Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ohar bidez jakinarazi du baimena eman duela Euneiz unibertsitate pribatuaren jarduera hasteko, indarrean dagoen araudiaren arabera. Erabaki hori uztailaren 27ko 640/2021 Errege Dekretuan oinarritzen da, unibertsitateak eta unibertsitate zentroak sortu, aitortu eta baimentzekoan, eta kontuan hartzen ditu Unibasq-ek –Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak– emandako aldeko txostenak, egitasmoaren sustatzaileei eskatutako informazio guztia aztertu ondoren.
Hedatutakoaren arabera, bost gradu, gradu bikoitz bat eta hiru master eskaini nahi ditu, urtean 8.000 euro inguru ordaindu beharko direnak. Kirolari eta eduki digitalen diseinuari, garapenari eta merkaturatzeari lotutako ikasketak eskaini nahi dituzte. Josean Kerejeta enpresariak eta haren Baskonia-Alaves kirol taldeak bultzatu du sorrera. Eusteiz 2018 SAk sustatu du onartzeko eskaera, eta Iñigo Sanchez da haren administrari bakarra. Gainera, bidelagun izango ditu Enti —Bartzelonako Unibertsitatera atxikitako zentroa— eta Euses —Gironako Unibertsitatera eta Rovira i Virgili Unibertsitatera atxikitako zentroa—. Euneizek eskaintzeko asmoa duen ikasketen antzekoak dituzte, baina ez dago argi zer egiteko izango duten.
Legearen tramitazioan izan ziren desadostasunak. Eva Ferreira EHUko errektoreak kezka agertu zuen legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, besteak beste, langileen arloan Euneizek izan ditzakeen gabeziengatik: «Guztiz arriskutsua da unibertsitate bat sortzeko proposamenaren bideragarritasuna onartzea hori osatuko duen giza kapital akademikoaren curriculuma ezagutu ere egin gabe». Mondragon Unibertsitateko errektore Bizente Atxak «euskal unibertsitate sistema koherente bat» mantentzeko eskatu zuen, eta LABek «unibertsitate elitista bat» izatea egotzi dio. Deustuko Unibertsitateko errektore Jose Maria Guibertek, berriz, esan zuen instituzio berri batek «printzipioz beti lagun dezakeela sistema hobetzen».
Eusko Legebiltzarrean ere izan ziren desadostasunak: EAJren, PSE-EEren, PP+C's-en eta Voxen babesarekin atera zen aurrera. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk aurka egin zuten. EHUko sindikatuek proiektuaren kontra egin zuten.