Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua Carlos Iturgaiz eta Luis Gordillo PP+C's koalizioko legebiltzarkideekin batzartu zen atzo, Euskal Autonomia Erkidegorako 2021eko aurrekontuen negoziazioaren testuinguruan egiten ari diren bileretan. Azpiazuk bileran hitz egindakoaren diagnostiko argia egin zuen ondoren: ez da posible negoziatzen jarraitzea, eskuin unionistako koalizioaren «itxikeriaren» ondorioz.
«Aurrekontua hobetzeko edo moldatzeko inolako proposamenik ez egiteaz gain, iragarri dute osoko zuzenketa bat aurkeztuko dutela, ziurtzat jo dutelako gobernuak aurrekontuei buruzko akordio bat itxita duela beste talde batekin», azaldu du Azpiazuk. «Harrigarria» iruditu arren, «errespetua» agertu du koalizioaren jarreraren aurrean, eta gaineratu du Jaurlaritzak indar politiko gehiago batu nahi dituela aurrekontuaren inguruko akordiora. Jaurlaritzak bermatuta dauka kontuen onarpena, EAJk eta PSE-EEk gehiengo absolutua baitute Eusko Legebiltzarrean.
Gaur, Elkarrekin Podemos
Bilera sorta gaur amaituko du Azpiazuk, Elkarrekin Podemos-IUrekin. Itxuraz, hori izango da Jaurlaritzak beste talderen batekin akordioa lortzeko aukera bakarra; herenegun, Azpiazuk berak baztertu zuen Voxekin ados jartzeko aukera, eta EH Bilduk «hankamotz» jo du aurrekontu proiektua. Talde politikoek datorren astelehenera arteko epea izango dute osoko zuzenketak aurkezteko.
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak, berriz, ostiralean azaldu zuen jarrera «eraikitzailearekin» joango direla asteazkeneko bilerara, eta dokumentu bat eramango diotela Azpiazuri: «Ez dugu uste Euskadik behar dituen aurrekontuak direnik, oso kritikoak gara bere edukiarekin, baina hitz egin eta ados jarri nahi dugu, gure proposamenak aurrekontuan jaso daitezen».
Jaurlaritzak amaitutzat eman du PP+C's-ekiko negoziazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu