Jaurlaritzak bukatutzat jo du Gipuzkoako AHTaren oinarria, ia 2.000 milioi euro erabilita

Orain lehentasuna hiriburuetako geltokiak bukatzea da, Iñaki Arriola sailburuaren esanetan; Donostiako geltokia 2025 amaitzerako prest edukitzea espero dutela berretsi du.

Denis Itxaso eta Iñaki Arriola, Ergobiako zubian. IREKIA
Denis Itxaso eta Iñaki Arriola, Ergobiako zubian. IREKIA
mikel p ansa
2024ko otsailaren 13a
09:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzak bukatu ditu Gipuzkoan tren lasterraren bidearentzat egin behar zituen obrak. Bilbo, Gasteiz eta Donostia trenbidez lotzekoak dituen Euskal Y-aren Gipuzkoako plataformaren lanak bere gain hartu zituen Jaurlaritzak 2008ko udaberrian; hortaz, hamasei urte behar izan ditu ia 61 kilometroko plataforma egiteko. Orain artean, Gipuzkoako zatian bakarrik, ia 2.000 milioi euro —1.948 milioi, zehazki— gastatu dituzte obra horretan, Donostiako geltokiko lanak bukatu gabe daudela.

Iñaki Arriola Garraio sailburuak adierazi du hiriburuetara sartzeko azpiegiturak izango direla lehentasuna orain, eta ziurtatu du 2025erako Donostiako geltoki berria egokituta egongo dela AHT abiadura handiko trena hartzeko. Donostian ari dira lanean, eta Bilboko geltoki berria eraikitzeko lanak aurten bertan lizitatuko dituztela espero dute. Sailburuak jakinarazi du Adif bitartean Indalecio Prieto geltoki intermodala eraldatzeko proiektua lantzen ari dela. Gasteizko geltokiaren proiektua atzeratuago dago: trena hiriburura iristeko proiektua idazten ari da Adif. Gipuzkoan, berriz, Astigarragatik Donostiarako lotura ere egin beharko dute.

Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria eta Arriola joan dira obrak bisitatzera gaur, Ergobiara. Sailburuak obraren konplexutasuna nabarmendu du; AHTaren Bergara eta Astigarraga arteko 61 kilometro horietatik %80 tuneletik egingo ditu, eta %13, zubien gainetik; 4,2 kilometro baino ez ditu egiten lur gainetik, beraz. Bukatutzat eman duten Astigarraga zati hori zubi bat da, eta tren lasterraren obrek eskatu duten ingeniaritza lanaren adierazgarri gisa seinalatu du Arriolak: «1,4 kilometroko bide-zubia den tarte hau eraikitzeko, hiru eraikuntza metodo erabili behar izan dira». Nabarmendu du inguruan ez dela gisa bereko zubi tenkaturik, eta, gainera, Urumea ibaia bi aldiz zeharkatzen du zubiak, eta tartean A-15 errepidea ere pasatzen da.

Duela lau urte, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantxa Tapia Garapen sailburua Antzuolan egon ziren, eta Gipuzkoako zatiko obrak ia bukatutzat eman zituzten, baina Astigarragan falta zen zubiaren obrak errematatzea. Urte askoan geldirik egon da Hernani eta Astigarraga arteko zati hori, izan ere: 2011n hasi ziren obrak, eta handik lau urtera geldiarazi zituzten, Espainiako Sustapen Ministerioak tren lasterreko proiektuetan orduan egindako murrizketen ondorioz. Garraio Sailak, orain, adierazi du «zenbait erremate» falta direla zati horretan, baina %1 baino gutxiago dela, eta Astigarragan geltokia eraikitzeko proiektuaren arabera moldatu beharko direla falta diren «erremate» horiek.

Tunelak, zubiak eta plataformak eraikita ere, trena martxan jartzeko gauza gehiago falta dira, ez da nahikoa hormigoizko oinarri bat: trenbidea bera, seinaleak, segurtasun sistemak, gainegitura guztia... jartzeko daude. Arriolak gaur esandakoaren arabera, baliteke instituzioak aurki hastea gainegitura prestatzeko lan horiek lizitatzen. Baina geltokiak ere bukatzeko daude. Amaiezina dirudien arren, Arriolak adierazi du «tunelaren bukaeran argia» agertzen hasi dela. «Helburua da azpiegitura 2027 bukaeran inauguratzea». Itxasok esan du ahaleginduko direla helburu horri eusten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.