Jaurlaritzak bertan behera utzi du Cantoblancon parke eolikoa egiteko proiektua

Ingurumenari kalte egingo liokeela ondorioztatu dute ingurumen inpaktuari buruzko txostenean, eta horregatik bota dute atzera.

Euskal Herria Bizirik taldearen protesta bat, iaz, energia berriztagarrien lurralde planaren aurka. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Euskal Herria Bizirik taldearen protesta bat, iaz, energia berriztagarrien lurralde planaren aurka. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2024ko abuztuaren 9a
13:15
Entzun

Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak lau parke eoliko eraikitzeko proiektuak zeuzkaten esku artean Arabarako, eta haietako bat —Cantoblancoko parkekoa— bertan behera geratuko da, ingurumen inpaktuari buruzko txostenak ondorioztatu baitu ingurumenari kalte egingo liokeela. Beste hiru proiektuek aurrera segitzen dute: Azazetakoak eta Labrazakoak dagoeneko badituzte ingurumen baimenak. Eta Itsarazkoak Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren ingurumen txosten positiboak jaso ditu, eta behin betiko ingurumen inpaktuaren adierazpenaren zain dago, Espainiako Gobernuaren eskumenekoa baita.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi du erabakia. Adierazi duenez, Cantoblancoko egitasmoa atzera bota izanak erakusten du administrazioek «modu bermatzailean» jarduten dutela ingurumenaren ikuspegitik. Eta berretsi dute azpiegitura berriztagarriak bizkortzea premiazkoa dela etorkizun industriala bermatzeko.

Jaurlaritzaren arabera, Cantoblancoko mendilerroak interes handia du faunari begira, hegazti harraparien bikote askorentzat bizitzeko eta elikatzeko eremua baita. Horregatik ez dute parke eolikorik eraikiko.

Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua eta Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia bat datoz energia berdeko azpiegiturak bizkortzeko premian, oharraren arabera. Proiektu berriztagarrien kudeaketan eta tramitazioan koordinatuta aurrera segituko dutela esan dute, ingurumen berme guztiekin eta tokian tokiko eragileekin kontrastatuta. 

Izan ere, ez dira gutxi izan parke eoliko horiek eraikitzeko proposamenak eragindako desadostasunak. Arabako Mendiak Aske elkarteak parke eolikoen aurkako hainbat protesta antolatu ditu, esaterako, uste dutelako biodibertsitatean eta ingurumenean kalteak eragingo dituztela.

Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak oharrean azaldu dutenez, kontsumo elektrikoa 2.110 gigawatt-ordukoa izan zen iaz Araban, eta %15,1 bakarrik izan zen lurraldean sortutako energia berriztagarria. «Lurraldearen mendekotasun energetikoa eta industriaren etorkizuneko bideragarritasuna erakundeen, enpresen eta herritarren inplikazioarekin irauli beharreko errealitatea da». Jauregik eta Gonzalezek eskatu dute energia berriztagarrien proiektu berriak instalatzeari buruzko eztabaida «lasaia eta arrazionala» izan dadila.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.