Autogobernua

Jaurlaritzak autogobernuaren «higadura» bildu du liburu batean

Txosten juridikoen bidez aztertu dute Espainiako Gobernuak «Euskal Autonomia Erkidegoaren ahalmen esklusiboak ingeniaritza juridikoko bide desberdinen bidez» nola «hustu» dituen. «Aldebiko» harremanen bidez Gernikako Estatutua betetzearen alde egin du Garamendik.

Begoña Perez de Eulate Autogobernu zuzendaria eta Olat Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua, gaur, liburuaren aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko irailaren 10a
12:22
Entzun

Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoaren autogobernua nola «higatu» duen bildu du Eusko Jaurlaritzak gaur aurkeztu duen 700 orritik gorako liburu juridiko batean. Higadura isila jarri diote izena, eta, hain justu, Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza eta Autogobernu sailburuak azaldu du halakoa izan dela azken urteotan autogobernuaren hondatzea: «Isila, etengabea, eta, batez ere, oso kaltegarria erakundeen eta euskal gizarte osoaren interesentzat». Nabarmendu duenez, izan ere, autogobernua da «ongizatearen alde» egiteko «tresnarik eraginkorrena» eta «hurbiltasunaren bermea».

Liburuan txosten juridikoen bidez aztertu dute «higadura» hori nola gertatu den, eta zehaztu dute hiru bidetatik ekin diola Espainiako Gobernuak EAEko autogobernua kaltetzeari, «teknika juridiko eta politikoen» bidez: «Horietako bat da estatuaren zeharkako eskumen tituluak eskatzea eta aplikatzea, autonomia erkidegoen eskumen esklusiboko gaiei buruzko legeak egiteko. Beste bide bat da salbuespenezko arrazoietara jotzea konstituzioak estatuari gordetzen ez dizkion funtzio betearazleak esleitzeko». Hirugarren bidea, azaldu duenez, «estatuaren gastu boterea eskumen autonomikoko politika publikoetan eragiteko» erabiltzea izan da: «Praktikan, finantza injekzio horiek baliatzen ditu bere eskumen eremutik kanpo dauden sektoreen jarduera zuzentzeko».

Bide horiek guztiek Espainiako Estatuaren «zentralizazio bultzada» erakusten dute, eta liburuan adibide zehatz eta praktikoen bidez eman nahi izan dute ezagutzera. Kasu horietako bat da desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelaren erregulazioarena: «Eusko Jaurlaritzak horiei buruzko dekretu bat onartu zuen, gizarte laguntzaren arloan duen eskumen esklusiboarekin bat etorriz. Horren ondoren, estatuak errege dekretu bat eman zuen gai horri buruz. Eusko Jaurlaritzak euskal eskumen esklusiboen defentsan erantzun zuen, baina Auzitegi Gorenak 2017an ebatzi zuen auzia, estatuko araudia ondo babestuta zegoela eta horrek aparkaleku txartel horiei buruzko euskal dekretuaren erregulazioaren zati handi bat lekuz aldatzea zekarrela onartuta».

Garamendik nabarmendu duenez, autogobernuak jasandako esku hartze horiek ikusita defentsa judizialera jo izan du Jaurlaritzak, baita estatuko administrazioarekin adostasuna bilatzera ere. «Higadura» salatu arren, hain zuzen, negoziazioaren bide horren alde egin du sailburuak agerraldian: «Tradizioa daukagu paktuan, akordioetan, eta horretarako aldebikotasuna sustatu behar da». Gernikako Estatutua betetzea jarri du lehentasun.

Transferentziak, mantso

Eskualdatu gabeko transferentziez galdetu diote agerraldian Garamendiri, eta adierazi du urrirako aurreikusia zutela berez Espainiako Estatuarekin hurrengo bilera egitea. Ordea, oraindik ez dute hitzordu horren berririk: «Guretzat lehentasun bat da eskumenen eskualdatzea, eta espero dugu eta exijitzen dugu estatuko administrazioarentzat ere lehentasun izatea. Espero dugu laster egitea bilera bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.