KEES Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko metodologia garatu du Aritz Olagoi psikologoak, eta horren bidez kirol munduan euskararen erabilera sustatze aldera egin duen ekarpena goraipatzeko, Kiroletik bagoaz euskaraz izendatu duen saria emango dio gaur Eusko Jaurlaritzak. Kirolaren arloan euskara sustatzeko abian diren praxiak prestigiatzeko hasiko da sari hau banatzen Jaurlaritza. Donostiako Aquariumean egingo da sari banaketa, bihar, 18:00etan.
Psikologian lizentziatua da Olagoi, eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Psikologian espezializatuta dago. Bere ibilbidea profesionala psikologiaren, kirolaren eta euskararen inguruan ardaztu du. KEES metodologia da egin duen ekarpenik nabarmenena. Horren bidez nahi dute entrenamendu saioak euskaraz gidatzeko gaitasuna duten entrenatzaileek euskaraz egitea beti haur eta gaztetxoei, eta entrenamendu zein norgehiagoketan informazioa, aginduak eta zuzenketak euskaraz ematea.
Sari horrek 2021-2024 Kirolean Euskara Sustatzeko Planean du abiaburua. Urtero ematea da asmoa. Beste 11 hautagaitza ere ebaluatu dituzte, eta horiek ere aitortza jasoko dute biharko ekitaldian. Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriak banatuko du saria.