Ertzaintzaren negoziazio mahaiak Akordio Arautzailea berritzeko oinarriak hitzartu ditu gaur. ERNE, ESAN eta SIPErekin egin du akordioa Eusko Jaurlaritzak 2025-2028 aldirako. Euspelek, aldiz, aurka egin du, baita Ertzainak Borrokan taldeak ere, baina itunerako oinarriak badu ordezkaritza sindikalaren hiru laurden baino gehiago, hain zuzen %83. Adostutako oinarriak datozen hiru urteetan Akordio Arautzailea garatzeko esparru orokor gisa erabiliko dituzte. Soldata igoera orokorrak egingo dituzte, eta ertzain bakoitzak gutxienez 4.200 euro gordin gehiago jasoko ditu urtero aurrerantzean, baldin eta sindikatu sinatzaileen afiliatuek itunaren alde bozkatzen badute.
Aurreko hitzarmena 2013koa da, eta 2022an hasi ziren hura berritzeko negoziazioak. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren osatutako Jaurlaritza berriaren Segurtasun Sailak negoziazioei ekin zien berriro legegintzaldi honen hasieran. Bada, Jaurlaritzak eta sindikatuek erdietsi duten akordioaren helburua da «Ertzaintzak herritarrei ematen dien zerbitzua hobetzea eta modernizatzea, polizia integralaren izaera indartuz».
Funtsezko puntuen artean, soldata igoera progresiboa eta bereizia ezarri dute. Era berean, konpentsazio ekonomiko berriak izango dituzte ertzainek zenbait zeregin espezifiko egiteagatik: esaterako, «herritarren arreta, ikerketa lanak, jendetzaren kontrola eta entrenamendu espezializatuak». Arlo sozialean, aurrerapen nabarmenak sartu dituzte agenteentzat: adibidez, gaixo dauden senitartekoak zaintzeko urtean 50 orduko baimenak, egun berezietan lan egiteagatik ordainsari hobeak, eta lanaldiak beste funtzionario publiko batzuekin parekatzea.
Euspel eta Ertzainak Borrokan: «Saldu egin gaituzte»
Akordioak Ertzaintzako sindikatuen gehiengo handi baten babesa izan badu ere, Euspelek eta Ertzainak Borrokan-ek haren aurkako manifestaio bat deitu dute astelehenerako, Bilbon. «Saldu egin gaituztela sentitzen dugu» adierazi dute, «2028an amaituko diren ustezko hobekuntza batzuk daudelako». Salatu dute 13 urte daramatzatela erosketa ahalmena galtzen eta 6.800 ertzainek egiten dutela 8.000 agentek egin beharko luketena. Halaber, zehaztu dute 4.200 euroko igoera lau urteko tarte batean gauzatuko dela, ez kolpetik, eta ez dakitela zenbat igoko den aparteko orduan soldata.
Beste neurri hauek ere jaso ditu akordioak: etengabeko prestakuntza sustatzeko garapen profesionalaren osagarria, Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eskutik garatuko dena; entrenamendu ebaluagarriak areagotzea, «hobeto prestatutako ertzainak izateko»; herritarrenganako hurbiltasuna eta arreta hobetzea, «herritarren salaketak kalean bertan hartu ahal izateko gailu mugikorrekin»; espezializazioa ikerketan, «kasuak ahalik eta eraginkortasun handienarekin ebazteko»; eta espezializazioa adimenean, egungo gizarteak planteatzen dituen «erronka eta mehatxu berriei aurre egiteko».
Akordioak 45 milioi euroko inbertsioa ekarriko du aurten hasi eta 2028ra bitartean, eta Segurtasun Saila, Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin batera, «Ertzaintza berrantolatzeko eta berregituratzeko egiten ari den lanaren testuinguruan kokatzen da», Jaurlaritzak jakinarazi duenez. Akordio berri horrekin, bukaera eman diote Ertzaintzaren baldintza orokorren markoa berritu gabeko hamabi urteko aldiari.
Giro gaiztotua
Ertzainek urteak daramatzate baldintzak hobetzeko eskatzen, eta eskaera horiek protesta askorekin lagundu dituzte azken urteetan. Aurreko legealdian giroa nabarmen gaiztotu zen Josu Erkoreka sailburu zuen Segurtasun Sailaren eta sindikatuen artean, baina azken urtean lehertu da egoera modu bortitzagoan, Ertzainak Borrokan taldea azaleratzearekin batera. Sindikatuetatik kanpo sortua da talde hori, izan ere. Apirilean hasi ziren sareetan bideoak zabaltzen, eta mugimendu asindikal moduan sinatzen dituzte oharrak.
Iazko maiatzaren 8an indar erakustaldi handia egin zuten Bilbon. 2.000 pertsona bildu zituzten manifestazioan, Efe agentziaren arabera; 7.800 ertzain dira guztira lantaldean, eta horrek eman dezake mobilizazioaren neurria. Itun berri bat eskatu zuten martxan horretan, eta Frantziako Tourraren segurtasuna ere auzitan ipini zuten, Bilboko Udalaren eta Jaurlaritzaren gaitasun irudia jokoan zela. Itun duin barik ez dago Tourrik. Hamabi urte hitzarmen barik lelopean, 1.100 euroko soldata igoera eskatu zuten, besteak beste.
Jaurlaritza berriaren etxeko lanen artean, lehentasunezkoa zen Ertzaintzaren lan gatazkari soluzioa ematea, orain Bingen Zupiriak gidatzen duen Segurtasun Sailean
Horiek horrela, hamabi urtez egin gabeko akordioari soluziorik eman gabe amaitu zen aurreko legealdia, eta, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ostean, EAJk eta PSE-EEk osatu duten gobernu berriaren etxeko lanen artean lehentasunezkoa zen Ertzaintzaren lan gatazkari soluzioa ematea, orain Bingen Zupiriak gidatzen duen Segurtasun Sailean. Ertzainak Borrokan taldeak estu hartu du Zupiriaren sailean azken hilabeteetan, baina, azkenerako, Segurtasun Sailak akordioa lortu du sindikatuen ordezkaritzaren gehiengoarekin. ERNE sindikatuko eledun Aitor Otxoak esan du Zubiriarekin «askoz hobeto» negoziatu ahal izan dutela.
«Akordio garrantzitsua egin dugu ertzaintzaren ordezkari diren sindikatuekin. Horri esker, lan baldintzak hobetuko dira, baina baita antolakuntza eta Ertzaintzaren funtzionamendua ere», adierazi du Zupiria sailburuak. Haren arabera, bat egin dute «sindikatuen eskari nagusiek» eta Segurtasun Sailak «Ertzaintza modernizatzeko zuen helburuak». Zupiriak ziurtatu du akordioaren helburu nagusia badela «Euskadi gero eta herri seguruagoa izatea», eta hitzarmen berriarekin xede horren aldeko aurrerapausoa emango dutela.
Ertzainak Borrokan taldeak ERNE, Esan eta SIPE sindikatuei —sindikatu sinatzaileei— aurpegiratu izan die sailarekin «soinez soin» joatea eta haren berbekin «bat egitea». Hiru sindikatuek, berriz, erantzun dute hauteskunde sindikalen zilegitasunik gabeko taldeak «agindu» egin nahi diela, eta «askatasun sindikalaren aurkako eraso zuzen» bat egiten ari direla, «mehatxuak» eta «irainak» eginez. Dena den, batera egin izan dituzte berriro ere elkarretaratzeak; esaterako, Gasteizen. Iazko ekaineko mobilizazio hartan, ordea, Euspelek ez zuen sinatu oharra, eta, orain, akordiotik kanpo geratu da, nolabait Ertzainak Borrokan taldearekin lerraturik. Asteleheneko manifestazioan ikusiko da zenbatekoa den kritikoen babesa.