Egunotan harrabotsa sortu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epai batek: bertan behera utzi zituen Irungo Udaltzaingo zerbitzurako hamabi lanposturi ezarritako hizkuntza eskakizunak, euskaraz ez dakitenentzat «diskriminatzailea» dela argudiatuta. Auzitegiaren erabakia aztertu ondoren, Eusko Jaurlaritzak ohar bat kaleratu du, eta adierazi lan deialdiak indarrean dagoen legedia errespetatzen duela. Irungo Udalak helegitea jarriko du EAEko Auzitegi Nagusian, eta Jaurlaritzak esan du babesa emango diola.
Jaurlaritzaren arabera, herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen dekretuak dio udaltzain izateko lanpostuak lehentasunezkoak direla, jendaurrekoak direlako, eta, beraz, funtsezkoak «herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko».
EUSTATek 2016an argitaratutako datu ofizialen arabera, Irungo biztanleen %60,32k daki euskaraz; hau da, 2016an zituen 58.315 biztanleetatik 35.179k. Jaurlaritzak azpimarratu du euskararen ezagutzaren kopuru horrek lotura estua duela «udaltzain lanpostua lortzeko euskara jakiteko betebeharrarekin». Eta erantsi du: «Gaur egun, Irunen 88 udaltzain daude lantaldean, eta egiaztatu behar da horietatik 59k euskara jakitea, hau da, %67k». 2020ko datuen arabera, Irungo Udaltzaingoko 34 lanpostutan euskara jakitea ez da lanpostua lortzeko eskatzen den baldintza izan.
Jaurlaritzak adierazi duenez, egokitzat jo dute Irungo Udalak epaiari errekurtsoa jartzeko hartutako erabakia, «kontuan hartuta udaltzainek herritarrekin izandako harreman ia guztiak ahozkoak direla eta Irungo nahiz inguruko udalerrietako biztanleekin jardun behar dutela».
Harridura eta desadostasuna
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere ohar bat atera du, eta Eider Mendoza bozeramaileak epaiarekiko «harridura eta desadostasun irmoa» adierazi du, «orain arteko arauen eta sententzien interpretazio berri eta murriztaile bat» dela iritzita. Epaitegiak errespetatzen badituzte ere, ez dago ados emandako argudioarekin: «Administrazioko langile bati erkidegoko bi hizkuntza ofizialak jakitea eskatzea ez da, inolaz ere, diskriminatzailea». Eta azpimarratu du herritarrek eskubidea dutela aukeratuko hizkuntzan arta jasotzeko, euren hizkuntza eskubideak bermatuz. «Euskaldunek eskubide osoa dute zerbitzari publiko guztiekin euskaraz egin ahal izateko».