Joan den legealdian, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu zelarik, Gasteizko Santiago erietxeko larrialdiak itxi eta Txagorritxuko ospitalean bateratzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak. Harrezkero, Santiago erietxeak ez du larrialdi zerbitzurik, eta soilik anbulantziek bideratutako kasuetarako dago erabilgarri. Erabaki horren ondorioz, Txagorritxuko larrialdiek gainezka egin dute maiz, eta erabiltzaileen eta osasun profesionalen protestak piztu dira horregatik: Txagorritxuko larrialdi zerbitzuen masifikazioa salatu izan dute bertako langileek, eta Santiagoko larrialdiak berriz irekitzeko eskatu izan dute protesten bidez. Bada, eskaera horiek aintzat hartu ditu orain Eusko Jaurlaritzak, eta Alberto Martinez Osasun sailburuak iragarri du berriro martxan jarriko dituztela Santiago ospitaleko larrialdiak.
Gasteizko San Martin auzoko osasun etxean agerraldia egin dute gaur Osasun sailburuak eta Imanol Pradales lehendakariak, eta han egin dute iragarpena. Biek ala biek iragarri dute martxoaren 31n jarriko dela martxan Santiago erietxeko larrialdi zerbitzua, eta, horren harira, osasun profesional gehiago izango direla han lanean. Erabakiari buruzko xehetasun batzuk ere eman ditu Osasun sailburuak, kazetariek eskatuta: oraingoz ez dakite zenbat profesional izango diren, baina egungo premiei erantzuteko adina izango dira, eta, ziurrenera, 24 orduz arreta eskainiko duten bi kontsulta izango ditu zerbitzuak.
«Arta eskariaren arabera hartzen ditugu erabakiak, ez irizpide politikoen arabera»
ALBERTO MARTINEZEusko Jaurlaritzako Osasun sailburua
Gasteiz osoko larrialdiak «indartuko» dituzte hala, Martinezek azpimarratu duenez. Zehaztu du erabakiak ez duela aurreko gobernuaren erabakien aurka egiten, eta egungo beharrak aztertuta hartua dela. «Arta eskariaren arabera hartzen ditugu erabakiak, ez irizpide politikoen arabera», erantsi du.
Nolanahi ere, azken hilabeteotako hainbat erabakik agerian uzten dute Pradalesen gobernua bertan behera uzten ari dela aurreko gobernuak hartutako zenbait neurri. Horren erakusgarri dira Santiagoko larrialdiak berriro abian jartzea eta San Martin auzoko etengabeko arretako gunea irekitzea. 2019an itxi zutenetik, ohikoak izan dira herritarren eta profesionalen kexak. Osasun Publikoa Aurrera herri plataformak, esaterako, askotan eskatu du etengabeko arretako gune hori berriz zabaltzeko. Jaurlaritzak iazko irailean iragarri zuen berriro irekiko zuela, eta otsail hasieran zabaldu zuen.
Mediku falta
Pradalesek agerraldia baliatu du Eusko Jaurlaritzak azken hilabeteotan osasun arloan egindako lanaren balantzea egiteko. Azpimarratu du gobernuak urrats ugari egin dituela osasun sistema publikoaren kalitatea «hobetzeko»: besteak beste, aipatu du lehen mailako arretako itxaron zerrenda laburtu egin dela eta orain 1,7 egunekoa dela, kirurgiako eta kontsultako itxaron zerrendak hirurogei egunetik beherakoak direla, eta paziente onkologiko eta kardiakoen ebakuntzetarako itxaronaldia legez ezarritako epeen azpitik dagoela.
Halaber, lanpostuak sortzeko eta daudenak egonkortzeko lanean ari direla nabarmendu du lehendakariak. Gogoratu du Osakidetzan 11.000 postu baino gehiago egonkortzeko asmoa dutela. Izan ere, 2018-2019 aldiko LEP lan eskaintza publikoko postu guztiak adjudikatu dituzte, eta martxorako ebatzita egongo dira 2020tik 2022rako LEPak, baita 2021ean egin zuten egonkortze LEPa ere.
Abenduan beste 4.000 postu adjudikatzeko eskaintza publiko batera deitzeko konpromisoa dutela ere nabarmendu du Martinezek. Izan ere, 1.265 postutarako lan eskaintza publikoa egitea onartu zuten 2023an, 1.896 postutarakoa iaz, eta 1.084 postutarakoa aurten. Postu horiek —guztira, 4.000 inguru— eskuratzeko oposizioetara deituko dute ekainetik aurrera, eta azterketak datorren urtean egin asmo dituzte.
Gainera, iragarri du datozen asteetan LEP berezi bat onartuko dutela, eta Familia Medikuntzako, Pediatriako, Psikiatriako eta Haur Psikiatriako berrehun postu eskaini. Lehiaketa hori, baina, sindikatuekin negoziatzen ari dira, mahai sektorialean.
Martinezek esan du Osakidetza indartzen jarraitzeko konpromisoa dutela, bide orri argia dutela, horretarako aurrekontua ere bai, baina medikuak falta dituztela. «Badakigu zer egin eta nola egin. Aurrekontua badugu, baina medikuak falta zaizkigu». Ohartarazi du mediku gabezia dela egungo osasun sistemaren «korapilorik handiena», eta Espainiako Osasun Ministerioaren eskumena dela horri irtenbidea ematea.
LAA Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak, ordea, aste honen hasieran nabarmendu du ez dela egia medikuak falta direnik: «Lehen arretako profesionalen lan baldintzak dira benetako arazoa, horien eraginez hautatzen baitituzte askok beste lan eremu batzuk». Mediku falta dagoelako ideia gezurtatzeko, Espainiako Osasun Ministerioak emandako datuak erabili dituzte argudio gisa: batetik, duela bi urte 6.000 sendagile baino gehiago graduatu ziren Medikuntzan; bestetik, BAME barruko mediku egoiliarren postuak ugarituz joan dira, eta 2.500 postu inguru eskaini zituzten iaz familia medikuntzarako.
ELA: «Baliabideak ez dira handituko»
ELA sindikatuak salatu du Eusko Jaurlaritzak Gasteizko etengabeko arretako gunea berriz ireki izanak ez duela esan nahi pazienteak artatzeko langile gehiago egongo direnik. Izan ere, sindikatuaren arabera, Osakidetzak San Martingo gunera mugituko ditu Olagibeleko etengabeko arretako gunean aritzen diren langile batzuk, eta, hortaz, egungo lantaldea «bitan» zatituko da bi zentroetako pazienteak artatzeko. «Emaitza argia da: herritarrek aukera izango dute toki batera ez baizik eta bitara joateko, baina ez dute langile gehiagorik jarriko haien beharrei erantzuteko». Sindikatuaren iritziz, beraz, langile nahikorik gabe arituko dira bi guneetan.
ELAk salatu du Olagibel osasun etxeko arretako gunean aritzen diren profesionalek lan zama handia dutela, profesional nahikorik ez dagoelako, eta ohikoa dela pazienteak ilaran eta zain egotea. Eta uste du orain etengabeko arretako gune bat irekitzeak ez dituela desagerraraziko ez gainkarga eta ez kolapsoa.
LABen protesta
LAB sindikatuak elkarretaratzeak egin ditu gaur Santiago ospitalearen eta Txagorritxukoaren aurrean, salatzeko Osakidetza aldi baterako langileen eskubideak urratzen ari dela. Sindikatuak adierazi du Osakidetzako zuzendaritzak urtebete baino gehiago daramala aldi baterako kontratazio zerrendak eguneratu gabe eta egungo kontratazio protokoloa bete gabe.
LABen arabera, aldi baterako zerrenda horietan inskribatu berriak ez dituzte zerrendan sartzen: zerrendak ez dituzte eguneratu 2018-2019ko LEPko notekin, eta langileek aukeratu duten ESIren bat aldatzea eskatzen dutenean, aldaketa ez da islatzen. Hala lanerako eskubidea urratzea dela dio LABek, batez ere behin-behineko langileen lanerako eskubidea, baina, oro har, Osakidetzan lan egin nahi duten herritar guztiena. Sindikatuak dio Osakidetzako zuzendaritza kontratazio akordio berria urratzen ari dela.
Itundutako zerbitzuak
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Eusko Legebiltzarrera bidali ditu Osakidetzak enpresa pribatuekin itunduta dauzkan zerbitzuen inguruko datuak, EH Bilduk eskatuta. Horien arabera, Osakidetzak ia 300 milioi euro ordaindu zizkien erietxe pribatuei 2024an, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxe publikoetako erabiltzaileen itxaronaldia laburragoa izan zedin. Aurreko urtearekin alderatuta, %11,5 gehiago ordaindu die —2023an, 269 milioi euro jarri zituen Osakidetzak klinika pribatuekin itunduta dauzkan zerbitzuetarako—.
Ia 300 milioi horietatik 110 milioi inguru garraio sanitarioan aritzen diren enpresentzat izan zen, hau da, La Pau, Ambulancias Gipuzkoa eta Sanirrentzat. Klinika pribatuekin itundutako zerbitzuei dagokienez, 72,8 milioi jaso zituzten Osakidetzak bideratutako pazienteei ebakuntza kirurgikoak egiteagatik.