Jaurlaritzak aitortza eskatzeko epea luzatu die polizia abusuen biktimei

1960tik 1978rako biktimek uztailaren 2an egin beharko dituzte eskaerak, eta 1978tik 1999ra artekoek, berriz, 2021eko abenduaren 11ra arte dute

Pasaiako badiako hilketen biktimen senideak, iaz, ekitaldi batean, Azpeitian. GORKA RUBIO / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
COVID-19aren ondoriozko alarma egoerak etenda utzi zituen administrazioko zenbait prozedura, eta horien artean zen Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza idazkaritzak martxan jarritako Poliziaren gehiegikerien biktimen aitortzarako eta erreparaziorako eskabideena. Jaurlaritzak berriro jarri du martxan eskabideak egiteko aukera, eta luzatu egin ditu epeak. Hala, 1960tik 1978rako tartean Poliziaren abusuen biktima izan zirenentzat uztailaren 2an hasi eta bukatuko da eskaerak egiteko epea —apirilaren 16ra arte zeukaten aukera, konfinamendua hasi baino lehen—, eta 1978tik 1999ra artekoek, berriz, 2021eko abenduaren 11ra arte izanen dute horretarako beta —orain arte 2021eko irailera artekoa zuten—.

1978 eta 1999 arteko biktimen berrehun espediente inguru tramitatu zituen Jaurlaritzak otsailera arte, eta orduz geroztik jaso dituzte gehiago —ez dute zehaztu zenbat—. Biktimen eskariak aztertu behar dituen Balorazio Batzordearen egitekoa arautzeko dekretua ere otsailean onetsi zuen Jaurlaritzak. Batzorde horrek erabakiko du eskatzaileei biktima izaera aitortu ala ez, eta kalteen balorazioa egitea ere haren esku egonen da.

Honako baldintza hauek betetzen dituztenak hartuko dituzte giza eskubideen urraketatzat: «Motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan» izandako gertaerak, errepresio jardueran «funtzionario publikoek parte hartu» dutenak, eta eskubideen urratzearen ondorioz «pertsonen bizitzari, osotasun fisiko, psikiko, moral zein sexualari kalte egin» dietenak.

Elbarritasun larria aitortzen zaien lagunek jasoko dute kalte-ordainik handiena: 390.000 euroko laguntza; eta elbarritasun partziala dutenek kopururik txikiena, 35.000 eurokoa. Hilen senideek, berriz, 135.000 euroko ordaina izanen dute. Legeak osasun arreta integralerako eskubidea ere jasotzen du.

Legez kontrako errepresio egoeran eskubideak urratu zaizkiela frogatzeko, kaltetuek administrazio ebazpen bat edo ebazpen judiziala aurkeztu beharko dute, edo, bertzela, «zuzenbidean onartzen den beste edozein froga». Auzibideren bat zabalik dagoenetan, batzordeak eten eginen du eskarien tramitazioa.

Auzitegietan katramilatuta

Eusko Legebiltzarrak joan den urteko apirilean onartu zuen 1978tik 1999ra bitartean Poliziaren abusuak jasandakoei aitortza eta erreparazioa emateko legearen moldaketa. PP Moncloan zegoela, Espainiako Gobernuak helegitea jarri zion legeari, Auzitegi Konstituzionalean, eta zenbait artikulu bertan behera utzi zituen. 2018ko uztailean, Jaurlaritzak eta Pedro Sanchezen gobernuak adostu zuten legean moldaketa batzuk egitea, eta azkenean testuak aldaketekin egin zuen aurrera. Ciudadanosek eta PPk errekurtso bana aurkeztu zuten gero, arauak justizian esku hartzen zuela argudiatuta. Konstituzionalak tramiterako onartu zituen, baina oraindik ez du ebazpenik egin horien inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.