Eusko Jaurlaritzak kautelaz Profersa enpresa ixteko agindua eman zuen atzo, bi astean bi istripu izan baitira, eta hamabost egun eman dizkio enpresari konponketa teknikoak egiteko, Europa Press albiste agentziaren arabera. Aldaketak egin ostean Eusko Jaurlaritzak ikusten badu konponketa horiek eragin positiboa izan dutela, lantegia berriro ireki ahal izango dute.
Bestalde, Aitor Aldasoro Ingurumen eta Jasangarritasun sailburuordeak EITBrekin hitz egin du, eta «lasaitasuna» eskatu die bizilagunei. Osasunaren aldetik «arriskurik ez» dagoela nabarmendu du, eta gaineratu egoeraren «gainean» daudela eta Bilboko Udalarekin koordinazio lanean dabiltzala: «Bilboko Udalarekin harremanetan gaude bi neurgailu jartzeko, eta edozer dela ere gainean egongo gara jendearen osasuna bermatzeko».
Apirilaren 26an eta maiatzaren 11n izandako istripuen ostean airearen kalitatea neurtu zutela adierazi du Aldasorok; lehenengo istripuaren ostean, «itxura batez» ez zuten ikusi osasun publikoarentzat mehatxu izan zitekeenik, eta bigarren istripuaren ostean aldatu zuen Jaurlaritzak jokaera: «Bigarrena gertatu ostean segurtasun neurri batzuk harrarazi nahi zaizkie, berriro horrelakorik pasa ez dadin, edo pasatzen bada automatikoki gelditu dadin planta. Behin-behineko itxierak horri erantzuten dio: neurri horiek hartu arte ez da komeni planta irekitzea, berriro ere arrisku berean geundekeelako, nahiz eta isuriek ez duten eraginik pertsonen osasunean; hori da garrantzitsuena. Baina ezin gara hamabost egunean behin horrela ibili».