Eusko Jaurlaritzak antolatu duen biktimen aldeko omenaldiaren izaera kritikatu du euskal gizarteko talde zabal batek, eta "kezka" ere agertu dute, "Jaurlaritzak ETAren biktimak bakarrik gogoan edukita eta estatuen biktimak baztertuta" egingo duelako ekitaldi "baztertzailea" hilaren 22an, Bilbon, Euskalduna Jauregian. "Iraganeko metodologian oinarrituta daude kanpaina eta ekitaldia". Manifestua egin dute Jaurlaritzaren ekitaldi horren harira, Torturaren Aurkako Taldeak (TAT) sustatuta, eta gaur aurkeztu dute, Donostian, prentsaurrekoan. 53 lagunek sinatu dute.
Biktima denek laguntza bera ez dutela jasotzen diote. "Biktimak dira, edozein aldetakoak izanda ere, gatazka gertuen pairatu dutenak, baina Euskal Herriko erakunde publiko gehienek biktimak bi taldetan banatzeko joera daukate. Lehen kategorian, ETAren biktimak sartzen dituzte eta bigarren kategorian, Frantziako eta Espainiako estatuen biktimak".
Hala, ETAren biktimek euskal erakunde publiko gehienen aldetik "arreta guztia, erabateko elkartasuna eta behar dituzten baliabide guztiak" jasotzen dituztela diote sinatzaileek eta "oso bestelakoa da bigarren kategorian dauden biktimen egoera, estatuen biktimena alegia. Ahaztuak daude, zokoratuak, arretarik gabe, ezagutzarik gabe".
Manifestuaren sinatzaileen ustez, "euskal gaztakaren ondorioz, milaka herritarrek, gure herrikoek eta kanpokoek, jasan dute gatazka hori eta denek merezi dute ezagutza eta errespetua, nola borroka armatuaren biktimek hala Estatuaren biolentziaren biktimek, torturatuak barne".
Sinatzaileek Euskal Herriko erakunde publikoei "eta bereziki Eusko Jaurlaritzari ausardia politikoa" eduki dezatela eskatu diete.
Jaurlaritzak antolatutako biktimen ekitaldia "baztertzailea" dela dio euskal gizarteko talde zabal batek
TAT Torturaren Aurkako Taldearen ekimenez 53 lagunek manifestua egin dute eta, haien ustez, "ETAren biktimak bakarrik gogoan edukita eta Frantziako eta Espainiako estatuen biktimak baztertuta" egingo da ekitaldia. Igandean izango da, Bilbon, Euskalduna Jauregian. "Biktima denek merezi dute ezagutza eta errespetua".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu