Jaurlaritzak atzera egin du, eta azokak baimenduko ditu

Ohiko azoka neurri bereziekin egin dituzte Eibarren, Ondarroan, Oñatin eta Zarautzen gaur. Bergaran, Azpeitian eta Ordizian ere modu horretan egiten jarraitzea erabakia zuten udalek, azoken eskumena eurena dela argudiatuz.

Erosleak segurtasun tartean gordez, Oñatiko azokan gaur erosteko zain. XABIER IGARTUA, @XABIERIGARTUA
jon ordonez garmendia
2020ko apirilaren 11
11:47
Entzun

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gaur eguerdian jakinarazi duenez, Jaurlaritzak atzera egingo du, eta tokian tokiko azokak baimenduko ditu. Koronabirusari buruzko eguneroko agerraldian egin du iragarpena. Aste honetan erabaki zuen Jaurlaritzak azokak debekatzea, jendearen joan-etorriak eta pilaketak eragozteko argudioarekin, baina neurri horrek kontrako erreakzio ugari jaso ditu azken orduetan, eta, azkenean, debekua kenduko du. Edonola, hainbat udalek iragarria zuten debekuak ez duela eraginik, azoken eskumena eurena delako eta ez Jaurlaritzarena, eta, arautu baditzake ere, ezin dituelako debekatu.

Jaurlaritzaren erabakiak berehala eragin zuen baserritarren haserrea, eta talde ekologistek ere eskatu zuten ondoren azokak irekita mantentzeko. Atzo, berriz, 61 eragile inguruk azokak baimendu eta bultzatzearen aldeko adierazpen bat atera zuten goizean, eta arratsalderako hirukoiztu egin zen adierazpen horri babesa eman zioten eragile kopurua. Ekoizleak, kontsumo elkarteak, talde ekologistak, sindikatuak eta alderdiak daude horien artean. Eusko Jaurlaritzak aste honetan hartu duen erabakiarekiko desadostasuna agertu zuten. Azokak debekatu baina saltoki handiak irekita daudela dutela salatu zuten, eta horrek pentsarazten diela atzean beste helburu batzuk izan ditzakeela. Zuzeneko salmenta eta saltoki txikiak lehenesteko eskatu dute, eta azoken aldeko ekinbideetan parte hartzera deitu dute.

Azokak gaur, segurtasun neurri bereziekin

Jaurlaritzak azokak debekatu arren, gaur egin egin dira Eibarren (Gipuzkoa), Ondarroan (Bizkaia), Oñatin eta Zarautzen (Gipuzkoa). Azoken eskumena udalena denez, hainbat udalek erabaki dute segurtasun neurri jakin batzuekin zuzeneko salmentarekin jarraitzea. Eibarren, Ondarroan, Oñatin eta Zarautzen ez ezik, Azpeitian, Bergaran eta Ordizian (Gipuzkoa) ere egin dituzte. Mercabilbaok ere bere ateak zabaldu ditu gaur goizean.

Ondarroako Udalak argudiatu du udalaren eskumena da azoka hauek baimentzea, eta lehentasuneko zerbitzua direla uste duela. "Gainera, saltzaileen eta kontsumitzaileen eskubidea da nolako elikadura eredua ekoiztu eta kontsumitu nahi duten erabakitzea, eta horretarako beharrezkoa da bitarteko guztiak ipintzea".

Oñatiko Udalak bere webgunean atzo iragarri zuenez, hamalau saltzaile ziren gaur Zubikoa pilotalekuko kantxa urdinean egotekoak, 08:00etatik 13:30era. "Herriko lehen sektoreari lagundu eta tokian tokiko eta garaian garaiko produktuen sustapen politikarekin aurrera jarraitzen du Udalak larunbatetako azoka hitzorduari eutsiz. Bizi dugun alarma egoerak eskatzen dituen higiene eta segurtasun neurrietara egokituta, Zubikoako kiroldegira aldatu zen eta saltzaile kopurua eta aldi berean erosten ari diren bezeroen kopurua mugatu zuen", diote udalaren webgunean.

Adur Ezenarro Ordiziako alkateak Euskadi Irratiko Landaberri saioan zehaztu nahi izan du konfinamendua hasi zenetik herrian egiten ari direnari ezin zaiola azoka deitu. Argudiatu du ohiko herriko plazan egiten dela eta guztira 80 postu inguruk parte hartzen dutela. Orain, ordea, pilotalekuan egiten da, nahiz eta hasieran plazan egiten jarraitu, eta postu gutxi batzuk bakarrik joaten diren. Nabarmendu du inork ezer agindu aurretik arautu zuela Ordiziako Udalak nola ahalbidetu zuzeneko salmenta hori. Beste baldintza batzuen artean 65 urtetik behera izatea ezarri zuten, arrisku taldekoak direlako adin horretatik gorakoak, eta horrek; ondorioz, postu kopurua jaitsi da, asteazkeneroko azokara joaten diren baserritar asko eta askok ez dutela baldintza hori betetzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.