Jaurlaritzak Aurrekontu Legea aldatuko du, itunpeko eskoletako langileen soldatak publikoetakoenekin parekatzeko

Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu beharko dute aldaketa. Prozesua progresiboa izango da: espero dute 2027rako amaitzea.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua, Zarauzko Orokieta eskolan, irailean. JON URBE / FOKU
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua, Zarauzko Orokieta eskolan, irailean. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko urriaren 15a
13:36
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak abuztuan aurreratu zuen, eta gaur berretsi du gobernu kontseiluaren osteko prentsaurrekoan: prozesu bat abiatu dute itunpeko eskoletako langileen soldatak eskola publikoetako langileen soldatekin parekatzeko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak Aurrekontu Legea aldatzea onartu du; orain, Eusko Legebiltzarrera igorriko dute lege proiektua, eta haren onespena jaso beharko dute.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak eman du erabakiaren nondik norakoen berri. Iragarri du soldatak pixkanaka igoko dituztela, «prozesu progresiboa» izango dela; 2027rako nahi dute parekatzea, eta atzerako eragina izango du 2023tik. 2023ko eta 2024ko soldatak parekatzeko, ia 67 milioi euro erabiliko dituzte. Aldaketa egin ahal izateko, EAEko Aurrekontu Legearen 25. artikulua aldatuko dute. Pedrosaren arabera, ikastetxe horietan soldatarekin lotutakoa ez da izango aldaketa bakarra, eta nabarmendu du «beste betebehar batzuk» izango dituztela gardentasunari eta langileen sarbideari dagokienez.

Pozik agertu da sailburua: «Albiste ona da». Halaber, ziurtatu duenez, erabakia onetsi dute sailak ez ezik, itunpeko ikastetxeen patronalek eta sindikatuek ere. Langileentzako aitortza bat dela ere goraipatu du: «Itunpeko sareko soldatak parekatzeak kalitatezko hezkuntza eskaintzen ahalegintzen diren profesionalen lana baldintza berdinetan aitortzeko beharrari erantzuten dio. Izan ere, irakaslearen figura da hezkuntza prozesuan eragin handiena duena».

Ikastetxeen finantzaketari lotuta, azken boladan eztabaidagai dira itunpeko eskolek familiei kobratzen dizkieten kuotak. Kazetariek egindako galderei erantzunez, Pedrosak gogorarazi du hezkuntzaren doakotasunaz hitz egitean hezkuntza zerbitzuaren doakotasunaz ari direla, eta hori zer den zehazten ari direla orain. Aurreratu du, halaber, eskolek modua izango dutela zenbait kuota mota, jangelagatik eta garraioagatik-eta kobratzen dituztenak esaterako, kobratzen jarraitzeko: «Kuota horiek egon daitezke».

Gainerakoan, esan du gaurkoa «pauso bat» dela hezkuntza zerbitzuaren doakotasunerantz egiten ari diren bidean: «Pauso honekin, doakotasun horretara egokitzen ari gara pixkanaka-pixkanaka». Hezkuntza Sailak atera duen oharrean halaxe zehaztu dute: «Soldata parekatze horri esker, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa ematen duten ikastetxeetan irakaskuntzaren doakotasunerantz urratsak egiten jarrai daiteke, itunpeko ikastetxeek beren kuoten bidez soldata igoeren ondorioak islatu behar izatea saihestuko baitu».

Aldaketak lotura du EAEko Hezkuntza Lege berriarekin. Joan den urteko abenduan onartu zuten EAJk eta PSE-EEk; bertan jasota dago hezkuntza administrazioak «behar diren baliabide publikoak» jarriko dituela, «derrigorrezko ikasketak eta doakotzat jotako ikasketak benetan dohainik izan daitezen». Eta ikastetxeek ezingo dute kuotarik kobratu horiengatik: «Doako ikasketetan, arrazoi sozioekonomikoengatik diskriminaziorik gerta ez dadin, funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeek ezin izango dute jaso familietatik datorren inolako funts edo diru-kopururik doan emandako ikasketen truke. Era berean, ikastetxe horiek ezin izango dute kuotak ordaintzeko edo fundazio edo elkarteei ekar- penak egiteko betebeharrik ezarri, ezta ikasketei lotutako nahitaezko zerbitzurik ezarri ere, baldin eta finantzaketa publikoaren xede diren zerbitzu, prestazio edo esparru materialei eragiten badiete».

LAB sindikatuak txalotu egin du Jaurlaritzak iragarritakoa. Ohar bidez nabarmendu du «langile borrokari esker» eta «Hezkuntza Legearen testuinguruan adostutako lan hitzarmenari» esker lortu dutela soldatak parekatzea. Orain, sindikatuak «premiazkotzat» jo du «kuoten kontrol publiko eta zorrotza» ezartzea, eta langileen kontrataziorako «sarbide gardena» bermatzea. 

Azterketa ereduak, datorren asterako

Azken egunetan badago kezka bat ikasleen, irakasleen eta ikastetxeen artean: aurten, unibertsitatera sartzeko hautaproba berria jarriko dute martxan, eta oraindik ez dituzte ikasleen eskura jarri azterketa eredu berriak. Horri buruz ere galdetu diote Pedrosari. Esan du prozesua diseinatzeko eta horren buru izateko eskumena berez EHU Euskal Herriko Unibertsitateari dagokiola, baina data bat eman du: esan du unibertsitateari galdetu beharko zaiola, baina uste duela etsamina eredu berriak datorren asterako egongo direla eskuragarri: «Oker ez banago, proba horiek datorren astean egongo dira prest, eta aukera izango dute ikusteko nolako aldaketak datozen».

Alabaina, lasaitasun mezua helarazi nahi izan du Pedrosak. Nabarmendu du eredu aldaketa «oso progresiboa» izango dela. Alegia: «Aldaketa ez da oso handia izango: apurka-apurka sartuko da indarrean hurrengo urteetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.