Jaurlaritzak bidea ireki nahi du ibilgailu motordunei hirietan tasak jartzeko

Iñaki Arriolaren sailak aurkeztu du mugikortasun iraunkorra bultzatuko duen lege proiektua, eta orain bere bidea hasiko du legebiltzarrean

Iñaki Arriola sailburua, artxiboko argazki batean. RAUL BOGAJO / FOKU.
jone arruabarrena
2022ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Iraunkorrak izango diren garraiatzeko moduak sortzea. Hori da, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuaren arabera, lege berriak izango duen helburu nagusia. Garraio pribatuaren ingurukoa da legeak proposatzen duen aldaketa nagusia. Esan duenez, udal bakoitzari aukera emango zaio herri eta hirien erdialdera ibilgailu motordun pribatuekin sartzea debekatzeko, edo tasak ezartzeko.

Hain zuzen, Mugikortasun Jasangarriaren Lege proiektua onartu dute gobernu bileran; orain legebiltzarrean jarraituko du bere bidea legeak, bertan onartu eta indarrean sartu arte. Besteak beste, «garraio publikoa eta erregai jasangarriak» sustatu eta oinezko zein bizikletei lehentasuna eman nahi die Arriolaren sailak lege honen bidez.

Horretarako, ibilgailu pribatuen erabilera «eragozteko» neurriak ezarriko ditu legeak. Orain arte ere, udalek izan dute horretarako aukera, baina sailburuak adierazi du legearen bitartez «eskumen handiagoa» emango zaiela lege berriarekin.

Legean azaltzen da, hala ere, ibilgailu horiei sarrera eragozteko arrazoiak justifikatu beharko dituela udalak, eta debekua era «proportzionatuan» erabiliko dela.

Sailburuak azaldu duenez, ingurumenari eta herritarrei mesede egingo dien garraio sistema bat sortu nahi izan dute. Horretarako «irisgarritasun unibertsala» lortzea izan da helburuetako bat, eta baita aireko kutsadura eta kutsadura akustikoa murriztea ere.

Izan ere, Arriolak adierazi du 2019. urtean, esaterako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 18,6 milioi tona karbono dioxido isuri zirela airera; horien %30, garraioaren eraginez.

Legearen bidez, esaterako, mugikortasun aktiboa sustatuko da. Besteak beste, zerbitzu publikoetako eraikinetan eta tren eta autobus geltokietan bizikletentzako aparkalekuak jarriko dituzte.

Era berean, garraio publikoa ere sustatu nahi du Arriolaren sailak. «Mugikortasuna modu irisgarri, jasangarri, eraginkor eta efizientean» bermatu nahi dute, eta trena izango da garraio publikoaren ardatz nagusia; errepideek osagarri gisa jardungo dute. Sailburuak azaldu du aparkaleku handiak ere egingo direla hirien kanpoaldean, eta gero bertatik erdialdera mugitzeko garraio publikoa erabili ahal izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.