Koronabirusa

Jaurlaritzak aurreikusten du «normal» hasiko dela ikasturtea irailean

Sindikatuek salatu dute Hezkuntza Sailak ez diela euren eskaerei erantzun, eta, «negoziatzeko asmorik eza» ikusita, bilera batera deitu dute

Zenbait ikasle ikasgela batean, artxiboko argazki batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jon Ordoñez Garmendia - Irati Urdalleta Lete
2020ko ekainaren 5a
00:00
Entzun

EH Bilduk eskatu du Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorra datorren astean biltzea, 2020-2021eko ikasturtea «behar bezala» planifikatzeko, COVID-19ak «ezohiko neurriak» hartzea eskatzen duela kontuan hartuta. «EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du irailetik aurrera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe guztietan bete beharko liratekeen gutxieneko neurriak zehazteko», azaldu dute.

Hain zuzen, bi neurri nagusi aipatu dituzte: gehienez hamabost ikasle egotea gela bakoitzean eta irakasle kopurua %20 handitzea. Horrez gain, ikasle guztiek ‘online’ ikasteko baliabide teknologikoak izango dituztela bermatu behar dela nabarmendu dute. Rebeka Ubera EH bilduko legebiltzarkidearen hitzetan, koronabirusak datorren ikasturtearen planifikazioa guztiz baldintzatzen du. «Osasun larrialdiak ematen duen aukera probestu behar dugu lehendik ditugun egiturazko gabeziak eta arrakala errotik konpontzen hasteko eta ikastetxe guztietan ikasle eta langile guztiei osasuna eta hezkuntza kalitatea bermatzeko». Hezkuntza Saila «iraganeko errezetekin» dabilela salatu du. «Eta okerrena da horren atzean arrazoi ekonomikoak baino ez daudela; hau da, ez du ratioak jaistea planteatzen, irakasle gehiago kontratatu beharko lituzkeelako, eta hain justu hori da ekidin nahi duena».

Sindikatuak ere ez daude gustura Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak esandakoarekin. Salatu dute ez duela asmorik ikasturte hasiera langileen ordezkariekin negoziatzeko. ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek nabarmendu dute ez diela euren eskaerei erantzun, eta oraindik ez dutela bilera deialdirik jaso datorren ikasturte hasierako baldintzak eta itzulera plan orokorra eurekin negoziatzeko eta adosteko.

«Honi gehitzen zaio datorren ikasturteari begira Hezkuntza Sailak komunikabideen bidez zabaldu duen ohiko ikasturte hasiera egiteko asmoa». Adierazpen horien atzean «orain arteko jokaera arduragabe eta kezkagarri bera» ikusi dute. Sindikatuen iritziz, osasuna bermatuko duten neurri eraginkorrak hartuz, aurrez aurreko ikasketak berreskuratuz joateko plangintza bat landu behar da, eta horretarako beharrezko segurtasun neurri, baliabide, ratio murrizketa eta langile kopuru handiagoa aurreikusi. Egoera ikusita, bilera deialdi bat egin diote Hezkuntza Sailari, itzulera planaz hitz egiteko.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurreikusten du 2020-2021 ikasturtea «normal» hastea. Ondo bidean, irailean maila guztietan hasiko litzateke, eta gela murrizketarik gabe; alegia, ikasle kopuru osoarekin. Gainera, garraio eta jangela zerbitzuak ere osasun krisia hasi aurreko baldintzetan jarriko lirateke martxan. Hori bai, DBHko eta Batxilergoko ikasleek ordutegi jarraitua izango lukete, etxean bazkaltzeko. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak goiz eta arratsalde joango lirateke eskolara. Aurreratu du oraindik ezin dutela zehaztu zer segurtasun baldintza izango diren, baina printzipioz ez dute aurreikusten ikasleek maskarak eta segurtasun distantziak erabili eta mantendu behar izatea. Edonola ere, osasun agintariek orduan esaten dutenari jarraitu beharko zaiola adierazi dute. Ikastetxeei eskatu die beste bi egoera ere prestatzeko: eskola presentzialekin, baina murrizketekin, eta Internet bidezko eskolekin.

Asmo horretan ez dute aurreikusten irakasle gehiago kontratatzea. Hezkuntza Sailaren arabera, ikasleak gela gehiagotan banatuko ez liratekeenez, ez legoke horren beharrik.

HEIZEko presidente Iñigo Salaberriak esan duenez, lau esparru nagusi aipatu dizkiete: euskararen konpetentzia linguistikoa, curriculumaren doikuntza, aspektu digitala eta pedagogikoa eta emozioak. «Esparru horiei lehentasuna ematea egokia da. Orain asmatu behar duguna da sortuko diren behar horiei guztiei nola erantzun eta nola aktibatuko diren beharrezkoak izango diren baliabideak». Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariaren hitzetan, oraingoz Jaurlaritzaren aldetik irailerako lerro nagusiak daude. Aurreikusten dituzten hiru egoerak —erabateko konfinamendua, erabat presentziala eta mistoa— berdinak direla erantsi du. «Argazki orokor bat aztertu dugu, eta argazki orokorrean elementu batzuk konpartitzen ditugu». Hala ere, gaia ikastolekin «sakonean» aztertuko dutela ziurtatu du.

EHIGEk nabarmendu du ikasle guztiak ikastetxeetara bueltatzea nahi dutela familiek, orain arteko ordutegiekin eta zerbitzuekin, eta sortu diren behar berriei erantzuteko baliabideekin. «Ezin gara konformatu normaltasun egoera batera bueltatuko garela dioen planifikazio batekin».

USErako jarraibideak

Espainiako Gobernuak gomendatu du beste alternatiba batzuk aintzat hartzeko COVID-19agatik bakartuta dauden ikasleek unibertsitatera sartzeko ebaluazioa egiteko. Horrez gain, proba egiteko lekuak areagotzea eta sarrerak eta irteerak modu mailakatuan egitea ere gomendatu du. Espainiako Unibertsitate ministerioak, Hezkuntzakoak eta Osasunekoak argitaratu duten dokumentuan jasotzen da azterketan pertsonen artean gutxienez bi metroko distantzia egongo dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.