Jaurlaritzak dio onartzen duela D3M eta Askatasunaren epaia

Sortu legeztatzeari buruzko erabakia «lehenbailehen» plazaratzeko eskatu du Idoia Mendiak

Erredakzioa
Bilbo
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak «errespetatu eta onartu» egiten du Espainiako Auzitegi Nazionalak D3M eta Askatasunari dagokion auzian emandako absoluzio epaia. «Epai guztiak errespetatzen eta onartzen ditu Jaurlaritzak, eta hau ez da salbuespena», azaldu du Idoia Mendia bozeramaileak.

Antzeko hitzekin babestu du erabakia PSE-EEk, Jose Antonio Pastor bozeramailearen ahotik: «Epaia errespetatzen eta babesten dugu, baina erabakia kontrakoa izango balitz ere gauza bera esango genuke, Estatuko botere banaketaren izenean».

Sorturi begira

Auzitegien erabaki guztiekiko errespetua azaldu eta jarraian, Sorturi buruzko erabakiari begira jarri dira bai Jaurlaritzaren bozeramailea, bai PSErena. Mendiaren hitzetan, D3M eta Askatasunari dagokion auzian aztertutako materiala eta Sorturenean aztertu beharrekoa «desberdinak» dira. Hala ere, epaia «lehenbailehen» ezagutzeko premia dagoela dio. Arintasuna eskatu du.

Pastorren iritziz, bi auziak ez dira horren desberdinak. D3M eta Askatasunaren epaiaren oinarria ekarri du gogora: Ezker abertzalearekin ideologikoki lotutako hautagaitzak sustatzea bera ez da delitua. Horrek «jurisprudentzia» sor dezakeela esan du Pastorrek, eta Sorturi dagokion erabakian eragin dezakeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.