Jaurlaritzak ate birakariak baimentzeko joera duela salatu du EH Bilduk

Koalizioak legez besteko proposamen bat aurkeztu du Etika Publikorako Batzordea desegiteko, Jaurlaritza «zuritzen» baitu

Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkidea. RAUL BOGAJO / FOKU.
xabier martin
2023ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Josu Estarrona legebiltzarkideak iragarri du EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztuko duela Etika Publikorako Batzordea desegiteko. Hain zuzen ere, Gobernantza Sailari atxikitako organo horrek ematen ditu baimen bereziak bi urte itxaron gabe arlo pribatuan lanean has daitezen ardura publikoan aritu direnak. « [Alex] Arriolaren eta besteen kasuek erakutsi dute batzorde horrek ez duela balio praktika desegokiak detektatzeko eta klientelismo sareak eta ate birakariak legitimatzeko», esan du koalizio abertzaleko eledunak.

Asteon jakin da euren kargu publikoak utzi eta bi urte igaro aurretik hasi direla arlo pribatuan Jaurlaritzako bost goi kargudun ohi, nahiz eta 2014ko bateraezintasunen legeak ez duen horretarako baimenik ematen. Lege horrek, ordea, aparteko baimen bat lortzeko aukera jasotzen du: interesatuak lanpostu berriaren informazio guztia helarazi behar dio administrazioari, eta Gobernantza Sailak erabaki behar du eskaera aintzat hartu ala ez, Etika Publikorako Batzordearen bidez. Bada, bost goi kargudun horien artean lauk aparteko baimena lortu zuten, baina bosgarrenak ez: SPRIko zuzendari ohi Alex Arriolak.

EH Bilduk uste du ez duela zentzurik bi urtez arlo pribatuan ez aritzeko debeku bat ezartzeak goi kargudun publikoei, «eta gero Jaurlaritzak beti baimena ematea». Nahiago luke legeak «zuzenean baimentzea ate birakariak, debekua baita salbuespena». Orain arte etika batzordeak izan duen «funtzio bakarra», haren arabera, «Jaurlaritzaren jarduera zuritzea» izan da, haren erabakiei «itxura etikoa emateko». Pertsona independentez osatutako organo bat sortzeko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.