Eusko Jaurlaritzak sexu transmisiozko infekzioei (STI) lotutako informazio eta sentsibilizazio kanpaina bat abiatuko du uda hasieran. Egitasmo horren bidez preserbatiboa erabiltzeko beharra azpimarratuko dute, infekzio horiek ez transmititzeko «metodorik eraginkorren» gisa. Kanpainan, infekzio bakoitzak Tinder aplikazioko profil bana izanen du, eta, irudi horiekin batera, «Ez egin match STIekin» esaldia idatziko dute.
Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur egin du egitasmoaren aurkezpena. Horrekin batera, Hiesaren eta STIen Euskal Planaren Memoria 2022 aurkeztu du. Azaldu du dokumentu horretan bildu dutela STIen «hazkundea iraunkorra» izan dela 2000tik, eta hortaz erabaki dutela kanpaina martxan jartzea.
Erran duenez, klamidia bidezko infekzioa da azkeneko urteetan nagusi bilakatu den sexu transmisiozko infekzioa: iaz 1.514 kasu egon ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horrez gain, 2018 eta 2022 bitartean %177 gehiago dira gonorrearen diagnostikoak, eta %53 sifilisarenak.
Infekzio horiek gazteenei eragiten dietela baieztatu dute memorian: zehazki, diagnostikatzen den lau STItatik bat 15-24 urte bitarte detektatzen da. Hala, adin tarte horretan diagnostikatu ziren iaz klamidia kasuen %29,5, gonorrea kasuen %23 inguru eta sifilis kasuen %17.
GIBari dagokionez, 127 kasu egon ziren iaz Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan. Diagnostikoen bataz bertzeko adina 38,3 urtekoa izan zen; eta detektatu zituzten infekzio berrien %57 baino gehiago berantiarrak izan ziren. Hiesaren kasuan, 2022an 26 kasu berri diagnostikatu zituzten, eta bataz bertzeko adina 45 urteren bueltakoa izan zen.
Osakidetzako guneak
Osakidetzak gaur jakitera eman duenez, osasun etxeen %86 inguruk orain arteko ordutegia mantenduko dute udan, edo, bertzela, arratsaldean ordu batzuk lehenago itxiko dute. Profesionalen atsedena eta udan egon daitezkeen pazienteen beharrak kontuan izanik hartu da erabakia.