LABeko Irati Tobarrek eta Xabier Ugartemendiak azaldu dutenez, azken asteotan «elkarrizketa bide bat» zabaldu dute Eusko jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin, eta «greba eta mobilizazioei esker sortutako indarra» baliatuz langileen baldintzak hobetzeko «akordiorako oinarriak» jartzea lortu dute: «Aukerak daude adostasun zabalak lortzeko, langile guztien lan baldintzak hobetzeko xedez». Horregatik, sindikatuei mahai sindikalera deitzeko eskatu diote Hezkuntza Sailari, «hezkuntza legea langileekin eraiki dadin eta hezkuntzako langileen baldintzak adostu eta hezkuntza hobetzeko gaiak jorratzeko».
LABek gogorarazi du hezkuntza lege berria egiteko prozesua zabalik dagoela, eta apirilaren amaieran aurkeztuko dela horren aurreproiektua. Sindikatuak uste du bi direla «askatu beharreko korapiloak»: alde batetik, «lege on bat» lortzea, eta, beste aldetik, langileen baldintzak hobetzea.
Lehenengoari dagokionez, Ugartemendiak esan du lege zirriborroari ekarpenak egin dizkiotela: «Legeak segregazioari aurre egiteko neurriak jaso behar ditu, eskola publikoa erdigunean jarri, ituntze unibertsala amaitu, sare publiko bakar deszentralizatu eta burujaberanzko trantsizioa ahalbidetu eta euskal curriculuma, laikotasuna eta eskumenak izatea bermatu». Azaldu duenez, aurreproiektua aurkezten denean «sakon» aztertuko dute, eta horren arabera finkatuko dute sindikatuak zer jarrera duen horren inguruan.
Baina legearen zirriborroan langileen baldintzen inguruko aipamenik ez zegoela ikusita, bigarren alor horretan ere eragitea erabaki zuen sindikatuak: «Hainbat greba eta mobilizazio egin ditugu, eta langileek emandako erantzun paregabeari esker indarra sortu da Hezkuntza Sailarekin elkarrizketak izan eta lan baldintzen inguruko ekarpenak lantzeko». LABek ondorioztatu du elkarrizketa prozesu horretan «akordiorako oinarriak jartzea» lortu duela.
Tobarrek esan duenez, lan baldintzak hobetzeko neurriak eremu publikoan, itunduan eta azpikontrataturiko eremuan ezarri behar dira. Eremu publikoan, langile guztien lanpostuei eustea, funtzio bera egiten duten langileen soldatak parekatzea, kolektibo feminizatu eta prekarioenei aitortzarako neurriak ezartzea, langile guztiak euskalduntzeko urratsak egitea, jangelen kudeaketa publikorako azterketa egitea eta behin-behinekotasun tasa murriztea dira lortu beharreko helburuetako batzuk.
Eremu itunduan, berriz, sareetako langileen baldintzak parekatzeko, itundutako sarean langileen «sarbide gardena» bermatzeko eta itundutako ikastetxeak publiko bilakatzeko zabal daitezkeen prozesuetan langileen subrogaziorako eskubidea bermatzeko eskatzen du LABek. Azkenik, azpikontratatutako eremuan ereduaren inguruko eztabaida zabaldu beharko litzatekeela uste du LABek.
Hezkuntza Sailaren erantzuna
Azkar iritsi da Hezkuntza Sailaren erantzuna. Ohar baten bidez iragarri du «ahalik eta lasterren» dei egingo diela sindikatuei, «negoziazio eremuak elkarrekin aztertzeko eta euskal hezkuntza sistemak lortu nahi dituen hobekuntzetan eragin zuzena izango duen adostasuna lortzeko».
Sailaren arabera, «etengabe» izan du zabalik harremana hezkuntza sistemako eragileekin, baita sindikatuekin ere, eta elkarrizketa horren emaitza izan dira «legegintzaldi honetan Hezkuntza Sailaren eta langileen ordezkarien artean lortutako hainbat akordio». Horien artean, maiatzaren 26an irakasle funtzionarioen negoziazio mahaian gehiengo sindikalarekin sinatutakoa nabarmendu du.
LABek egindako eskaerari dagokionez, Hezkuntza Sailak uste du «dagoeneko fruituak eman dituen lan modu baten aldeko apustua» elikatzen duela horrek.