko iturriek, hala ere. Beste kopuru bat «balorizazio prozesuetara» bideratu dela gaineratu dute. Zaldibarrek 500.000 tona hondakin biltzen zituen urtero, eta horietako zenbait Merueloko zabortegira (Kantabria, Espainia) eraman zituzten 2020an.
Gipuzkoan, Epeleren aukera
BERRIAk jakin duenez, Epeleko (Bergara, Gipuzkoa) zabortegia berriz irekitzeko proposamen bat egin dio Debagoieneko Mankomunitateak Eusko Jaurlaritzari. Epelek 465.000 tona hondakin biltzeko lekua badu ere, itxita dago 2018tik. Haren bideragarritasun ekonomikoa zalantzan zuela itxi zuten instalazioa, besteak beste, haren bezero nagusietako batzuk Zaldibarrera joan zirelako, han merkeagoa zelako eta kontrol lausoagoak zeudelako. Debagoieneko Juntak berriz irekitzea onartu du, baina baldintza batzuk jarri dizkio Jaurlaritzari: ingurumen legeak betetzea, EAEtik kanpoko hondakinak ez jasotzea, eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzea. Hots, jarduerari nolabaiteko bermea ematea. Bide horretan, Debagoienak eskatu dio Jaurlaritzari berak egin dezala zabortegia berriz irekitzeko beharko litzatekeen inbertsioa (bi milioi euro inguru), eta, gero, jasotako hondakinen etekinekin zor hori kitatzea. EH Bilduk gehiengoa du mankomunitatean, baina alderdi guztiek babestu dute proposamena. Horri dagokionez, gobernuko iturriek aitortu dute emana diela mankomunitateak zabortegiaren «egoeraren inguruko informazioa», baina ez dute argitu ontzat jotzen duten edo ez.
Mankomunitateak, baina, jaso du Jaurlaritzaren informazio eskaera bat hitzarmena lantzeko, eta, beraz, pentsa daiteke negoziatzeko borondatea duela. Mankomunitatean, izan dituzte jadanik industria arloko enpresen deiak, zabortegia zertan den galdetzeko... Bi erakundeak ados jarriz gero, urtebete beharko luke Epeleko ateak berriz irekitzeko.
Mutiloako Lurpe zabortegia itxi zutenetik, Gipuzkoan ia ez dago hondakin ez-arriskutsuetarako lekurik. Iaz, Azkoitian Larke 360 enpresak Azkarate inguruan martxan jarri nahi duen balorizazio plantak hautsak harrotu zituen herrian eta eskualdean. Proiektua zabortegi bat ez, baizik eta obra eta industria hondakinak balorizatzeko planta bat izango zela adierazi zuten sustatzaileek, baina herritarrak eta udal oposizioa kontra agertu ziren.
Hori ikusita, eta Zaldibarko hondamendiak eragindako egoeraren beldur, proiektua eten zuen Azkoitiko Udalak, eta adostasuna lortzeko parte hartze prozesu bat hitzeman zuen. Berriki, EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordeak erabaki du ez dela egokia udalak egitasmoa eteteko hartutako ebazpena. Horrek atezuan jarri ditu, berriz, proiektuaren aurkako taldeak, eta ikusi egin beharko da, beraz, zer egingo duten udalak eta sustatzaileek. Berez, urtean 200.000 tona hondakin ez-arriskutsu jasotzeko ahalmena izango luke instalazioak. Gai horretaz galdetuta, Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak zehaztu du Azkoitikoa «eraikuntza hondakinak birziklatzeko planta bat» dela, ez zabortegi bat.
Herrialdean oihartzuna izan zuen, era berean, GHK-k eskatuta Jaurlaritzak Zubietako erraustegiari aurten onartutako ingurumen baimen bateratuaren moldaketak. Izan ere, horren bidez, industria jatorriko hondakinak ere errausteko bidea ireki baitie instalazioko labeei. Jaurlaritzak azaldu duenez, bai Zabalgarbik eta bai Zubietak badute baimena «birziklapen prozesu industrialetan tratatutako hondakinak» jasotzeko, eta ez du jaso hori ez den bestelako eskaerarik.
Mugimenduak Bizkaian
Zaldibarko zabortegia amildu ostean, industria jarduerak sortutako hondakinak biltzeko zabortegirik handienak Bizkaian geratu dira; bereziki, Mallabiko Bete Arte, Zallako Las Lagunas eta Lemoako Bistibietakoa. Denek dute arazo bera: betetzeko zorian daude. Zaldibar itxi ostean, gainera, larritu egin da haien egoera. Horri aurre egiteko mugimenduak hasi dituzte.
Esate baterako, Bistibietako zabortegia kudeatzen duen enpresak, FCCk, zabortegia handitzeko tramiteak hasi ditu. Instalazioaren edukiera %41 handitu nahi du, eta hasi ditu udalean eta Jaurlaritzan egin beharreko tramiteak, besteak beste, ingurumen baimen bateratua aldatzeko. Ekologistak Martxan taldeak, adibidez, ondorioztatu du aldaketa horri dagozkion eraginak «handiak» eta «kritikoak» direla. Halaber, erakundeek aintzat hartzeko zazpi puntuko proposamen bat landu du.
El Correo egunkariak, proiektu horri buruzko artikulu batean, Jaurlaritzaren iturriak aipatuz, zabaldu zuen ez dela sartzen «gobernuaren planetan», eta Lemoako Udala ere (EH Bildu) aurka azaldu da. Proiektua gauzatuko balitz, 600.000 metro kuboko edukiera gehituko luke.
Zallako zabortegia ere handitzeko prozesuan da. Jaurlaritzak eta Zallako Udalak baimena eman diote berriki Cespa enpresari, 9B handitze fasea hasteko. Hala ere, gehienez bi ziega eta erdi izango lituzke zabortegia guztiz bete baino lehen. Jarduteko baimena 2023ra artekoa du.
Zeresana ematen ari dira beste zenbait proiektu ere. Horietako aurreratuena Artxanda inguruan da (Bilbo), Enekuriko udal zabortegi zaharraren eremutik gertu. Bidezain SMk jarri nahi du martxan. Enpresa horrek hainbat tramite egin ditu, udalean eta Jaurlaritzan, 26,7 hektareako eremu bat hondakin ez-arriskutsuetarako zabortegi bihurtzeko. Ingurua lindanoz kutsatuta dago, eta enpresa prest agertu da kutsadura garbitzeko. Areago, sasitza kentzeko lan batzuk egin ditu, eta baimena eskatu dio udalari zundaketak hasteko. Espedientean Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren eta Uraren Agentziaren aldeko ebaluazioak jaso ditu, eta oraingoz ez diote trabarik jarri. Ondoan Bilboko Udalaren Enekuriko zabortegi zaharra badago ere, isurtegi berria beste eremu batean legoke.
Ekologistak Martxan-ek kritikatu du zabortegi zaharraren kutsadura garbitzeko prozesua nahastu nahi izatea zabortegi proiektu berri batekin. Izan ere, gogorarazi du ekinbide judizialen ondorioz epaileek erabaki zutela Bilboko Udalari dagokiola inguru horretako lindanoa garbitzea. Ekologistek susmoa dute zabortegi berria martxan jartzeko amarru bat egon daitekeela lindano kutsadura kentzeko enpresaren eskaintzaren atzean.
Artxandatik gertu dago kezka eta harrabotsa sortu dituen beste proiektu bat: Lezamakoa. Ez da nolanahikoa Promociones Zubiarraun 2004 sustatzaileak planteatu duen egitasmoa: Lezamako Aretxalde auzoan, Zamudioko mugan, 40 hektareako azpiegitura bat jartzea planteatu du: balorizazio planta bat eta zabortegi bat, 4 milioi metro kubokoa azken hori. Konparazio baterako, Zaldibarkoaren edukiera bikoiztu egingo luke, eta Euskal Herriko zabortegirik handiena bihurtuko litzateke.
Egitasmoak kontrako iritzi asko sortu ditu eskualdean, eta Lezamako Udalak berak —EAJk gobernatzen du— esan du ez dela posible herrian halakorik egitea, arau subsidiarioek ez dutelako horretarako aukerarik ematen. Udala hiri-antolaketa plan orokor berri bat idazten hasi da, eta herritarrekin egin nahi du aurrera. Jaurlaritzak ez du proiektu horretarako baimen eskaerarik jaso, BERRIAri esan dionez.
Aukera izan dezakeen beste proiektu bat Jatako zabortegia da. Bizkaiko hiri hondakinak jasotzeko zerbitzua eman bazuen ere denbora luzez, itxi eta duela gutxi berriz ireki zuten, pixka bat handituta. Garbikerrek kudeatzen du —Bizkaiko Diputazioaren enpresa publikoa—, eta, oraingoz proiektu zehatzik aurkeztu ez badute ere, litekeena da are gehiago handitzea, haranean behera, Urbietako urtegiraino. Egungo eremua bikoiztuko luke horrela. Horixe esan diote zenbait iturrik BERRIAri. Jaurlaritzak azaldu du Jatako zabortegiak baimena daukala hondakinak kudeatzeko, eta, beraz, eskaera aurkeztuko balu ez litzatekeela berriz irekitzeko prozedura bat izango. Zabortegi horretan ere lindanoa dago.
Gaia gertutik ezagutzen duten aditu zenbaitek diotenez, Bizkaian aurrera egiteko aukera handiena duten bi egitasmoak Artxanda eta Jatakoak dira.
Araban, Gardelegi
Martxan dauden zabortegietako bat da Gardelegikoa, Gasteizen. Han ere sumatu zuten iaz Zaldibar itxi izana, eta ia 18.000 tona hondakin gehiago jaso zituzten 2019an baino: %18 gehiago. Gasteizko Udalak asmoa du zabortegia handitzeko, beste 220.000 tona hartzeko tokia izan dezan —ia 300.000 metro kubo gehiago—. Iazko ekainean sute bat gertatu zen han, eta talde ekologisten arbuioa eragin zuen horrek. Zallakoan ere hainbat sute gertatu dira azken urteotan. Hain justu ere, Zallako zabortegian atzemandako kontrol akatsek zeresana eman dute, besteak beste, Eusko Legebiltzarrean.
Jaurlaritzak dio zabortegien edukiera bikoiztu egin beharko dela 2030erako
Zaldibar, Mutiloa eta Larrabetzukoak itxita, 4 milioi metro kubo hartzeko ahalmena dute zabortegiek, 2030era arte beharko denaren erdia. Epele berriz irekitzeko prozesua martxan da, eta Bizkaiko zenbait proiektu ate joka dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu