Eusko Jaurlaritzak ez du besoak gurutzatuta geratu nahi, eta bere esku dituen tresna guztiak erabili nahi ditu tituluen homologazioaren baliogabetzeari aurre egiteko. Besteak beste, erabaki du Auzitegi Konstituzionalean babes errekurtsoa aurkeztea, iritzi baitio lege urraketa bat egon dela, eta Auzitegi Goreneko epailea bere eginkizunez «kanpo» aritu dela transferentzia bertan behera utzita. Horrez gain, homologazioen kudeaketa behin-behinean bere gain hartzea ere aztertuko du, berrehun homologazio eskaerei erantzuteko.
«Garrantzitsuena da Euskadik dagokion eskumenak izatea, autogobernuaren defentsa egitea eta guri dagokigun hori defendatzea», adierazi du Maria Ubarretxenak, Eusko Jaurlaritzako Autogobernu sailburuak, Gasteizen egindako agerraldian. Alboan izan ditu Araubide Juridikoko sailburuorde Sabino Torre eta Autogobernuko zuzendari Begoña Perez de Eulate. Sailburuak nabarmendu du Espainiako Gobernuarekin adostu dituztela erabakiok. Bi gobernuak eskutik helduta ari baitira gai horretan, transferentziaren baliogabetzeari elkarrekin aurre egitea hitzartu baitzuten.
Ubarretxenak eskumenen eskualdaketaren «zilegitasuna» nabarmendu du, eta gogorarazi Gernikako Estatutuaren 16. artikuluak «bere osotasunean» aitortzen diola Eusko Jaurlaritzari irakaskuntzaren eskumena, eta, beraz, baita tituluen homologazioa egiteko aukera. Bi gobernuek hitzartu zutena ez baitzen titulu akademikoak homologatzeko baldintzak aldatzea, ezta horiek garatzeko oinarrizko arauetan eragitea ere. «Homologazioak emateko gaitasunez baino ez gara ari», azpimarratu du sailburuak.
«Garrantzitsuena da Euskadik dagokion eskumenak izatea, autogobernuaren defentsa egitea eta guri dagokigun hori defendatzea»
MARIA UBARRETXENA Eusko Jaurlaritzako Autogobernu sailburua
Bi gobernuek 2024ko otsailean adostu zuten Jaurlaritzaren esku uztea atzerritarren ikasketa tituluak homologatzeko eskumena. Joan den astean, baina, Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen transferentzia, eskumen hori Madrili zegokiola eta transferitu ezina dela argudiatuta.
Erabaki horrek, halaber, bertan behera utzi zuen tituluen baliokidetasun adierazpena ere, zeina homologazioen eskumenarekin batera jasota zegoen. Ebazpenean, epaileak ez du aipatu hori, baina Ubarretxenak azaldu du horri ere eragin diola transferentzia baliogabetzeak. Horregatik uste du Auzitegi Gorenak autogobernua urratu duela eskumena baliogabetzean. Bada, «defentsa gabezia» argudiatuko du Konstituzionalean aurkeztuko duen helegitean.
Transferentziak «blindatzea»
Atzerriko unibertsitateko tituluak homologatzeko eskumena Eusko Jaurlaritzak izan zuen hamabost egunetan, berrehun eskaera inguru jaso zituen, eta haiei irtenbidea ematea ere aztertuko du Jaurlaritzak. Izan ere, ez atzera ez aurrera geratu dira, eta litekeena da homologazio prozesua berriz hasieratik hasi behar izatea Madrilen. Hori ez gertatzeko, Jaurlaritzak «kudeaketa gomendio iragankor bat» bere gain hartzea aztertuko du, hau da, behin-behineko baimen bat adostuko luke Espainiako Gobernuarekin homologazioak egiteko. Epe laburrari begirako erabakia da, Gorenaren erabakiaren kaltea leuntzeko asmoz hartutakoa.
Horrez gain, pertsona horiei aholku juridikoa eskainiko die Jaurlaritzak, haiek ere errekurtsoa aurkezteko aukera izan dezaten. Gobernuak uste baitu haiek ere kaltetuak izan direla prozesuan, eta, beraz, helegitea jartzeko aukera izan dezaketela, bakarka edo elkarte gisa. Baina ikusteko dago hori egiteko aukera izango duten, aurrez ez dutelako parte hartu prozesu judizialean.
Luzera begira, berriz, unibertsitate legea aldatu nahi du, legean jasota gera dadin homologazio prozesuak eta baliokidetasun adierazpenak erkidegoei dagozkiela. Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren 10. artikulua moldatu beharko litzateke horretarako, Madrilen oniritziarekin. Modu horretan, segurtasun juridikoa emango lioke eskumenaren transferentziari, Auzitegi Gorenak lege hutsunea argudiatu baitzuen bere ebazpenean.
Eta horrelakorik berriz ez gertatzeko, lege organiko bat ere onartu nahi du Jaurlaritzak eskumenen transferentzia «blindatzeko». Hau da, Transferentzien Batzorde Mistoan hartutako erabakietan Auzitegi Gorenak izan dezakeen eskumena mugatzea aztertuko du Espainiako Gobernuarekin, arauak «argi eta garbi» jaso dezan erabakimen hori Auzitegi Konstituzionalari dagokiola. Nola egingo duten ez du argitu Ubarretxenak, baina adierazi du aukera bat litzatekeela Espainiako Gobernuak berak aurkeztea lege proposamena, edo Madrilgo Kongresuan EAJk duen taldeak egitea.
Subiranotasun gehiago eskatu du EH Bilduk
EH Bilduk ontzat eman du Auzitegi Konstituzionalera jotzeko Eusko Jaurlaritzak hartu duen erabakia, iritzi baitio eskubide historikoen eta autogobernuaren aurkako «beste eraso bat» dela tituluen homologazioaren transferentzia baliogabetzea. Koalizio abertzaleak uste du Auzitegi Gorenaren erabakiak agerian utzi duela «estu lotuta» daudela gizartearen eta ekonomiaren ongizaterako funtsezkoak diren gaiak eta subiranotasuna, nabarmendu baitu tituluak homologatzeko eskumena ezinbesteko tresna dela baliabide propioen antolaketarako eta profesionalen eskasiari aurre egiteko. «Uste dugu atzerriko unibertsitate titulazioen homologazioa funtsezkoa dela beste herrialde batzuetatik iristen diren pertsonak laneratzerako, eta haiek nabarmen lagun dezaketela gure herriaren garapen ekonomikoan».
Hori dela eta, gainerako alderdi politikoei dei egin die elkarrekin lan egin eta herri ikuspegiz jokatzeko. «Egoera honek agerian uzten du beharrezkoa dela estatus politiko berri bat izatea, hemen oinarrizko gaien inguruan erabaki ahal izateko eta estatuarekin berdinen arteko harremana ezartzeko, gure eskubideen benetako berme eta errespetua izan dadin», azpimarratu du.