Koronabirusa. Greba hezkuntzan

Jaurlaritzak bat egin du hezkuntza komunitateak duen kezkarekin

Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledunak ziurtatu du ikasketa presentzialak bermatzeko neurriak hartuko dituztela. Elkarlanera deitu du

Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako eleduna, atzoko prentsa agerraldian. IREKIA.
Mikel O. Iribar.
2020ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak atzoko hezkuntzako grebaz egin zituen adierazpenen harira, Bingen Zupiria Jaurlaritzako eledunak izkin egin zion eztabaida horretan sartzeari, atzoko prentsa agerraldian. Zupiriak adierazi zuenez, «Jaurlaritzak bat egin du hezkuntza komunitateak duen kezkarekin eta ezinegonarekin». Ildo beretik, hitzeman zuen gobernuak «hezkuntza eskubidea eta, ahal den heinean, ikasketa presentzialak bermatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak» hartuko dituela; hezkuntza komunitateak duen helburu bera, hain zuzen ere.

Hortaz, Jaurlaritzako eledunak azpimarratu zuen hezkuntzan gertatutakoa «aztertu» egin beharko litzatekeela, baita «autokritika» egitea ere. Horrez gain, grebaren «erantzun zabala» onartu, eta, Jaurlaritzak «errespetuz» hartu zuela aitortu arren, Zupiriari «harridura» sorrarazi zion EAEn bakarrik ikasturte hasiera eten izanak.

Hezkuntza Sailak emandako datuen arabera, %45eko erantzuna izan zuen grebak. Zupiriak, ordea, ez zuen oihartzunaren inguruko «kopuru gerra» horretan sartu nahi izan. Jaurlaritzak, bestalde, eskaera egin dio hezkuntza komunitateari elkarrekin lan egin dezaten. «Ikasturte zail honi eta ikasketa presentzialen erronkari erantzun bateratua eman behar diogu», esan zuen Zupiriak.

Jaurlaritzarekin kritiko

Oposizioko alderdiak kritiko azaldu dira Jaurlaritzak hezkuntza komunitatean dagoen arazoari konponbidea ez emateagatik. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren esanetan, «eztabaidaren erdigunera» eraman behar da hezkuntzan bizi den egoera, «grebari buruz eztabaidatu» beharrean. Nabarmendu duenez, «grebarako deialdia egin da, besteak bestek, behar diren irakasleak kontratatu ez direlako».

Carmelo Barrio, PP eta Ciudadanos alderdiek osatzen duten koalizioko bozeramailearen iritziz, berriz, atzoko greba ez dago «sozialki justifikatuta», eta konponbidea aurkitzeko ez da bide egokia. Era berean, nabarmendu zuen gurasoek eta haien seme-alabek ez dutela zertan Jaurlaritzaren hutsen ondorioak jasan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.