Hedabideen bidez zabaldu da egunotan berria, eta baieztatu egin du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak: Eusko Jaurlaritzak abian du eskola publikoetan eta itunpekoetan soldatak parekatzeko prozesua, eta aurrekontuen legean erreforma bat eginda bideratu nahi dute, hain justu ere, aldaketa hori.
Zabaldu diren albisteen arabera, aldaketa horren bidez 68 milioi euro gehiago izango dituzte itunpeko eskolek, langileen soldatak eskola publikoetako langileenekin parekatu ahal izateko. Horretarako aldaketa bat egin behar denez aurrekontuen legean, Ogasun Sailarekin adosten ari dira erreforma hori. Zehazki, legearen 25. artikulua moldatzea da asmoa, itunpeko eskolen finantzaketaren gainekoak hor baitaude zehaztuta. Uztailean hasi zuten prozesua, eta, zabaldu diren berrien arabera, aldaketa horiek lehenbailehen findu eta onartzeko bidean jarri nahi ditu administrazioak.
Hezkuntza Sailak ez du baieztatu kopurua. Asteon Hezkuntza sailburuak agerraldi bat egin du Etxebarrin (Bizkaia), eta adierazi du «beharrezkoa bada» irailean emango dituela legearen egokitzapen honi buruzko argibide gehiago. Ogasun sailburu Noel D'Anjouk eman ditu hedabideetan erreformari buruzko argibideak. EAEko Hezkuntza Legea onartu zen joan den urtearen amaieran Eusko Legebiltzarrean, eta esan du erreforma zera dela, lege horrek ezarri duen esparrura egokitzeko egin behar diren urratsen parte.
Legearen «helburuak»
Eztabaida luze baten emaitza izan zen lege berria, eta EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zen azkenean. Legearen sorburu izateko asmoz adostu zuten akordioa ontzat jo zuten Elkarrekin Podemos-IUk eta EH Bilduk ere, baina ez zioten oniritzirik eman azken testuari. Orain Ogasun sailburuak esan du lege horrek ezarri gura dituen «ildo estrategikoak eta helburuak» gauzatzeko bidea izango dela aldaketa. Gogora ekarri du aurten Jaurlaritzak aparteko ahalegina egin duela itunpeko eskolekin akordioak izenpetzeko, eta gaineratu hor adostutakoak osatzea dela orain lantzen ari diren erreformaren xedea.
Hezkuntza lege berriaren helburuetako bat da Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eratzea. Dokumentuaren arabera, hezkuntzarako funtsezko eskubidea bermatzen duen zerbitzua da, ikastetxe publikoen eta pribatu itunpekoen bidez gauzatzen dena. Azken horietan, administrazioak oso-osorik finantzatuko ditu nahitaezko ikasketak, eta, bide horretan, itunpeko ikastetxeek baldintza batzuk bete beharko dituzte; besteak beste, ezingo dute kuotak ordaintzeko edo fundazioei edo elkarteei ekarpenak egiteko betebeharrik ezarri. Hain justu ere, segregazio motibo dira kuota horiek, eta kezka iturri hezkuntza eragileen artean. Eskolek eskainiko dituzten lekuei dagokienez, legean jasota dago, halaber, Hezkuntza Sailari dagokiola horiek zehazteko lana.
Itunpeko eskoletako ordezkariek behin baino gehiagotan azaldu dute finantzaketa handitu behar dela, kuotak-eta guztiz desagerrarazte aldera. Hain justu ere, kobratu egiten dira oraindik ikastetxe askotan. Lege berriaren helburuekin bat egin dute, hala ere, eta nabarmendu prest daudela legea ezartzeko prozesuan egin beharreko aldaketak egiteko.
Legearen kontra ozen egin dute eskola publikoaren defentsan ari diren eragileek. Legea idazteko prozesuan, behin baino gehiagotan eskatu zuten bestelako lege bat osatzeko, eta behin onartuta ere gogor kritikatu dute. Maiatzean Durangon egin zuten agerraldian (Bizkaia), esaterako, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kideek salatu zuten eskola publikoarentzat «guztiz kaltegarria» dela: «Gobernu batek ezin ditu parekatu bi hezkuntza sareak, gauza bera balira bezala». Sistema publikoaren aldeko urrats sendoak eskatu zituzten. «Ikastetxeen publifikazioari bide emango liokeen araudi bat sortu behar da, eta publifikazio dinamikak bultzatu».